Ion Ansotegi. Realeko jokalaria

«Ligak esaten du sasoia ona izan den edo ez, eta gu bide onean ari gara»

31 urterekin, Realeko jokalari beteranoena da. Kapitain lanak egitea ere egokitu zaio sasoi honetan, eta pozik dago arlo pertsonalean zein taldearekin. «Gero eta hobeto» ari direla dio.

jon eskudero
Donostia
2013ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Aldagela batek beharrezko duen jokalari horietakoa da Ion Ansotegi (Berriatua, Bizkaia, 1982). Halaxe adierazi zuen orain gutxi Realeko presidente Jokin Aperribaik. «Saiatzen gara gauzak ongi egiten eta oreka mantentzen», dio jokalariak. Realarekin lan hitzarmena 2015era arte sinatu berri duela eta, pozik dago. «Gazte baten ilusio berarekin nago». Gaztearen ilusioa bai, baina jada taldeko beteranoena da, 31 urterekin. «Urteekin jantzi egiten da jokalari baten burua. Esperientzia ez da alferrikako kontua izaten». Bada, esperientzia hori baliatu nahi du azken urteetan Realak Espainiako Kopan izan duen madarikazioa alde batera uzteko.

Sasoi honetan, ez daukazue arnasa lasai hartzerik. Txapeldunen Liga amaitu gabe, Espainiako Kopan lehiatzen hasiko baitzarete jada. Gogotsu al dago taldea?

Bai, gogotsu eta ilusioz beterik. Aldagela barruan ere komentatu dugu, badela garaia lehiaketa horretan zerbait ganorazkoa egiteko. Ez dakit zergatik kanporatuak izan garen horren bizkor aurreko urteetan. Edo bizitasun faltagatik, edo zorte txarragatik... Halere, garbi dago aurtengoari begiratu behar diogula. Algecirasen aurka ariko gara, Bigarren B mailako talde baten aurka. Teorian, haiek baino hobeak gara kalitatez. Horregatik, garrantzitsua izango da bizi jokatzea eta kontzentrazio egokia mantentzea.

Kanporaketen zozketari begiratuta, badirudi Realak aukera ona duela txapelketa polit bat egiteko.

Zeharka bada ere, denok begiratzen diogu kanporaketen zozketari, eta, bai, aurten txapelketa ona egiteko aukera badugula esan daiteke. Orain bi urte ere, ordea, horixe esaten zen, eta etxerako bidea hartu genuen. Horregatik, partidaz partida joan behar dugu. Lehenengo fasea gainditzen badugu, begiratuko diogu bigarrenari. Nik uste dut baikor egoteko motiborik badugula. Dagoeneko ohitu gara astean bizpahiru neurketa jokatzera, eta ez digu kalterik egingo Espainiako Kopak. Ibilbide luzea izatea espero dut.

Gainera, hasierako hamaikakoan hain ohikoak ez zaretenontzat garrantzitsua da aurrera egitea.

Dudarik gabe. Taldeak gero etapartida gehiago jokatu, orduan eta gehiago jokatu dugu ere normalean aulkian egoten garen jokalariok. Oraindik entrenatzaileak ez digu esan nork jokatuko duen Algecirasen aurka, baina jokatzen duenak ziur nago ongi egingo duela. Handik emaitza on batekin etortzea garrantzitsua izango da, guztia etxerako utzi gabe. Hori ongi ikasi dugu azken urteetan.

Ezagutzen al duzue Algeciras? Etxean ez du oraindik partidarik galdu.

Badakigu, bai. Horregatik, ez da neurketa samurra izango. Haientzat berezia izango da, eta pentsatzekoa da zelaia goraino beteta egongo dela. Atzean talde sendoa da Algeciras, eta joko zuzena egiten du. Bi euskarrirekin jokatzen dute, eta aurrean lau jokalarirekin. Logikaren arabera, Realak igaro beharko luke kanporaketa, baina ezin gara fidatu. Defentsan zorrotz aritu beharko dugu.

Konfiantza apur bat galduta al dago Realeko defentsa? Azken partidetan gol dezente hartu dituzue.

Konfiantza galduta ez nuke esango. Iragan sasoian maila ikaragarria erakutsi zuten Mikel Gonzalezek eta Iñigo Martinezek. Aurtengo sasoian, ez gabiltza hain fin guztiok, eta hobetu beharreko arlo bat da defentsakoa. Halere, Espainiako Kopa txapelketa berezia da, eta gol bat hartuagatik ez dugu hainbeste arduratu behar. Algecirasen aurka hobe da 1-2ko emaitza lortu 0-1ekoa baino, nahiz eta gol bat jaso.

Espainiako Kopa alde batera utzita, ligan orain arte egindakoari buruz, ze hausnarketa egiten duzu?

Ona. Txapeldunen Ligak itzalpean utzi du akaso ligan egindako lan ona, baina guk badakigu ongi ari garela. Azken finean, ligak esaten du denboraldia ona izan den edo ez, eta gu bide onean ari gara. Pena izan da Txapeldunen Ligan gertatutakoa, baina datozen urteetarako esperientzia irabazi dugu. Zaleen laguntza aparta izan da. Horregatik, Bayern Leverkuseni irabazten ahalegindu behar dugu, garaipena eurei eskaintzeko. Ligari dagokionez, 23 puntu lortu ditugu hamabost partidatan. Zenbaki onak dira. Oraindik goiz da helburuei buruz hizketan hasteko, baina iragan sasoian lortutakotik urrun ez ibiltzea ederra litzateke.

Laugarren postu horren bueltan ibiltzea, alegia?

Orain ere hor inguruan gaude. Vila-real eta Athletic oso indartsu daude. Lehenengo hirurak, berriz, beste taldeen gainetik daude. Ezin ditugu ahaztu, dena den, Valentzia, Sevilla, Malaga... Talde asko gaude postu gutxiren helburuan, eta erregulartasuna mantentzea gakoa izango da. Realak badu zer hobetua, eta pentsatzekoa da gorantz egingo dugula.

Arlo pertsonalean, iragan sasoian baino gehiago jokatzen ari zara. Pozik, ezta?

Partida asko jokatzeak hori dakar, azkenean, jokalari guztien beharra dagoela. Gustura etortzen naiz egunero Zubietara, eta egiten dugun lanak fruituak ematen dituela ikustea pozgarria da. Taldea bezalaxe, garai onean nago, eta horri eustea da nire helburu nagusia.

Jagoba Arrasate herritarra ez ezik, laguna ere baduzu. Zer moduz ikusten duzu?

Ondo, betiko moduan. Eskertzen da normaltasuna aldagela barruan, eta eskertzen da baita ere lana gustuko duen entrenatzaile bat. Emaitza ona edo txarra izan, lana, lana eta lana. Horixe dauka buruan Arrasatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.