Urte hasiera ez da erraza izan Athleticentzat. Zuri-gorriak ezin izan ziren Superkopako finalerako sailkatu, eta Espainiako Kopan ere kalean geratu dira. Ligan, ordea, bestelakoa da egoera: gaurko garaipenarekin, Ernesto Valverden taldeak 39 puntu ditu, Bartzelona sailkapeneko hirugarrenak adina, eta, behin-behinean, bederatzi punturen aldea ateratzen dio bosgarren postuan dagoenari. Celtari Berenguerren eta Vivianen golei esker irabazi diote Balaidosen (1-2).
Ligan, Athleticek 11 partida jarraian daramatza galdu gabe. Eta gaurkoak badu meritua: aurtengo denboraldian Atleticok eta Real Madrilek soilik irabazi zuten Vigon, gaur arte. Bi talde horiek bost eta zazpi puntura ditu orain, hurrenez hurren. «Zergatik ez amestu?», Iñaki Williamsek partida amaitutakoan esan duen moduan.
Lehen zatian nagusi izan dira bizkaitarrak; gol aukera dezente sortu dituzte, baina saririk ez. Gertuen Beñat Pradosek izan du area kanpotik egindako jaurtiketa batean, baina ikusgarria izan da Guaitaren erantzuna. Celtak lanak izan ditu zuri-gorrien joari eusteko.
Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Berenguerrek abisua eman du lehenik: baloia berreskuratu, gidatu, eta area ertzetik egin duen errematea gutxigatik joan da kanpora. Minutu gutxi geroago, ez du barkatu. Iñaki Williamsek egin du jokaldia eskuin hegaletik, behealdetik erdiratu du baloia, eta Berenguerrek oinaren puntarekin bidali du baloia sareetara. Merezi zuten gola zuri-gorriek.
Kontrolpean
Golak ere ez du joera aldatu. Erasoan jarraitu du Valverderen taldeak. 70. minutuan, Guaitak gelditu du Unai Gomezen lehen jaurtiketa, baina Vivianek area txikian egin duenari erantzuteko ezin izan du ezer egin. Erremate akrobatikoa egin du atzelariak, aurrelari onenen pare, eta amorruz ospatu du.
Hiru minutu geroago iritsi da Celtaren gola, Adamaren huts baten ondorioz. Irrist egin du atzelariak, eta Hugo Alvarezek abagunea baliatu du gola sartzeko. Egoera, ordea, kontrolpean zuen Athleticek, eta asko sufritu gabe itxi du lehia. Ez da amaitu zuri-gorrien bolada gozoa.