Athleticeko entrenatzailea

David Aznar: «Ligako multzorik gazteena izan arren, talde heldua izateko erronka dugu»

Aznarren ustez, iragan sasoian bezala, bigarren itzulian lehenengoan baino hobeto arituko dira: «Hasiera zail baten ostean, gure jokoaren esentzia berreskuratu dugu».

David Aznar. Monika del Valle/@FOKU) 2024-12-19, Lezama. David Aznar, Athleticeko entrenatzailea
David Aznar, Lezaman. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ainara arratibel gascon
Lezama
2025eko urtarrilaren 2a
05:05
Entzun

Aho zapore txarrarekin amaitu zuen urtea David Aznarrek, Athleticeko entrenatzaileak (Talavera de la Reina, Espainia, 1980). Ezustean Kopatik kanpo geratu zen hark zuzentzen duen taldea. «Cacereñoren aurka jokatzeak badakar testuinguru jakin bat, eta ez genuen jakin horretan behar bezala lehiatzen». Baina etorkizunari begira baikor da. Nabarmendu du Bilbon daramatzan bi denboraldietan «energia eta ilusioa» berreskuratu dituela.

Kopako kolpetik harago, ligako jardunaz zein balorazio egiten duzu?

Aurreko sasoi onaren ondoren, gugan sortu ditugun espektatiben kontra ari gara borrokatzen. Uste dut denboraldiari hasieran gehiago pentsatu genuela emaitzan jokoan baino. Orain, iruditzen zait aurreko sasoiko jokoaren esentzia berreskuratu dugula.

Zer da gogorragoa zuengan sortu dituzuen espektatiben kontra borrokatzea, edo jendeak zuengan sortutakoen aurka?

Eskutik doaz. Multzo gaztea daukagu, eta bizkor ari da hazten. Hori dela eta, hazkunde horrek eskatzen duen errendimendua lortzeko epeak bizkortu egin behar izan ditugu. Multzoaren hazkundearen parte ere bada hori.

Nola konbentzitu dituzu berriro ere arreta jokoan jartzeko?

Konfiantza handia dugu gure artean, eta lasai hitz eginez behin eta berriz esan diet espektatiba horiek ezin ditugula zama moduan hartu, baizik eta pribilegio moduan. Horiekin bizitzen ikasi behar dugu.

Zergatik kostatu zaizue berriro ere aurreko denboraldiko jokoa egitea? 

Bibianeren [Schulze] belauneko lesioa kolpe gogorra izan zen, baita [Irene] Ogizak segidarik ez izatea ere min hartuta egon delako. Gainera, kontrarioek gehiago ezagutzen gaituzte.

Zertan nabaritu du taldeak Schulzeren eta Ogizaren falta?

Bibianeren kasuan, taldeko erdiko atzelari ezker bakarra, eta baloia ateratzen oso ona da. Gainera, erdiko atzelari postuan jokatzeko hiru jokalari baino ez genituen. Kostatu zaigu postu horretan oreka topatzea. Nire buruhauste nagusia izan da. Azkenean, joko sistema aldatzea erabaki nuen, eta artean erabili ez genuen bat erabiltzea: 1-3-4-3. Jokalariek denbora behar zuten hori barneratzeko. Ogiza, berriz, lider bat da, gure kapitaina. Oso lehiakorra da, baina baita lasaia ere beharrezkoa denean. Hori guztia transmititzen dio taldeari.

Dena den, beste batzuk azaldu eta egonkortu dira lehen taldean; Maite Zubieta, adibidez.

Maitek lider bat izateko urratsa egin du. Gainera, aukera asko ematen dizkigun jokalari bat da, zenbait postutan joka dezakeelako. Oso jokalari zentzuduna da mugimenduak egiteko orduan.

Aurreko sasoian agertzen hasi ziren jokalari horiek lehen taldean egonkortzen ari direla ikusteak asebetetzen zaitu gehien?

Bai, entrenatzaile eta klub moduan dugun ardura nagusietako bat hori da. Horretarako erremintak eman behar dizkiegu, eta pazientzia eta lasaitasuna eduki. Prozesu horretan daude Amezaga, Ortega, Elexpuru, Nevado, Zubieta, Pinedo…

Zein da hainbeste jokalari aldi berean egonkortzeko gakoa?

Haien jardunari konfiantzaz erreparatzea, eta beharrezkoa duten ziurtasuna ematea. Nire begiradan hori antzeman dezaten nahi dut.

Denboraldi honetan, fitxaketa nagusia Leire Baños izan da. Zer eman dizue?

Taldeak atzealdean egonkortasuna falta zuenean, erdiko atzelari postuan jarri nuen, eta, duen esperientzia baliatuz, lasaitasun handia transmititu zion taldeari. Egunerokoan, gainera, eredu da gazteentzat: asko zaintzen du bere burua, bete-betean entrenatzen da beti...

Denboraldi honetan, zelai erdikoak eta atzelariak gol gehiago ari dira sartzen. Gustura egongo zara horrekin, ezta?

Aurreko denboraldian kosta egiten zitzaigun golak sartzea, eta garrantzitsua da atzelariek eta erdilariek golak sartzea. Gainera, ziur nago oraindik golik sartu ez duten aurrelariek laster egingo dutela. Horrekin batera, geldikako jokaldiak hobetu nahi genituen, eta denboraldiaurrean horretan jarri genuen arreta; jokaldi horietan ere lortu dugu gol gehiago sartzea.

Futbolari dagokionez, denboraldi honetan zein urrats egin nahi duzu teknikoki eta taktikoki?

Saiatzen gara bi arlo horietan taldeak aukera gehiago izan ditzan. Hau da, jokatzeko modu bat izatea oinarri, baina, aldi berean, gai izatea beste gauza askotara jokatzera moldatzeko. Aniztasun taktiko hori izateak modua ematen digu besteentzat aurkari zailagoa izateko. Horrekin batera, niretzat oso garrantzitsua da partidetako une desberdinak kudeatzen ikasten jarraitzea.

Aurreko sasoian ziur zeunden bigarren itzulia lehena baino hobea izango zela. Orain ere hala zaude?

Egia esan, bai. Kontuan izan garai honetan hiru puntu gutxiago genituela aurreko denboraldian. Gainera, oraindik bi partida geratzen zaizkigu lehen itzulia amaitzeko. Horietako bat irabaziz gero, aurreko sasoi osoan lortu genituen puntuen erdiak izango genituzke jada. Ilusio eta aurreikuspen handiak ditut. Oso gustuko dut taldeak zer transmititzen duen: ausardia, lehiakortasuna, alaitasuna…

Zertan hobetu behar du taldeak bigarren itzulia hobea izateko?

Erasoan bildu ditugun emaitzak hobetu behar ditugu, aurkariaren ate aurrean eraginkorragoak izan. Alde horretatik, Sevillaren aurkako partida perfektua izan zen. Sei jaurtiketa egin genituen, eta bost sartu. Ea konfiantza ematen digun. Horrekin batera, defentsan, azken partidetan defentsan erakutsitako sendotasunari eutsi behar diogu.

Horretan hobetuta, aukera ikusten duzu Europan jokatzeko aukera ematen duten lehen hiru postu horietako batean amaitzeko sasoia?

Horretarako borrokatuko gara. Duela hiru jardunaldi, hirugarren postutik zazpi puntura ginen. Orain, bi pintura. Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Talde egonkor bat izaten jarraitu behar dugu, ez bakarrik etxean. Garrantzitsua da etxetik kanpo ere puntuak biltzea, eta horretan ere sasoi honetan hobeto gaude. Ez dugu fokua galdu behar, eta ea bost jardunaldi falta direnean borroka horretan gauden. Hori da helburua.

«Ez dugu fokua galdu behar, eta ea bost jardunaldi falta direnean Europarako borrokan gauden. Hori da helburua»

Zailtasunak izan dituzuela sentitu duzue, baina sailkapenaren goialdean egon zarete. Horrek erakusten du non duzuen jarria langa?

Dudarik gabe. Entrenatzaile zarenean, egoera askok erakusten dizute zer-nolako taldea duzun. Denboraldi honetan, nahiz eta lehen bi partidetan Levanteri eta Granada irabazi, multzoa ez zegoen pozik, ez baikinen ondo jokatzen ari. Ez zien balio.

Zuretzat ere denboraldi hau aurrekoa baino zailagoa izaten ari da?

Diferentea. Aurreko denboraldian ni berria nintzen, eta hemen egokitzeko erronka nuen, eta, jokalariei begira, elkar ezagutzekoa. Dena oso ondo joan zen, eta helburua da horri eustea. Denboraldi honetan dugun erronka nagusietako bat da, ligako multzorik gazteena izanda, talde heldu bat izatea, eta urratsak egiten ari gara.

Ekainean amaituko zaizu kontratua. Athleticen jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Beti esan dut oso pozik nagoela hemen. Oso eskertuta nago klubak nire aldeko apustua egin zuelako. Izan ere, Real Madril utzi ostean, aukera eman dit gorenean entrenatzen jarraitzeko, eta nire lana aitortua izateko. Hemen jarraitu nahi dut, bi aldeek ikuspegi bateratu bat dugun bitartean.

Oraintxe bertan, ikuspegiari dagokionez, bat zatozte kluba eta zu?

Dudarik gabe. Athleticek erakutsi dit klub batek emakumeen futbolaren alde apustu egitea zer den. Presidenteak, kirol zuzendariak, ni neu oso anbiziotsuak gara, eta gure filosofia ere altxor bat da; Lezaman egiten den lanean sinetsi bat behar dugu, hobetzen jarraitu, eta bertan dagoen talentuari eusteko proiektu erakargarri bat eskaintzen segitu. Horrekin batera, inguruan dagoen talentua erakartzen asmatu behar dugu.

«Gazteek argi izan behar dute talentuari konfiantza eman diogula, eta hemen aukera dagoela onenekin lehiatzeko, eta hazten jarraitzeko»

Maite Zubieta izan daiteke beste klub batzuek begiz jota izan dezaketen jokalari garrantzitsuena? Klubetik joateko arriskurik handiena duena?

Nik uste dut beste klub batzuek jokalari asko dauzkatela begiz jota. Arriskua hor dago, atzerritik egiten diren eskaintzak oso onak direlako: AEBak, Mexiko, Ingalaterra, Frantzia... Emakumeen futbolak ikusgarritasuna izateak eta globalagoa bihurtzeak hori ekarri du. Gainera, multzo bat haziz doan heinean, arriskua dago. Baina guretzat bi mezu garrantzitsu daude: talentuari konfiantza eta egonkortasuna ematen diogula, eta hemen ere aukera dagoela onenekin lehiatzeko, eta hazten jarraitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.