Hamahiru jardunalditan hamabi puntu lortu dituzte Elordik eta Zabaletak. Jada sailkatuta daude finalaurrekoetako ligaxkarako, baina joko maila ikaragarria dute oraindik. Gaur, beste egun batzuetako distirarik gabe, neurketa ona egin dute Larrazabal eta Albisuri irabazteko (22-16). Sei puntu dituzte oraindik haiek.
Ez dira hasieratik gailendu faboritoak. Normalean baino segurtasun txikiagoz jardun du Zabaletak, eta Elordiri ere kosta zaio tantoak amaitzea. 14-16 galtzen joan dira, baina hor joera aldatu, eta amaierara arteko tantoak erreskadan egin dituzte. Neurketa ona egin du Mikel Urrutikoetxearen ordez jokatu duen Iker Larrazabalek.
Atzo, Irribarriak eta Rezustak 22-17 irabazi zieten Laso eta Imazi Labriten, Iruñean, eta kanporaketen lehiarako sailkatu da Aspeko bikotea. Etzi, berriz, partida erabakigarria jokatuko dute Tolosan (Gipuzkoa) Ezkurdia-Martijak eta Peña II.a-Mariezkurrenak. Behin-behinean, hirugarren postuan berdinduta daude sei punturekin Urrutikoetxea-Albisu, Laso-Imaz eta Peio Etxeberria-Rezusta bikoteak.