Denboraldia garaipen batekin itxi du Tadej Pogacarrek, urteko azken monumentu handia irabazita. Joan den urtean ere Fausto Masnada eta Adam Yates txirrindularien aurretik iritsi zen Pogacar Bergamon; esloveniarrak Lombardiako Giroa lehenengoz irabazi zuen aldia izan zen hura, eta, handik, urtebetera, bigarrengoz egin du balentria 24 urteko txirrindulariak.
Pogacarren taldeak, UAEk, lasterketa gogortu eta tropela murriztea lortu du. Helmugarako hamalau kilometro falta zirela iritsi dira Civiglio gainera, Pogacar eta Mas lehenengo, eta Landa segundo batzuk atzerago; hala ere, Murgiako (Araba) txirrindulariak aurreko biak harrapatu ditu jaitsieran. Pogacarrek Masen erasoei eutsi die, eta Landa atzean geratu da berriro. Mas Pogacarren gurpilean sartu da helmuga gerturatzen zebilela, baina ezin izan du esloveniarraren abiadura gainditu, eta eskuak altxatzeko denbora izan du Pogacarrek bigarren Lombardia eta hirugarren monumentua ospatzeko.
Denboraldi zaila goxatzen
Amaitu berri duen denboraldian Pogacarrek ezin izan du aurreko bietan erakutsi zuen mailara iritsi. 2020ko irailaren 20an, 20 urte bete aurreko egunean, bere ibilbideko lehen itzuli handia, Frantziako Tourra, irabaztea lortu zuen Pogacarrek, azken erlojupekoan Primoz Roglic aberkideak La Planche de Belles Filles mendatean egindako denbora suntsituz. Lehendik ere, 2019ko Espainiako Itzulian, erakutsia zuen Pogacarrek gauza handiak egiteko gai zela, hiru etapa irabazi baitzituen orduan, mendateen gainetan denak. 2021ean ere Frantziako Tourra irabazi zuen Pogacarrek, baita Tirreno Adriatikoa eta Lieja-Bastogne-Lieja monumentua ere. Tokioko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen, eta Lombardia irabazten amaitu zuen denboraldia, aurten egin moduan.
2022a Strade Bianche irabazten hasi zuen, baita Tirreno Adriatikoa ere, eta Frantziako Tourrean maila ona erakutsi zuen lehen astean. Hala ere, 11. etapan ezin izan zion Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) danimarkarraren erasoari erantzun Col du Granonen, eta maillot horia kendu behar izan zuen. Amaierara arte erasokor ibili zen Pogacar, baina ezin izan zion behar bezainbeste denbora kendu Jumboko txirrindulariari, eta bigarren amaitu zuen Parisen.