Olatz Artola Apeztegia.

Lo lololo

2024ko apirilaren 10a
11:10
Entzun

Hilabete pasatu da Iseo & Dodosound-en Bilboko Fever aretoko kontzertutik. Analisi hau ez dago Bilbotik idatzia, Sevillatik baizik. Eta bai, Sevilla tiene un color especial, bereziki azken egunotan: zuria eta gorria. Trianako zubia euskal herritarrez lepo, azkenekoz, Espainiako 2022-2023ko Kopako finalaren aitzakian izan zen. Real Madril-Osasuna, orduan; Athletic-Mallorca, oraingoan. Zubiari begira, zaleen oihu, kantakera eta bengalekin, ezin ez gogoratu nafarren kontzertuarekin.

Hainbat bertsio kantu originalak baino gehiagotan playeatu ditugu millenial boomer askok. Pentsa, orduan, Z belaunaldikoek. Entzun akaso ez, horiek izan baitira nahi ala ez nire eta gure komunitatearen bizi melodia, eta eskerrak. Baina mp3etako edo Spotify-ko kantu zerrendetan Anarik Txinaurrirako sortutako Aintzinako Bihotz, Willis Drummonen Gazteasuna eta zahartasuna, Izaki Gardenak taldeak bertsionatutako Bihotz, Deloreanen Kantuz, eta Txoria txori-ren Bravaren edo Iseoren moldaketa.

Horren zergatiari Rocio Quillahuamanek Marrón liburuko pasarte honek erantzun diezaioke: «Limako nire auzoan denbora guztian entzuten zen reggaetona, baina nik ez nuen entzuten. Sortu ginenetik musika hori ezagutu bagenuen ere, nahiz eta hitzak jakin eta leku guztietan entzun, ezin zitzaigun gustatu. Oso kontziente nintzen musikak nola  banatzen zuen gizartea. Arrazakeria eta klasismoa gure eguneroko bizitzaren alor guztietan islatzen zen, baita musikan ere.» Ez dakit, gutako asko triki doinuekin orain ari gara adiskidetzen, eta ‘Goazen’ kultur transmisiorako kanal egokia dela gero eta zalantzagarriagoa da. Gehiago du irekiduratik jarraitutasunetik baino, ez duzue uste?

Iseok zuzenean kantatu zuen Txoria txori. Ahots hauskor bezain indartsuaz; gitarra eta ahotsa, besterik ez. Hegoak ebaki dizkiguten une horietara guztietara bidaia egitea eta geure burua besarkatzea izaten zebilen Iseo entzutea. Ariketa intimista kolektiboa. «...Hegoak ebaki banizkio/ nerea izango zen/ ez zuen alde egingo./ Bainan honela,/ ez zen gehiago txoria izango./ Eta nik…» Begi bustiak sekatu egin zitzaizkigun, eta ile tentetuak azalean etzan, azkar batean, Iseori moztu eta gizon talde batek «eta nik!» oihukatzean.

Lau lagun joan ginen kontzertura. Horietako batek, gu bezain hotz, hau esan zuen: «Ez nekien kantu honetan ere ETAri erreferentzia egiten zitzaionik». Barricadaren No hay tregua garaien 2.0 bat balitz bezala. Esan genion ez zela ETA, futbola zela. Futbola eta gizonak. Euskal taldeen ereserki bilakatu dela, nolabait, kantua eta, antza, ezin dutela agresibitaterik gabe kantatu. Zortekoa laguna, ordura arte errealitate hori ezagutu gabea baitzen.

Sevillan «eta nik» eta «lololo» gehiegi entzun ditugu. Lepoan zain puztu gehiegi ikusi. Eta, bai, futbola da, baina bereziki gizonak dira. Duela bost urte, 2019an, Realeko neskek irabazitako Espainiako Kopan ez baitzegoen horrelako girorik. Partida aurretik, esaterako, jokalarien autobusa iristear zela, hamar gizon inguruk errepidea hartu zuten, eta oihuka hasi ziren besoak zabalduta. «Ei, honela ez. Animatzera!», esan zieten orduan Realeko jokalaria zen baten lagun kuadrillak. Ez ebaki gehiago kantuak, eta bai aldatu tonuak. La la lara, laralala la lara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.