Lokatzetan lorratza utzi zuten

Etzi ziklo-kros proba jokatuko da Beran, eta, hori baliatuz, 1974ko Munduko Txapelketaren 50. urteurrena ospatuko dute. Beratarrek oroitzapen gozoak dituzte, baita Juan Gorostidik ere: bederatzigarren izan zen. «Baserri baten barrutik pasarazi gintuzten».

Beran jokatu zen Ziklo Krosseko Munduko Txapelketako irteera. BERRIA
Beran jokatu zen Ziklo Krosseko Munduko Txapelketako irteera. BERRIA
enaut agirrebengoa
2024ko abenduaren 12a
05:05
Entzun

Ziklo-krosak tradizio handia du Beran (Nafarroa). 1947an antolatu zuten lehen lasterketa diziplina horretan, eta, gerora, Errege egunez proba bat jokatu zen urtero. 80ko hamarkadan, berriz, errepideko hainbat izar aritu ziren Berako lokatzean, ziklo-kroseko euskal ziklistarik onenekin batera: Bernard Hinault, Sean Kelly, Marino Lejarreta… Momentu gorena, ordea, 1974ko Munduko Txapelketa izan zen. Aste batzuk lehenago Espainiako Txapelketa hartu zuen Berak, eta otsailaren 24an, mundu mailako ziklo-krosaren epizentro bihurtu zen. Proba Gure Txokoa elkarteak antolatu zuen, baita ondo antolatu ere: txirrindularitzako agintarien laudorioez gain, kirol klubik onenaren saria jaso zuten Espainiako kirol kazetarien partetik.

Juan Gorostidi ere (Donostia, 1945) sari bila ibili zen. Hura, bizikleta gainean: profesionalen proba jokatu zuten euskal ziklistetako bat izan zen –Jose Antonio Martinez Albeniz izan zen bestea–. Ilusio handia egin dio orduko oroitzapenak berritzeak. «50 urte; nola pasatzen den denbora! Nire emaitza onenetako bat izan zen Munduko Txapelketetan: bederatzigarren izan nintzen. Ondo dago; mundua oso handia da [barrezka]».

Hala ere, emandako mailarekin ez zen guztiz konforme gelditu. Espainiako Txapelketa irabazi berria zen, Beran bertan, eta onenen pare ibili nahi zuen. «Belgikarrek faboritotzat jotzen ninduten, hango egunkarietan-eta». Gorostidik garbi du: arazoa prestaketa izan zen. «Zirkuitua Espainiako Txapelketako berdina zen. Baina orduan baino bost minutu motelago aritu nintzen Munduko Txapelketan. Hautatzaileak sekulako jipoia eman zidan entrenamenduetan, eta galdu egin nuen sasoia, irabazi beharrean. Bestela, hiru aurrenekoetan sartzeko moduan nintzen». Ez dio gezurrik: Albert Van Damme flandriarra izan zen lasterketaren irabazlea, eta Gorostidik 5.24ko atzerapena izan zuen harekiko.

«Gogorregi entrenatu, eta galdu egin nuen sasoia. Bestela, hiru aurrenekoetan sartzeko moduan nintzen» JUAN GOROSTIDI Txirrindulari ohia

Beste flandriar bat sailkatu zen bigarren: Roger De Vlaeminck. Errepidean inoizko klasikozalerik onenetako bat izan zen, eta, ziklo-krosean Eric anaia bezain trebea izan ez arren, garaipen ugari lortu zituen lokatzetan ere. 1975ean, bere egin zuen ostadarraren elastikoa. Urtebete lehenago, baina, erraz menderatu zuen Van Damme herrikideak, ia bi minutu atera baitzizkion. Podiumeko beste bi postuetan, ordea, lehia bizia izan zen, eta, azkenean, hiru segundo eskasen aldea izan zen De Vlaemincken eta Peter Frischknecht suitzarraren artean.

Garai hartako kroniken arabera, 25.000 ikusle inguruk gozatu zuten ikuskizunaz. Zirkuitua «jendez lepo» zegoela gogoratzen du Gorostidik. «Asko hemengoak ziren, baina kanpotik ere jende asko etorri zen: Belgikatik, Frantziatik… Mundua Beran elkartu zen. Suitzarrak ere gogoan ditut, zintzarriak astintzen, dilin-dalan». Guztira hamabi Munduko Txapelketatan izan zen ziklista gipuzkoarra, eta horietatik zortzi profesionalen mailan jokatu zituen. Berako aldia, ordea, «berezia» izan zen. «Tolosakoan [1960an] lehiatzear izan nintzen, baina Alfredo Irusta aukeratu zuen hautatzaileak. 'Hi gaztea haiz oraindik, korrituko dituk gehiago', esan zidan. Beran, ordea, 29 urte nituen; garai onenean nengoen».

Sari gisa, futbol zelaia

Zirkuitua «oso polita» iruditu zitzaion Gorostidiri. «Denetatik zeukan: aldapa ederrak, jaitsiera txarrak… Helmugaren aurretik bihurgune bat zegoen, maldan behera, eta itzuli gehienetan erori egin nintzen, azkarregi iristeagatik». Ordea, beste zerbaitek eman zion arreta bereziki. «Baserri baten barrutik pasarazi gintuzten. Harrigarria izan zen»

Joxe Mari Irazokik ere (Bera, 1945) gogoan du hori. «Zirkuitua baserri artean egin zen, eta horietako batean, bada haren barrenetik pasatzen den bide bat. Baserriaren gibelaldean dauden landetara iristeko erabiltzen zuen jendeak. Egun hartan, txirrindulariek sarrera eta ukuilua zeharkatu zituzten!». Probaren antolaketan lagundu zuten beratarretako bat izan zen Irazoki, eta etxebizitzei loturiko beste bitxikeria bat aipatu du. «Toki bat behar zen dopinaren kontrako kontrolak egiteko, zirkuituaren ondo-ondoan. Hala, bukatu berria zen etxe batean paratu zen». Pasadizoa osatu du Rosa Errandoneak (Bera, 1947). Hura ere galtza bete lan ibili zen ekitaldiaren jiran. «Komunean egin behar zituzten probak, eta, lehen solairuan zegoenez, ziklistek lokatzez josita utzi zuten dena».

«3.000 biztanle baino gutxiago zituen Berak, eta bostehundik gora lagun aritu ginen lanean lasterketa egunean» ROSA ERRANDONEAAntolatzailea

Anekdota hori beratarrek izaniko prestasunaren adibide gisa jarri du Errandoneak. «Orduan 3.000 biztanle baino gutxiago zituen Berak, eta bostehundik gora lagun aritu ginen lanean lasterketa egunean. Goraipatzekoa da gurea bezalako herri txiki bat Munduko Txapelketa antolatzeko gai izatea», esan du. Bide beretik mintzatu da Irazoki. «Ospe ona genuen ziklo-kros proben antolaketan, eta bagenituen kontaktuak ziklismo munduan agintzen zutenekin. Kontaktu horien bidez lortu genuen Munduko Txapelketa hartzeko aukera, eta sekulako gogoa eta ilusioa piztu zen Beran. Denok jarri nahi genuen gure alea. Bozgorailuak, adibidez, herriko musika taldeek utzi zizkiguten».

Besteren gozamenerako aritu ziren lanean. Hala esan du Errandoneak. «Berako jende askok ez zuen lasterketa ikusteko aukerarik izan, lanean genbiltzalako. Nik irteera baino ez nuen ikusi». Bera idazkari aritu zen, eta Irazoki aparkalekuen koordinatzailea izan zen. Munduko Txapelketa igarota, Gure Txokoa elkarteko presidente izendatu zuten. «Agintariak hagitz kontent gelditu ziren antolakuntzarekin. Espainiako Kirol Delegazioa eta Nafarroako diputazioa hitzarmen bat prestatzen ari ziren bost herritan kirol instalazioak egiteko, eta sari bezala, gu hautatu gintuzten. Futbol zelaia egin zuten, atletismo pista eta guzti. Horrek kirola suspertu zuen herrian».

«Kontaktuak genituen ziklismoan agintzen zutenekin, eta horien bidez lortu genuen Munduko Txapelketa hartzeko aukera» JOXE MARI IRAZOKIAntolatzailea

Ziklo-krosak, ordea, itzaltzera egin zuen. Baina txingarrek hor segitzen zuten, eta 2022an berriz ere ziklo-kros proba bat antolatzea erabaki zuen Iruña Kirolak klubak, Gure Txokoaren eta Berako Udalaren laguntzaz. Etzi jokatuko da aurtengoa, duela mende erdiko Munduko Txapelketa gogoan. Orduko argazki eta objektuen erakusketa zabaldu dute. «Oraingoan ere, ekarpena egin dugu herritar askok», esan du Errandoneak. Urtarrilaren 3rako, berriz, mahai ingurua antolatu dute. Bertan izango da Gorostidi, lokatzetan distira egindako beste zenbait ziklistarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.