«Oraindik ez dut sinisten» esanez amaitu du goiza Lorena Wiebesek (SD Worx), Milan-Sanremo klasiko handiaren lehen edizioaren garaileak. Egungo txirrindularirik azkarrenak esprintetan lortu du udaberriko klasiko handienetako horren garaipena, Marianne Vosen (Visma) aurretik pasatuta eta bizikleta baten aldea aterata. Noemi Ruegg (EF) suitzarrak itxi du podiuma.
Faborito gehienak elkarrekin iritsi dira, lasterketaren buruan, azken jaitsierara, Poggio di Sanremo jaitsierara. Eroriko bat izan da bertan, eta gutxi batzuk atzean geratu dira. Helmugatik lau kilometrora, Elisa Longok (UAE) erasoa jo du, eta metro batzuen aldea atera dio faboritoen taldeari. Hala iritsi da azken kilometroko lerrora, eta, lasterketa irabazi behar zuela bazirudien ere, luze egin zaio azken kilometroa. Berrehun metroren faltan aurreratu dute, eta hor hasi da esprinta. Europako eta Munduko txapeldunak zeuden tartean, besteak beste: Lorena Wiebes eta Lotte Kopecky (SD Worx) taldekideak.
Kopeckyk zuzendu du tropela Longo harrapatzeko lanetan; behin hori eginda, Wiebes eta Vos izan dira aurrea hartu dutenak, eta haien kontua izan da. Esprinta nahiko kaotikoa izan da, ez oso antolatua, baina Europako txapeldunak irabazi du lasterketa. Profesionaletan ehungarren garaipenetik gertu da Wiebes, gaurkoarekin 98 bildu baititu; ia ziurrenik aurten iritsiko da zenbaki horretara.
Milan-Sanremo berritua
Gaurkoa emakumezkoen lehen mailako lehen Milan-Sanremo izan da. Zazpi urtez, 1999tik 2005era, Primavera Rosa izeneko lasterketa pribatu bat egon zen, nahiz eta Munduko Koparako puntuak banatzen zituen. Gaurkoa, lehen edizioa, maila handikoa izan da; alde batetik, tropel profesionaleko txirrindulari onenetakoak izan direlako bertan, eta, bestetik, World Tourreko lasterketa izan delako.
Izan ere, izen handia da Milan-Sanremo, gizonezkoen lasterketaren historiagatik. Denboraldiko lehen monumentua da, eta txirrindularirik onenak izan dira garaile historikoki. Gaur, emakumeek 156 kilometroko ibilbidea egin dute, eta badirudi denboraldiko zita handienetako bat bihurtuko dela.