Saskibaloia

Ligako egutegiaren berri jakin dute Baskoniak eta Bilbo Basketek

Lehen jardunaldian, Baskoniak kanpoan jokatuko du, Breoganen aurka, eta Bilbo Basket etxean ariko da, Andorraren aurka. Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko dute.

Baskonia eta Bilbo Basketeko jokalark, jokatu zuten azken derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU
pettan uralde
2023ko abuztuaren 3a
14:59
Entzun

Saskibaloi Kluben Elkarteak (ACB) gaur argitaratu du 2023-2024ko denboraldirako egutegia. Irailaren 23tik 24ra bitartean jokatuko dute lehen jardunaldia, eta Baskonia Lugon izango da, Pazo Provincial dos Deportes pabiloian, Breoganen aurka aritzeko. Bilbo Basket, berriz, Miribillan hasiko da, irailaren 24an, igandearekin. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak Mora Banc Andorra talde igo berria hartuko du.

Maila goreneko bi euskal taldeek laster jokatuko dute lehen derbia, hirugarren jardunaldian. Buesa Arenan izango da, irailaren 30ean, 18:00etan. Pabiloia erabat betetzea espero da, iazko denboraldian bezala. Norgehiagoka hori bigarrena izango da Surne Bilborentzat; izan ere, Monbus Obradoiroren aurka Fontes do Sarren jokatu beharreko bigarren jardunaldiko partida urriaren 4ra atzeratu da (20:00etan). Galiziako taldeak FIBA Txapeldunen Ligako atariko bat jokatu behar du, eta horregatik aldatu dute eguna. Bigarren derbia, martxoaren 24an jokatuko dute, Bilbo Arenan.

Bi taldeek Europan jokatuko dute berriro ere. Baskonia Euroligan ariko du beste urte batez, eta Bilbo Basket, berriz, sortu berri den Europa Kopan izango da. Jakinarazi dutenez, multzoen faseko zozketako hirugarren ontzian egongo da Bilboko taldearen bolatxoa, eta datorren asteartean jakingo du zein izango dituen aurkariak.

Bestalde, ACB Ligako fase erregularra maiatzaren 11n eta 12an amaituko da. Bertan, kanporaketarako zer talde sailkatu diren jakingo da, eta ohiko formatuan jokatuko dute –bi partida irabazi beharko dira final-laurdenetako kanporaketan, eta bost finalerdietan eta finalean–. Sasoiaren azken faseak ekainaren 17ra arte iraungo du, gehienez ere.

Liga hasi aurretik, bi taldeek irailaren 15ean emango diote amaiera denboraldiaurreari, eta elkarren aurka jokatuko dute ohiko Euskal Kopan. Azken orduko aldaketarik ez badago, derbia Galdakaoko Urreta kiroldegian izango da berriro ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.