Denbora kontua besterik ez da. Hiru partida falta dira Espainiako Ohorezko Maila amaitzeko, eta Bera Berak lau puntura dauka Ro'Casa bigarren sailkatua. Atzo irabazi egin zuten biek ala biek, baina donostiarrek huts larriren bat egin beharko lukete hurrengo hiru asteetan bigarren urtez jarraian liga ez irabazteko. Bi taldeek oso pareko egutegia daukate, partida zail banarekin eta erraz samar irabazi beharreko birekin.
Hurrengo jardunaldian egongo da gakoa. Bera Berak Alcobendas hirugarren sailkatuaren kantxan jokatuko du, larunbatean, eta Porriño bosgarrenaren aurka ariko da Ro'Casa, egun berean, etxean. Kanariarrek hortxe edukiko dute aukera sailkapena estutzeko, baina beheko aldean dabiltza donostiarren azken bi aurkariak: Mar Alacant (10. dago) eta Leon (11.). Ro'Casak, berriz, Valentzia (8.a) eta Kordobaren (12.a) aurka jokatuko du. Bera Berak bi aukera dauzka larunbatean liga irabazteko: Alcobendasi irabaztea eta Ro'Casak berdintzea edo galtzea. Edo bere partida berdindu eta Ro'Casak galtzea.
Ligako titulua eta jaitsiera. Bi muturrek bat egin zuten atzo Donostian, eta nabarmen geratu zen Bera Beraren eta Kukullagaren artean dagoen aldea. 2-2 hasi arren, bizkaitarrek berehala eman zuten amore. Lehen hamar minutuak jokatzerako Pinedo eta Castroren launa golekin 9-3 aurreratu ziren donostiarrak, eta kontrol lanera mugatu ziren atsedenaldira bidean (21-12). Bigarren zatian Kukullaga 23-18 gerturatu arren, 32-25 nagusitu zen, azkenerako, Bera Bera.
Bizkaitarrentzat horixe zen normalena, liderraren etxean jipoia hartzea. Baina Kordoba aldetik jaso zuen Kukullagak atzoko albisterik txarrena, etxeko taldeak 23-22 irabazi ziolako Mar Alacanti. Emaitza horren eraginez, azken postuan daude orain bilbotarrak, hamabi punturekin.Ro'Casak, berriz, Zuazori irabazi zion (25-32), baina, mailari eutsita, bizkaitarrek, zorionez, dagoeneko ez daukate ezer jokoan.
Bidasoa, galtzaile (31-30)
Maila galduta egon arren, Bidasoak oso partida serioa jokatu zuen atzo Guadalajararen kantxan, Asobal ligako 27. jardunaldian, baina 31-30 galdu zuen azkenean. Anaitasunak, berriz, berdindu egin zuen Ciudad Encantadaren kantxan (23-23).
Ligako titulua, esku-eskura
Bera Berak 32-25 irabazi dio Kukullagari, eta, hiru partida falta direla, lau puntura dauka Ro'Casa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu