Futbola. Osasuna Kopako finalean

LORIA HATZ MAMIEZ UKITU ZUENEKOA

Osasunak luzapenean galdu zuen orain arte jokatu duen Kopako final bakarra, Betisen aurka. 2005ean izan zen, Vicente Calderon zelaian. Krutxaga eta Webo harro daude egindakoaz: «Abentura itzela izan zen». Ezin izan zioten, ordea, ginga jarri, «esperientzia falta» zela medio.

Pierre Webo baloiarekin, Betiseko Juanitok helduta duela. VICTOR LERENA / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Ilusioa eta zirrara handituz doaz zale gorritxoen artean. Ez da gutxiagorako, datorren larunbatean Osasuna Espainiako Kopako txapeldun bihur daitekeelako lehen aldiz. Lehenaldian ere izan zuen horretarako aukera; 2005eko ekainaren 11n, zehatz-mehatz. Betisen kontra neurtu zituen indarrak, Vicente Calderon estadioan. Udaberri gau bateko amets gozoa izan zen. Bukaera mingotsa izan zuen, ordea: tituluak luzapenean ihes egin zion. Madrilera oldean joaniko zaleek esku hutsik itzuli behar izan zuten etxera. Alabaina, finalera iriste hutsa garaipen handia izan zen nafarrentzat. Orduko gomutak garaikurrak balira bezala dauzkate gordeta oroimenean.

Zaleentzat ez ezik, futbolarientzat ere esperientzia ahaztezina izan zen. Hala baieztatu dute talde hartako jokalarietako bik, Cesar Krutxagak (Ezkaroze, Nafarroa, 1974) eta Pierre Webok (Bafoussam, Kamerun, 1982). «Txikitasunean handi» sentitu zirela nabarmendu du Krutxagak. «Osasunaren pareko talde apal batean, oso zaila da igoerez eta salbazioez gain beste ezer ospatzea. Guk, ordea, abentura itzela izan genuen Kopa hartan. Garai zoragarriak etorri ziren gero, Ligan eta Europan. Halere, Kopako final batek dakarren guztia oso berezia da». Weborentzat ere aparteko esanahia izan zuen: «Europan jokatu nuen lehen finala izan zen, eta emaitza alde batera utzita, oso oroitzapen onak ditut. Betis oso aurkari indartsua zen, eta bukaerara arte borrokatu ginen. Oso harro nago talde haren parte izan nintzelako».

Finalak ikusmin handia piztu zuen Nafarroa osoan. Hainbat astez, futbolzale ez zirenen arreta ere erakarri zuen Javier Aguirreren taldeak. Jokalariak herriz herri ibili ziren, eta zaleen berotasuna sentitu zuten han eta hemen. Webok ondo gogoan du. «Osasuna ez da Iruñeko taldea bakarrik: nafar guztiena da. Horregatik, batetik bestera ibili ginen, autografoak sinatzen, zaleekin argazkiak ateratzen... Entrenamenduak ere izan genituen zenbait herritan. Jendea gain-gainean genuen, eta oso babesturik sentitu ginen; magikoa izan zen».

Finalerdiak irabazi orduko, amets egiteari ekin zioten zaleek. «Ikaragarria izan zen. Sadarren 1-0 irabazi genion Atleticori, eta, gero, hutsean berdindu genuen Calderonen. Heroiak bagina bezala hartu gintuzten etxean. Osasunak on egin zien orduan nafarrei».

Kluba aurrenekoz sailkatu zen final handi baterako, eta, Krutxagaren esanetan, «eromen hutsezko asteak» bizi izan zituzten. «Taldearen oinarria etxeko lagun talde bat zen. Batera genbiltzan gazte mailatik, eta ezustean harrapatu gintuen finalaren inguruan sortu zen zoramenak. Jokalari asko sekula halakorik bizi gabeak ginen, eta zorabiagarria izan zen». Webok gaineratu duenez, ordu hartan ez ziren erabat ohartu lorpenaren garrantziaz. «Futbolaz eta bizitzaz gozatzen zuen gazte talde bat ginen. Entrenamenduen ostean, elkarrekin pintxoak jatera joaten ginen, eta, gero, kartetan aritzen ginen gutako norbaiten etxean. Hain gazte eta zoriontsu ginen, ezen ez baikinen guztiz jabetu finala jokatzeak zuen garrantziaz».

Sortu zen harrabotsak gorritxoen jardunari eragin zion. Hala azaldu du Krutxagak. «Oihartzun mediatiko handia izan zuen partida hark, eta sekulako giroa sortu zen. Esan bezala, egoera berria zen guretzat, eta perspektibarekin ikusita, uste dut horrek guztiak gainditu egin gintuela. Betisekoek eskarmentu handiagoa zuten alde horretatik, eta egin beharrekoa garbiago zuten». Mailari zegokionez ere, koska bat gorago zegoen Llorenç Serra Ferrer teknikariak zuzentzen zuen taldea. «Joaquin, Oliveira, Edu, Denilson, Dani… Sekulako jokalariak zituen. Betisen aurrekontua gurea halako hiru zen», nabarmendu du Webok.

Aloisiren gol apoteosikoa

Haatik, nafarren aurkariak ere ez zuen aparteko distirarik izan zelaian. «Ez zen partida polita izan», gogoratu du Webok. Bat dator Krutxaga. «Partida itsusia eta gatzik gabea izan zen. Oso aukera gutxi izan genituen bi taldeek. Ligan talde gogor eta borrokalaria ginen orduan, baina neurketa hartan ez ginen gu izan. Konfiantza txikia izan genuen. Azkenean, bizpahiru xehetasunek baldintzatu zuten finala».

Gero itzali egin zen, baina hasiera bizia izan zuen partidak, eta gorritxoak hobe zelairatu ziren. Betis zokoratzen saiatu ziren, bultzaka. Apenas sortu zuten arriskurik, ordea. Aukerak eta golak bigarren zatian iritsi ziren. Moralesek bi abagune on izan zituen nafarrak aurretik jartzeko, baina ezin izan zuen zulatu Doblasen atea. Betisen jokalaririk arriskutsuena Oliveira aurrelari brasildarra izan zen, eta baloia sareratu zuen 75. minutuan. Gola ez zen jokaldi landu baten emaitza izan, Krutxaga eta Juantxo Elia atezainaren gaizki-ulertu baten ondorioa baizik. «Elia atepetik atera zen, eta, baloia urrundu behar zuela uste nuenez, gelditu egin nintzen ni. Huts handia izan zen, eta oso nahigabetuta joan nintzen etxera».

Nolanahi ere, Osasunak esan gabe zuen oraindik azken hitza, eta Betisen golari ihardetsi zion 84. minutuan, Aloisiren burukada batekin. Ondo gogoan du Webok. «Nire ordez zelairatu berria zen Aloisi, eta, hark gola sartuta, zoratu egin ginen denok. Sekulako esprinta egin nuen harengana iristeko». Krutxagarentzat, hura izan zen egun hartako momenturik ederrena. «Zorionak hartu gintuen. Harmailetako burrunba ikaragarria izan zen. Ia merezi gabe iritsi zen gola, bukaera-bukaeran, eta luzapeneko ateak ireki zitzaizkigun».

Amets egiteari ekin zioten berriro nafarrek. Penalti jaurtiketen alde egin zezaketen, baina bigarren gola sartzen saiatzea hobetsi zuten. Kukuak oker jo zien. «Erasoan ari ginen. Irabazi egin nahi genuen. Eta Betisek kontraerasoan jo gintuen», azaldu du Webok. Daniren gola antzera oroitzen du Krutxagak. «Gorantz egin genuen, nabaritu baikenuen garaitzeko gola sartzeko tenorea zela. Jokaldi bakan batean sartu ziguten gola. Bost minutu baino ez ziren gelditzen, eta partidak ihes egin zigun».

Oro har, «erabakimena» falta izan zitzaiela uste du Krutxagak. «Ez genuen sinetsi txapeldun izan gintezkeela». «Hasiberrien hutsak» egin zituztela deritzo Webok. «Liluratuta geunden giroarekin, eta agian, ahaztu egin zitzaigun partida jokatu eta irabazi egin behar genuela. Halere, bukaerara arte egon ginen bizirik, eta lasai asko irabazi ahal izan genuen».

Esker ona, lehen eta orain

Txapeldunorde izateak sentipen gazi-gozoak utzi zizkien. Horren urrun iritsi izanak eragindako harrotasuna porrotaren saminarekin nahastu zitzaien, kamerundarrak azaldu duenez. «Madrilera bidaiatu zuten zale guztiei eskaini nahi genien garaipena. Gainera, sanferminak Kopako tituluarekin ospatu nahi genituen». Krutxagari «pena handia» eman zion «horren gertu» geratu izanak. Taldeko kapitaina izaki, hark altxatuko zukeen garaikurra. Etxean zintzilikatzeko moduko argazkia zatekeen.

Halakorik ezean, harmailen irudiak dauzka oroimenean iltzaturik. «Zirraragarria zen burua altxatu eta gorriz koloreztatutako harmaila hura ikustea». Galdu ostean zaleek egindako harrerak hunkitu zuen gehien Webo. «Betirako arrastoa utzi zidan. Jendeak amets egin zuen gurekin, eta oso esker onekoa izan zen». Zaleek estimu handia diete oraindik orduko jokalariei, eta txaloz hartu zituzten ostiralean, klubak egin zien omenaldian.

Final hura gogoan izanik, zer aholku emango liekete maiatzaren 6an Real Madrilen aurka ariko diren jokalariei? «Esango nieke Real Madril ez dela menderaezina, eta gai direla partida irabazteko. Egiten dakiten hori egin dezatela», esan du Krutxagak. Webok, berriz, «gozatzeko» eta «dena emateko» adieraziko lieke. «Urteko lehiarik politena da, eta gozatu egin behar da. Amets egin dezatela tituluarekin, eta sinets dezatela. Loriaren bila joateko esango nieke».

Kamerundarrak telebistaz ikusiko du finala. Krutxaga, berriz, zale bat gehiago izango da Sevillan. «Gogo handia dut halako partida bat harmailan nola bizi izaten den ikusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.