Athleticeko entrenatzaile ohia

Javier Clemente: «Ligari erreparatuta, teorian hautagai nagusiak gara; praktikan ez, ordea»

Athleticek Espainiako Kopa irabazteko gakoa «ondo jokatzea» dela nabarmendu du Clementek. Barakaldokoa zen teknikari zuri-gorrien gizonezkoen taldeak garaikurra azken aldiz irabazi zuenean.

Javier Clemente. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Javier Clemente. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 2a
05:10
Entzun

Athleticen gizonezkoen taldeak Espainiako Kopa irabazteko beste aukera bat du larunbatean, Mallorcaren aurka. Azken finaletan kale egin ondotik, bere historiako 25. garaikurra eskuratzea du xede. Orain lau hamarkada lortu zuen orain hurrena, 1983-1984ko sasoian. Orduko hartan Javier Clemente (Barakaldo, Bizkaia, 1950) zen taldearen entrenatzailea. Clementeren esanetan, jokalariek aurreko aldiei erreparatu gabe ekin behar diote norgehiagokari.

Athleticek urrats bakarrera du Kopako beste garaikur bat eskuratzea. Final giroa nabaria da dagoeneko.

Bai, jendearen urduritasunean. Zaleak mugitzen ari dira, sarrera bila dabiltza, bidaia prestatzen, eta ilusioa dute. Ondo dago hori. Orain 40 urte irabazi egin genuen, baina ordutik beste bospasei jokatu ditugu. Haietan ez dugu biribildu, ordea, eta jendeak dio oraingoan lortuko dugula hori. Ea hala den, eta jendea pozik itzultzen den.

Nolako partida espero duzu Mallorcaren aurka?

Zaila. Bi estilo ezberdinen artekoa izango da. Haiek oso gogorrak dira, asko ixten dira atzean, eta goiko jokoa ondo menderatzen dute. Gu azkarrak gara, biziak, batez ere aurreko lerroan. Aurrera egin behar da; erasoan ondo ari gara, eta haiek, berriz, defentsan. Hor egongo da jokoa, eta ea nork asmatzen duen. Haiek atzean asmatzen badute, guk ezingo dugu erasoan. Partidak luzeak izaten dira, eta pentsatu behar da lan asko egin behar dela. Irabaztearen inguruan konbentzituta egon behar da.

Zein izango da partida irabazteko gakoa?

Ondo jokatzea. Ez dago beste sekreturik. Williams anaiekin, [Oihan] Sancet punta erdian dela, eta aurrealdekoekin, Athleticek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, hegaleko abiadura dugu aldeko, batik bat. Atzeko hegalekoak ere igo egiten dira. Teorian, dena erraza da, baina gero egin egin behar da. Baina argi dago taldeak lana gogotik egin beharko duela 90 minutuetan. Kontua da jokalariak euforiko eta gogotsu egongo direla Kopako finala dela-eta, baina liga ere hor dago. Txapeldunen Ligarako gaude, eta bat bestea bezain garrantzitsua da. Kopako finala jokatuko da eta kito, ez da besterik egongo datorren urtera arte. Ligan partida gehiago daude. 

Athletic osatzen ari den denboraldia kontuan hartuta, finala irabazteko hautagai nagusia al da?

Hautagaien kontu hori ez zait gustatzen. Teorian bai, ligako sailkapenari begiratuta. Praktikan ez, ordea. Kopako final batean berdin du lehenak seigarrenaren edo bosgarrenaren aurka jokatzen duen. 90 minutuz jokatzea ez da 38 jardunaldiz aritzea.

Mallorcak Girona eta Reala kanporatu ditu Kopan, eta gordean egon da. Javier Agirrek entrenatzaileak bere erara moldatu al du taldea?

Hobetu egin du. Sasoi hasieratik hobera egin du, eta nik oso indartsu ikusten dut. Lanean ondo ari dira, eta jokoan ere bai. Anoetan partida ona egin zuten. Zorte apur bat izan zuten, Realak ere ondo jokatu baitzuen, baina kanporatu egin zituzten. Girona ere ikusgarri ari da, eta irabazi egin diete. Tentu handia izan behar da; teorikoki hautagai izan arren, nik ez dut horretan sinisten.

Athleticek galdu egin ditu azken sei finalak. Nola hauts daiteke joera hori?

Irabazita. Halaxe hauts daiteke bolada kaskar hori. Azken bostak galdu egin ditugu, oso gaizki jokatu dugulako. Orduko taldeak ere ez ziren honen parekoak izan, [Marcelo] Bielsarena kenduta. Urte hartan taldetzarra zeukan Athleticek. Beldurgarriki gaizki jokatu zuen, ordea, Bielsak ez baitzuen ideiarik ere taldea maiatzera arte eramateko orduan. Urtarrilerako apurtu zuen taldea. Orain bestelakoa da kontua; Ernestok [Valverdek] askoz gehiago daki honetaz guztiaz. Lezama askoz hobeto ezagutzen du, urte askoan aritu baita. Gutxienez, taldea osorik eramango du finalera.

«Ernestok [Valverdek] Bielsak baino askoz gehiago daki honetaz guztiaz. Lezama askoz hobeto ezagutzen du, urte askoan aritu baita. Gutxienez, taldea osorik eramango du finalera»

Jokalari ezberdinak izanagatik ere, aurreko esperientziek eragina izango al dute?

Nire ustez ez, baina ez dakit. Hori norberaren ikuspuntuaren araberakoa da. Niretzat, ez du inolako eraginik. Beste jokalari batzuk dira, baina, lehengo berak izanda ere, partida ezberdina jokatuko dute. Bestea iragana da, eta badakite zergatik galdu zuten. Realaren aurka jokatutakoan, Realak ondo irabazi zigun. Zergatik? Gaizki jokatu genuelako. Mallorcaren aurka ez badugu haiei min egiteko moduan jokatzen, irabazi egingo dute. Gaizki egiten duenak galtzen du. Jokalariek jokatu egin behar dute, irabazten saiatu. Ernestok erabaki behar du nolako partida egin eta nola jokatu: taldea, hamaikakoa, aurkariaren abileziak eta ahulguneak... Hori guztia Ernesto ari da egiten bi astean zehar.

Berrogei urte Athleticek azken garaikurra eskuratu zuenetik...

Gehiegi!

Badu irabazteko garaia, ezta?

Bai. Nik urte asko ditut jada, eta, aurrekoan egon nintzenez, esaten didate: «Berrogei urte dagoeneko...».Arraioa. Oxala hamar urte soilik igaro balira. Hala, nik berrogei edukiko nituen.

Asko ari da hitz egiten garaikurra lortzeko aukeraz, ospakizunez, gabarraz... Zer iruditzen burrunba hori guztia?

Espero dezagun gabarra ez hondoratzea! Niri astakeria bat iruditzen zait ibaian beren ontziekin joango diren zaleei dirua kobratzea. Gaizki iruditzen zait, eta beste gauza asko ere bai. [Espainiako] Federazioak sarrerei gehiegizko prezioa ezartzea, joango ez diren bazkideei San Mamesen bost euro ordainaraztea, eta bazkide ez direnei hamar... Gauza horiek ez ditut oso ondo ulertzen. Kopako finala herriarentzat da, zaleentzat. Oztopoak jartzen ari gara.

Zuk zer asmo duzu finalaren egunerako?

Sevillara joango naiz pare bat egun lehenago. Espero dezagun dena ondo egotea, eta lasai igarotzea. Zaleen artean dena ondo egotea, eta haiek gozatzea. Batez ere hori, hori baita garrantzitsuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.