Txirrindularitza. Euskal Herriko itzulia

Lore zimelak eta kimu berriak

Zornotzan hasiko eta bukatuko da Itzuliko gaurko etapa, 2020an bertan behera gelditu zen Udaberri Klasikoaren gisara. Xamurki gogoratzen du Marino Lejarretak, lasterketa hartan erori egin zen arren.

Jonathan Hivertek irabazi zuen Zornotzan jokatzen zen Udaberriko Saria lasterketa. 2019an korritu zen azken aldiz. ALFREDO ALDAI / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Egun bakarreko lore preziatua zen Udaberri Klasikoa. Haren lurrinak goi-mailako txirrindulari asko erakartzen zituen Zornotzara (Bizkaia). Han izaten zituen irteera eta helmuga, eta Itzuliko gaurko etapak keinu egingo dio. 1946an loratu zen aurrenekoz, eta 65 aldiz jokatu, harik eta 2020an ihartu zen arte. Ez zeukan nork ureztatu, ezta nondik edan ere: antolatzaileek giza baliabide eta babesle faltarengatik utzi zuten bertan behera. Halere, bihotzean gorde zuten zale eta txirrindulari askok. Horietako bat da Marino Lejarreta (Berriz, Bizkaia, 1957). «Estimu berezia» zion Zornotzako probari. «Hango taldean hasi nintzen txirrindularitzan, eta klasikoa gauza handia zen niretzat. Urtero lehiatzen nuen. Harreman estua nuen Zornotzako ziklismoarekin».

Ez zen lasterketa bat gehiago; irabazleen zerrendari gainbegiratua ematea aski da horretaz jabetzek: Txomin Perurena, Julian Gorospe, Fede Etxabe, Laurent Jalabert, Joaquim Rodriguez, Alejandro Valverde... eta Lejarreta bera. «Izen handiko proba zen, eta oso gustura lehiatu nuen», azpimarratu du berriztarrak. «Etxeko klasikorik sonatuena zen, Ordiziakoarekin batera». Dezentez geroago sortu zen Donostiako Klasikoa, 1981ean.



Itzulia finitu eta biharamunean lehiatzen ziren txirrindulariak Zornotzan, eta horrek mesede egiten zion probari, Lejarretaren esanetan. «Antolaketa aldetik ondo lan eginez gero, talde handiak prest egoten ziren Euskal Herrian beste egun batez gelditzeko». Zailtasunak ere baziren, ordea. «Paris-Roubaixen egun berean jokatzen zen askotan. Gainera, ahalegin ekonomiko handia egin behar zen talderik onenak konbentzitzeko».

Ibilbidea antzekoa izaten zen urtero: lehen zatia ordekan egiten zuten txirrindulariek, eta bukaeran, hiru aldiz igotzen zituzten Muniketa eta Autzagane. Azken horren gaina helmugatik bost kilometro eskasera izaten zen. «Ibilbide bizia zen, eta joko handia ematen zuen. Esprintean erabakitzen zen batzuetan, eta banaka iristen ginen beste batzuetan». Adimena eta indarra uztartu behar ziren helmugan besoak altxatzeko. «Taktikoki lasterketa konplexua zen. Kontrol zorrotza izaten zen zirkuituko azken itzulian, eta ez zen erraza alde egitea. Eta aurrez eraso eginez gero, luze egiten zen Zornotzatik pasa eta ordekan egin beharreko tartea».

Ikusi gehiago:Iritzia, Eneritz Iturriagaetxebarria: 'Oso-oso bizkor doaz'

Lejarretak 1989an irabazi zuen, Caja Ruralen maillotarekin. Aitortu duenez, ez zegoen «sasoirik onenean», baina alde izan zuen «zortea», eta «argi» jokatzea. «Faboritoa Etxabe zen, eta Alvaro Pino harentzat ari zen lan egiten. Etxabe atzean gelditu zen maldan gora, eta Pinok, atzetik aurrera egin, eta erasoa jo zuen. Bere bila atera nintzen, eta erabaki horri esker lortu nuen garaipena. Bestela, Etxabek bai ala bai irabaziko zidan». Esprintean gailendu zitzaion Lejarreta Pinori, Lau segundora iritsi zen Etxabe.

Igoera ezagunak gaur

Txanponaren beste aldea bizi izan zuen Lejarretak 1992ko aldian. Urte bukaeran erretiroa hartzeko asmotan zen, eta agurreko denboraldia erabat okertu zitzaion Autzaganen behera. Euria ari zuen, eta irristakor zegoen errepidea. Lurrera joan zen Lejarreta, bizikletak brastakoa egin ostean, errepideko bazter-babesa jo zuen bizkarrarekin. Zortzi saihets hautsi zituen, eta orno batean min hartu zuen. «Aurrerago Espainiako Vueltan aritzekoa nintzen, eta burua han neukan jada. Ziurrenik horregatik izan nuen istripua. Erabaki txarrak hartu nituen, eta ezin izan nuen kolpea saihestu». Ezbeharrak ez zuen aldatu berriztarraren eta Udaberri Klasikoaren arteko lotura. «Anekdota hutsa izan zen. Ez zizkidan oroitzapenak ilundu».

Bada, Lejarretaren akatsetik ikastea hobe dute Itzuliko txirrindulariek, arretak garrantzi handia izango baitu gaurko etapan. Hala azaldu du berriztarrak. «Oso biziak izango dira azken kilometroak, eta lasterketa apurtzeko eta erasoka aritzeko aukera izango da». Gaurko ibilbideak apenas duen antzik Zornotzako klasikoan egiten zutenarekin. Nolanahi ere, Muniketa eta Autzagane igo beharko dituzte txirrindulariek, nostalgikoen gozamenerako. Bata etaparen hasieran igoko dute, eta bestea, helmugarako kilometro gutxi batzuen faltan.

Klasikorik gabe geratu arren, eliteko ziklismoaren topagune izango da aurten Zornotza. Gaur Itzulia hartuko du, eta uztailean, handik abiatuko da Frantziako Tourreko hirugarren etapa. «Tourreko irteera izateak sekulako garrantzia dauka. Mundu guztian agertuko da Zornotza. Sari bat da bertako txirrindularitza elkartearentzat, eta opari bat zale guztiontzat», esan du Lejarretak. Itzuliko eta Tourreko etapak loraldi berri baten hasiera izan daitezke? «Hutsunea utzi zuen klasikoak, eta gauzek horrela jarraituz gero, etorkizunean agian bueltan etorri daiteke berriro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.