Biribilagoak ezin ziren izan aurreko urteak Kaikurentzat: San Miguel liga eta Kontxako Bandera irabazi zituen. Ez zen ezustea izan, horretarako propio prestatutako taldea zelako. Aurreikuspenak bete egin zituen, nahiz eta ligako estropada batzuetan Hondarribiak eta besteren batek banderak kendu. Baina ikasgai ona izan daiteke hori aurtengo.
Izan ere, denboraldi-aurreko azken bi estropadetan, Mutrikun eta Lekeition, oso emaitzak txarrak izan ditu Jose Luis Kortaren taldeak. Aurreko urteetan ere antzeko ibili izan da halako estropada batzuetan, baina aurten, kezka puntua zabaldu du Sestaokoen inguruan: ez ote daude ba hain indartsu? Erantzuna ondo pentsatu beharrekoa da, gehitxo eta azkarregi hitz egitearen parekoa litzatekeelako Kaiku aurten gaizki ibiliko dela esatea. Ziurragoa da beste erantzuna: banderen lehian eta liga irabazteko borrokan izango da. Iazkoa ikasgai ona izan daiteke, eta baita azkeneko bi emaitza horiek ere: ia dena irabaztetik datorren taldeak lo hartzeko arriskua izan ohi du, eta gertatu izan da kirol guztietan, hurrengo urtea eskasagoa izatea. Ikasgaia hauxe da Kaikurentzat: hortzak estutu beharko ditu onena izaten segitu nahi badu. Asier Zurinagak dioen bezala, «iaz irabazitakoak ez du ezertarako balio».
Joan zen urteko taldetik bada aldaketarik; ez horrenbeste titularrak ziren arraunlarien multzoan, ordezkoak ziren multzoan baizik. Iazko taldea sekulakoa zen, eta Kortak ondo baliatu zuen aukera, ligako estropadetan aldaketak egiteko. Batzuetan ondo atera zitzaion, eta banderak irabazi zituen, baina beste batzuetan ez, eta ezin izan zuen banderarik astindu. Aurten, aukera gutxiago izango du hainbeste aldaketa egiteko, eta gauza guztiek bezala, alderdi ona eta txarra izango du. Ona izango da, arraunlari indartsuenekin estropada gehiago jokatu ahal izango dituelako, eta hori egiteko berme sendoa izango da. Alderdi txarra izango du, jakina, aldaketak egindakoan ontziaren mailak behera egin dezakeela. Baina kontu horiek guztiak lehiaketa hasi aurrekoak dira, eta gero, itsasoak jarriko ditu usteak eta halakoak bere lekuan.
Kaikuren barruan, bada kontatu beharreko beste kontu bat ere: traineru berria astearte honetan jaso zuen, eta ez du ematen bihar Bartzelonan erabili ahal izango duenik. San Miguel liga irabazteko faboritoen multzoan bakarra izango da Amilibiaren ontzi berria izango ez duena lehen estropadan.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Kaiku
Lo ez hartzera behartu dute
San Miguel liga azken bi urteetan irabazi eta gero, aurtengoa lortzeko ere faboritoa da Kaiku, taldearen indarra apur bat jaitsi arrenAzken bi estropadetan ez da ondo aritu, eta aurkariek asko estutuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu