Pilota

Logikak agindu du

Pronostikoei eutsiz, Peio Etxeberriak eta Zabaletak oso erraz irabazi diete Elezkano II.ari eta Martijari (22-9). Gaur, Ezkurdia-Tolosak eta Elordi-Rezustak lidergoa dute jokoan, Mallabian.

peio etxeberria
Peio Etxeberria, artxiboko argazki batean. Aritz Loiola / Foku
jon eskudero
2023ko abenduaren 3a
05:10
Entzun

Lehen jardunaldian kale egin ondoren, onbidean sartu ziren atzo Peio Etxeberria eta Zabaleta, Lizarrako pilotalekuan. Besteak beste, binakako txapelketaren aurkezpenean bikote faboritotzat jo zituzten askok eta askok, eta atzo eman zuten horretarako motiborik. Joan den astean ez zuten euren mailarik eman, ezta gutxiago ere. Ordea, atzo bestelako itxura eman zuten. Partida biribila jokatuta, oso erraz menderatu zituzten Elezkano II.a eta Martija: 22 eta 9. Lehiak ez zuen misterio handirik izan, hasieratik nagusitu baitziren irabazleak, baina deigarria izan zen zeinen ongi hartu zuten elkar Etxeberriak eta Zabaletak. Bakoitzak bere esparruan, erakustaldia eman zuten. Lehiaketako lehen puntua lortuta, behetik gorako bidea egin behar luke bikote horrek.

Festa eguna izaki, pilotalekuko harmailetan giro aparta zegoela ekin zioten partidari lau pilotariek, baina azkar sumatu zen nekez izango zela emoziorik kantxan. Izan ere, hirunako berdinketara arte soilik eutsi zieten parean aurkariei Elezkano II.ak eta Martijak. Kosta egin zitzaion Zabaletari motorra berotzea, eta hasieran hotz xamar ibili zen. Horregatik, Elezkano II.ak aukera batzuk izan zituen aurreko koadroetan, eta ez zituen alferrik galdu. Ez zion asko iraun olatuak. Pilota harrigarri astintzen hasi zen Zabaleta, eta nahi eta ezin ibili ziren gorriak. Erabat laugarren koadrotik aginduz aritu zen Nafarroako atzelaria, eta Martija erreboteari itsatsita edukiarazi zuen. Hori gutxi ez, eta Etxeberriak ere egun biribila izan zuen erasoan. 12-5 zihoazela, hamar tanto zituen eginak.

Lehen atsedenalditik bueltan, Elezkano II.a eta Martija saiatu ziren egoera iraultzen, baina ezin izan zuten. Hil edo bizi jokatu zuen aurrean bizkaitarrak, pilotakada bakoitzean arriskatuz, baina fruituak bildu ezinda ibili zen. Bi aurkariak gainean zituen etengabe, eta, egoera horretan, oso erraz egin zuten 22rako bidea Etxeberriak eta Zabaletak. Irabazteaz gain, oso sentsazio onekin hartu zuten aldageletarako bidea.

Mariezkurrena, bikain

Oraingoz, beste bikote indartsu bat ageri da lidergoan, Jakak eta Mariezkurrenak osatua. Azken sei tantoak jarraian eginda, Baikoko bikoteak 22 eta 21 irabazi zien herenegun Peña II.ari eta Albisuri, Zornotzan. Erakustaldia egin zuen Mariezkurrenak. Bada, lidergoan haiekin berdintzea izango dute helburu gaur beste bi bikotek, Mallabian. Nor baino nor gehiago ariko dira Ezkurdia-Tolosa eta Elordi-Rezusta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.