Sutan du telefonoa Ainhoa Tirapuk (Iruñea, 1984) asteartean Dolores Martellirekin batera Emakumeen Futbol Liga Profesionala zuzentzeko aurrehautagaitza aurkeztu zuenetik. Lan eta ardura handia izan arren, ilusioz eta gogotsu dabil. Adostasuna eta konpromisoa dira gehien erabili dituen hitzak. Bi oinarri horietatik abiatuta, emakumeen futbolaren garapenak irautea dute helburu.
Zergatik erabaki duzue Dolores Martellik eta zuk hautagaitza aurkeztea?
Bai Dolores eta bai ni oso lasai geunden gure lanetan. Baina futbol munduko hainbat jenderen deia jaso genuen: ea zergatik ez ginen aurkezten presidentetzarako. Gauzak bere horretan geratu ziren. Baina, gero, buelta pare bat eman genizkion kontuari, eta aurkeztea erabaki dugu. Uste dugu behar besteko curriculuma eta bizipenak ditugula lan hori egiteko. Orain kluben bermeak lortu behar ditugu, hautagaitza ofizial izan dadin.
Oraindik ez dago hauteskundeetarako egunik. Nolatan eman duzue pausoa hain garaiz?
Alde batetik, gardenak izan nahi dugulako; eta, bestetik, zurrumurruak egon direlako beste hautagaitza batzuen inguruan, eta ez genuelako nahi gurearen inguruan halakorik egotea. Gurea zabaltzear zela jakin genuenean, jakinaraztea erabaki genuen.
Astelehenean estatutuak onartuta, hauteskundeak noizko espero dituzue?
Behin estatutuak sinatuta, kudeaketa batzordea osatuko da, eta hark deitu behar du hauteskundeetara. Bi hilabeteko epea dute horretarako, baina ez dakigu zenbat denbora hartuko duten horretarako. Ez dago gure esku. Baina gu ari gara gure bidea egiten: klubekin hitz egiten, gure proposamenak garatzen...
Lehen egun hauetan nolako babesa eta harrera jaso duzue?
Jokalarien babes handia jaso dugu; gure hautagaitzak oso harrera ona izan du, eta hori ona da. Boza ematen dutenak, hala ere, klubak dira. Hamasei dira, eta haiek konbentzitu behar ditugu. Klubentzat lan egingo dugu, egonkortasun bat izan dezaten, eta diru sarrera gehiago. Denentzat egingo dugu lan, ondo ezagutzen baitugu bakoitzaren errealitatea. Erabateko konpromisoa dugu horretarako.
Beste hautagaitzaren bat espero duzue? Izan ere, aipatu da Espainiako Futbol Federazioko eta Gizonezkoen Futbol Liga Profesionaleko pertsona batzuek asmoa dutela hautagaitza aurkezteko.
Zurrumurru guztiek diote badagoela horretarako aukera. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Gu erabat independenteak gara, eta hau aurrera ateratzeko bildu gara. Baina beste hautagaitza batzuk egotea ona izan daiteke. Irabaz dezala proiekturik onenak, eta emakumeen futbolak eta klubek aurrera egin dezatela.
Independentzia hori da zuen bermerik onena?
Uste dut baietz. Azken urteetan, independentzia falta hori oztopo izan da emakumeen futbolaren garapena lortzeko eta sendotzeko. Gu aske gatoz, ez dugu inor atzetik, eta indarrak batzekokonpromisoarekin eta nahiarekin aurkezten gara. Denentzat izango da ona hori.
Aldi berean, uste duzu hautagaitza deserosoa izan zaitezketela horrexegatik?
Ez dakigu. Guk buruan dugun bakarra gure proposamenak ahalik eta ondoen aurkeztea da, eta klub guztiak konbentzitzea. Zerbait berria eraiki nahi dugu, ligaren profesionalizaziotik abiatuta. Sinetsita gaude zerbait polita egin dezakegula.
Hautagaitza asteartean aurkeztu zenuten, eta horretarako kaleratu zenuten oharrean zenioten zuen helburua emakumeen futbola garatzea dela, adostasuna eta inklusioa oinarri hartuta. Norekin eta nola?
Guztiekin. Jakina da nolako ika-mikak egon diren eta zein den egoera. Baina unea pasatzen utzi, horixe ezin dugu egin. Orain da garaia. Asko hitz egin da azken urteetan emakumeen futbolaren hazkundeaz eta ikusgaitasunaz. Baina uste dugu azken bi urteetan eten bat izan dela, hazkunde horikolpeka egin dela askotan. Guk nahi duguna da garapen horrek segida izatea, eta irautea. Denentzat da ona garapen hori, eta denek elkar hartu eta bide beretik joan behar dugu. Bide hori guztion artean adostu behar dugu. Olatua hor dago, eta galtzeko zorian gaude. Ezin dugu alferrik galdu.
Arriskurik badago berriro beste eten bat gertatzeko?
Eten horietara ohituta gaude, zoritxarrez. Denbora asko galdu da azken urtean. Baina, behin astelehenean estatutuak sinatuta, ez dugu espero halako beste etenik egotea. Gauzak bizkorrago joango direlakoan gaude. Gainera, datorren denboraldiari begira lanean hasteko, funtsezkoa da etenik ez egotea. Lehen esan bezala, denbora galtzen ari gara.
Liga profesional bihurtzeak eta erakunde propio bat izateak zer ekarriko die ligari berari eta emakumeen futbolari?
Gauza asko. Batetik, baliabideak kudeatzeko aukera: telebista eskubideak, babesleen diru sarrerak... Horrekin batera, marka propio bat izan eta bere bide eta proiektu propioa egiteko aukera emango dio. Azken bost-sei urteetan mugarri asko ezarri ditu, baina hau da falta zaion bultzada. Beraz, hau ondo egiten ez badugu, arriskua dago olatua etorri den bezala joateko.
Non islatuko da hori?
Hau gurpil baten modukoa da, eta gurpil hori klubek mugitzen dute. Beraz, espero dugu klubetan islatzea. Klub sendoak eta indartsuak behar ditugu. Izan ere, hori aldi berean jokalarien baldintzetan islatuko da: ekonomikoetan eta kirol arloari lotutakoetan. Horrek eragina izango du, aldi berean, txapelketaren ikusgaitasunean eta kalitatean.
Zuek zuzendu nahi duzuen erakundetik zer egin daiteke profesionalizazioan urrats gehiago egiteko eta produktu erakargarri bat lortzeko?
Ligak bere identitate propioa izan behar du: ez du gizonezkoen kopia bat izan behar. Gure merkatua eta zaleak desberdinak dira, eta, hortik abiatuta, marka propio bat lortu behar dugu. Marka hori izanda, gauzak errazago lortzen dira.
Ligak zer ezaugarri izan behar ditu?
Gure ustez, entretenigarria, inklusiboa, lehiakorra eta familiei zuzendutakoa izan behar du, kirolaren esentzia eta balioak oinarri hartuta.
Sinatu zen lan hitzarmenaren inguruan beste negoziazio bat abiatu beharko litzateke?
Hitzarmena automatikoki ez berritze aldera, epaitegietan dago. Orain, patronalarekin bildu behar dute. Baina patronala sortzeko, asteleheneko urratsa egin behar da, eta hauteskundeak egin. Hortik aurrera, irabazten duenak bildu beharko du sindikatuekin horren inguruan hitz egiteko. Guk argi duguna zera da: klubek baliabide eta diru sarrera onak badituzte, sendoak badira, aukera handiagoa dagoela jokalarien eskariak betetzeko.
Diru sarrera nagusietako bat babesleetatik dator. Txapelketak berak babesle nagusi bat du: Iberdrola. Zer egin halako babesle gehiago lortzeko?
Bi arlotan egin behar dugu lan: erakargarritasunean eta ikusgaitasunean. Txapelketak bi ezaugarri horiek baditu, errazago lortuko dira babesleak. Alde horretatik, Espainiako Gobernuak badu programa bat, Universo Mujer, babesle pribatuak engaiatzeko, eta horiei abantaila batzuk eskaintzeko emakumezkoen kirol txapelketak eta klubak babesteagatik. Horrekin batera, beste bi bide jorratu daitezke: batetik, tokiko erakunde eta gobernuekin halako beste lanketa bat egitea;eta, bestetik, Espainiako Gobernuarekin modu orokor batean lantzea emakumeen kirolaren garapena, hau ez baita soilik futbolaren kontua.
Telebista eskubideak izan dira ika-mikaren ardatz nagusietako bat eta liga profesionalizatzeko garaian izan den eten horren arrazoi nagusietako bat. Gai hori nola ikusten duzu?
Estatutuetan jasotzen da nola egin daitekeen, eta gu bat gatoz. Gure ustez, klub guztiek modu bateratuan saltzea da egokiena eta interesgarriena, horrek aukera handiagoa ematen baitu liga ikusteko, eta, esan bezala, guretzat funtsezkoa da ikusgaitasuna. Egia da gero klub bakoitzaren eskubideak daudela, baina gu batasunaren aldekoak gara.
Lau klub desmarkatu ziren kluben elkartetik: Bartzelona, Real Madril, Athletic eta Atletico Madril.
Futbol Liga Profesionalean hamasei klubak egongo dira. Denei interesatzen zaie diru sarrera gehiago izatea, ligak ikusgaitasun handiagoa izatea... Puntu komunak lortu nahi ditugu, eta hortik abiatuta lan egin. Ez dugu uste zaila izango denik, denek nahi baitugu emakumeen futbola garatzea.
Harrobiko lanak ere kezkatzen zaituzte?
Hori kluben filosofiaren arabera dago. Baina argi dago hor ere baliabideak jarri behar direla.
Zer erakutsi zizun lan hitzarmenaren negoziazioan bizitako esperientziak?
Denei entzun behar zaiela, bakoitzak bere ikuspuntua baitu, eta besteekin enpatizatu behar duzu. Ez da soilik zuk ikusten duzuna. Hamasei kluben errealitatea desberdina da, eta oso inportantea da guztien egoera ezagutzea, kontuan hartzea, eta laguntzea. Alde horretatik, denentzat egin nahi dugu lan. Harrera ona izaten ari da, eta ikusi beharko dugu bermeakematean zer jarrera duten.
Presidentetzara iritsiz gero, Athleticen harrobiko atezainen entrenatzailearen kargua utzi beharko duzu. Penarik baduzu?
Bai, oso eroso eta gustura nengoen-eta nire lanean. Baina ezagutzen dut neure burua: ezin da geldirik egon. Ingurukoek uste badute lagundu dezakedala emakumeen futbolaren profesionalizazioan egiten ari diren urratsetan, aurrera egingo dut. Are gehiago Dolores alboan izanda, biok modu berean ulertzen baitugu emakumeen futbola.
Ainhoa Tirapu. Emakumeen Liga Profesionala zuzentzeko aurrehautagaia
«Ligak identitate propioa izan behar du, marka bat izan»
Astelehenean onartuko dira Futbol Liga Profesionalaren estatutuak. Behin hori eginda, erakundea zuzentzeko hauteskundeak egin behar dira. Aurkezteko asmoa azaldu du aste honetan Tirapuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu