Trihas Gebre

Lokatzetan, pistan bezala

Kros denboraldi ona egin du Gebrek, eta Espainiako txapela bosgarren aldiz irabazita borobildu du. Hilaren 30ean Munduko Txapelketan parte hartuko du, 2015ean lortutako 15. postua hobetzeko asmoz.

ESTEBAN MARTINENA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Askotan esan izan du Trihas Gebrek lur eta belar bideak nahiago dituela tartanezkoak baino. Edo, beste modu batera esanda, atletismo pistetan korrika egitea baino gustukoago dituela krosak. Eliteko atletismotik bizibidea lortzeko, baina, ezinezkoa da pista eta asfaltua zapaltzea.Hala ere, Gebrek ez dio uko egiten lokatzari, eta herenegun Espainiako kros txapeldun izan zen bosgarren urtez jarraian.

Bere ibilbideko kros sasoirik onena egin du aurten Gebrek. Abenduan, 12. izan zen Europako Txapelketan, eta hainbat postu on kateatu ditu ondoren. Alcobendasen (Espainia) hirugarren izan zen; Italicako krosean, seigarren; eta Zornotzakoa irabazi zuen. Ginga herenegun jarri zuen, Caceresen (Espainia). Zirkuituko lehen itzulian ireki zuen tartea eta bakarrik egin zituen ibilbideko 10.050 metroak. 33.07ko marka egin zuen, eta 43 segundoren aldea atera zion Irene Sanchez-Escribano bigarren sailkatuari. Bigarren euskal herritarra Estela Nabaskues tuterarra izan zen,seigarren, 1.10era.

Gebrek hasieratik zuen irabazita lasterketa, eta bere buruaren aurka lehiatu zen. Martxoaren 30ean Munduko Kros Txapelketetan parte hartuko du Aarhusen (Danimarka), baina gaur-gaurkoz, nazioarteko elite handiaren atzetik dago. «Duela lau urte hamabosgarren izan nintzen, eta aurten ere ondo aritu nahiko nuke. Baina badakit Afrikako atleta asko oso indartsu daudela», onartu zuen atzo Gebrek. Europakoan hamabigarren izan zen; beraz, ordukoan baino hobeto aritu beharko du helburua bete nahi badu, Munduko Txapelketan maila asko igotzen baita Afrikako atletekin.

Gebrek langa goian jarri du Munduko Txapelketarako, baina kronometroak garbi uzten du egun iragan abenduan baino sasoi hobean dagoela. 2015eko erreferentzia gogoratu zuen atzoko adierazpenetan, baina ezin da ahaztu duela bi urte 20. izan zela. Ondorioz, faborito handien osteko tropela eskura izan dezake. Munduko Txapelketa, gainera, albistea izan da azken egunotan, ibilbidean museo baten gainera igoko baitira korrikalariak. Museoak belarra du teilatuaren gainean. Sebastian Coe Nazioarteko Atletismo Federazioko (IAAF) presidenteak krosa olinpiar programan sartu nahi du 2024rako, eta halako apustu berritzaileak erakargarriak dira hiri barruetan zirkuituak diseinatu ahal izateko.

Munduko Txapelketako sasoiko azken krosa da, eta ikusteko zegoen Gebrek ondoren maratoia eta 10.000 metroko probak lehenetsiko zituen. Bada, pistara joko du. «Aurten, pistako 10.000 metrokoa prestatuko dut. Apirilaren 13an Espainiako Txapelketan parte hartuko dut Burjassoten (Herrialde Katalanak), eta Munduko Txapelketarako sailkatzeko gutxieneko marka egiten saiatuko naiz». Horretarako 31.50eko marka hobetu beharko luke. Gebreren 10.000 metroko markarik onena, pistan, 32.03 da, 2013an lorturikoa; baina aurten, errepidean, 31.39koa lortu du. Marka hori da bere sasoi onaren froga, eta, apirilean marka hori berdintzen badu, Dohan egongo da irailean. Orain arte 10.000 metroak izan dira proba kutuna. Distantzia horretan hartu zuen parte Rioko Olinpiar Jokoetan —29. izan zen— eta 2015eko Munduko Txapelketan —16. izan zen—.

Gebreren eboluzio logikoa, baina, maratoia da. 29 urteak beteak ditu, eta adin horrekin korrikalariak distantzia are luzeagoetan pentsatzen hasten dira. Berak ere esana du 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan maratoian parte hartu nahi duela, baina oraindik asko duela ikasteko. Egia da, baina lehen saiakerak oso onak izan dira. Iragan abuztuan bere ibilbideko bigarren maratoia egin zuen Berlinen, Europako Txapelketan, eta 2.32.13ko marka egin zuen. Marka ona da. Urrunago joan gabe Munduko Txapelketan parte hartzeko langa 2.37.00 da.

Doha da aurtengo geltokia, Munduko Txapelketa; esan bezala, baina, kirolari asko Tokiora begira daude zeharka bada ere. Nazioarteko Atletismo Federazioak sailkatzeko gutxieneko markak jakinarazi zituen herenegun, eta oso exijenteak dira. Gebreren probetan, esaterako, 10.000 metroko langa 30.25ean jarrita dago, eta maratoikoa, 2.29.30ean. Hain marka gogorren azalpena sailkatze sistema berriaren ondorio da. IAAFek puntu sistema ezarri nahi du sailkatzeko, txapelketa eta bilkura ezberdinen araberakoa, eta sailkatu nahi duten atletek bilkura horietan lortu beharko dituzte puntuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.