Limousingo Itzulian, Aberasturi hirugarren izan da

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Jon Aberasturi (Caja Rural) hirugarren izan zen atzo Limousingo Itzuliko lehen etapan. Luca Wackermann (Vini) izan zen garailea, eta bigarren Jake Stewartek (FDJ) egin zuen. Iker Ballarin (Euskaltel Euskadi) izan zen etapako protagonistetako bat, eguneko ihesaldian sartu baitzen, baina tropelak 55 kilometroren faltan harrapatu zuen.

Valoniako Itzuliko hirugarren etapan Sam Bennett (Deceuninck) izan zen garaile esprintean. Haren atzetik iritsi ziren Arnaud Demare (FDJ) eta John Degenkolb (Lotto). Sailkapen nagusian, Caleb Ewanek (Lotto) ezin izan zion lidergoari eutsi, eta Demare da lasterketako lider berria. Gaur amaituko da proba, Blegny eta Erezee herrien arteko etaparekin.

Emiliako Itzuliko lehen etapa ere atzo jokatu zen. Gizonezkoetan, Alexandr Vlasov (Astana) izan zen garaile, bakarrik helmugaratuta. Joao Almeida (Deceuninck) izan zen bigarren, eta hirugarren, berriz, Diego Ulissi (UAE). Emakumezkoetan, Cecilie Uttrup (FDJ) izan zen irabazlea; ez zuen aurkaririk izan San Lucako igoerako helmugan. Rasa Leleivytek (Aromitalia) eta Pauliena Rooijakkersek (CCC) osatu zuten podiuma, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.