Liga da garrantzitsuena

Ligan etxeko lanak egin gabe jarraitzen du Osasunak, eta aurrerapausoa eman nahi du gaur Recreativori irabazita

2007ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Osasunak mailari eusteko aparteko arazorik ez duela izango dirudi, eta, agian horrexegatik, UEFA Kopan egiten ari diren lan ikusgarriari begira daude osasunazale gehienak. Baina bederatzi jardunaldi besterik ez da geratzen Liga amaitzeko, eta Osasunak etxeko lanak egin gabe jarraitzen du. Eta Ligaren azken txanpara estu eta larri iritsi nahi ez badute, Ligan lehenbailehen suspertu beharra daukate Jose Angel Zigandaren mutilek. Jaitsiera postuak zortzi puntura dituzte oraindik gorritxoek, baina sailkapenean atzetik dituzten talde apurrei aukera gehiago ezin die eman Iruñeko taldeak.

Ligan ezusteko handiak eman dituen taldearen aurka ariko dira nafarrak gaur. Talde igo berria da Recreativo, eta Ligako aurrekonturik eskasenetakoa du -4.200.000 euroko aurrekontua dute Huelvakoek, 20 milioi euro ingurukoa Iruñekoek-. Baina Europan jokatzeko aukera ematen duten postuetatik bi puntura da Marcelinoren taldea, eta Liga amaitzeko bederatzi jardunaldi falta direla, hori ez da kasualitatea. Ez da erraza izango, baina irabaztera behartuta dago Osasuna.

«Ustekabe bat baino gehiago eman du Recreativok sasoi honetan, eta bere merituengatik dago dagoen tokian. Gauzak ondo egiten ari dira Huelvan, eta jokalariak bikain kontrolatzen dituen entrenatzaile on bat izateaz gain, gola erraz sartzen duten aurrelariak ere badituzte. Recreativorena bezain aurrekontu txikia duten taldeek golak sarteko halako erraztasuna izatea ez da oso normala», adierazi zuen atzo Zigandak gaur aurkari izango duten taldearen inguruan galdetu ziotenean. Andaluziarrentzat hitz onak besterik ez zuen izan gorritxoen entrenatzaileak. Ez da gutxiagorako. Lehen itzulian jipoi ikaragarria eman zieten Recreativokoek gorritxoei, eta Zigandak badaki maila oneko talde baten aurka ariko direla gaur.

Denboraldi honetan jokatutako partida kaskarrenetako bat jokatu zuten gorritxoek Huelvan, eta etxeko taldea 2-0 aise nagusitu zen lehen itzuliko norgehiagokan, azaroaren 19an. Partida hura jokatu ondorengo egunak izan dira denboraldiko gogorrenak Zigandarentzat. Kargutik kendu behar zutela ere bazirudien. Baina, zorionez, UEFAn Odenseri 3-1 eta Ligan Deportivori 4-1 irabazi zieten nafarrek jarraian hurrengo astean. Bolada bikain baten hasiera besterik ez zen, urtea amaitu arte jokatutako partida guztiak irabazi egin baitzituen hurrena Osasunak.

Osasunako entrenatzaileak ez du ahaztu lehen itzuliko partida hura. «Ez dut ahaztu, eta ez dut inoiz ahaztuko, baina ez diot horri buelta gehiago eman nahi. Biharko partida irabaztea soilik daukat buruan, irabaziz gero aurrerapauso handi bat ez, hiru pauso emango baititugu. Gainera, agian, mesede egin zigun Recreativok lehen itzuliko lehia hartan. Real Madrilen aurka etxean 1-4 galdu ostean joan ginen Huelvara, baina 1-4 galdu arren, Real Madrilen aurka taldea nahiko txukun aritu zela esan zuten denek. Huelvakoaren ondoren,benetan zein egoeratan geunden konturatu ginen. Begiak zabaldu zizkigun porrot hark, eta non geunden ikusarazi zigun bide batez», adierazi zuen atzo Larraintzarkoak.



UEFA-KO AJEAREN BELDUR. Azken bi egunetan ondo ikusi ditu lanean bere mutilak Zigandak, ez Real Madrilen aurka jokatu bezperan bezala. Baina, hala eta guztiz ere,UEFAn garaipen onak lortu ostean Ligan partida negargarriak jokatu izan dituztela gogoan dauka Zigandak, eta bere beldurrak baditu entrenatzaile nafarrak. Eta Osasuna postu arrikutsuetara ez dela gehiegi hurbilduko erakutsi behar zaie behean dauden taldeei lehenbailehen. «Seguru nago Osasunak UEFAn jarraitzea nahiko zutela zenbait taldek, UEFAn jarraitzeak Ligan arreta galtzea ekarri ahal digulakoan. Guk ere nahiago genuen zenbait talde Ligarekin bakarrik geratu ordez, beste lehiaketetan ere bizirik jarraitzea. Bi lehiaketatan aritzeak nekea eragiten du, eta indarrak xahutu egiten dira. UEFAn aritu ostean Ligara gaizki itzuli izan garela badakigu. Halere, badakigu partida irabazteak zenbateko garrantzia daukan, eta hori da helburua, gaizki nahiz ondo jokatu», azaldu zuen atzo Ziganda entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.