Liderrari eman diote agintea

Evenepoelek irabazi du Espainiako Vueltako 18. etapa, Cruz de Linaresera bidean erakustaldia eginda. Kussek sendotu egin du lidergoa, Vingegaardi bederatzi segundo aterata; hamazazpira du

Liderrari eman diote agintea.
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gauza bat da lasterketa bateko liderra izatea, eta beste bat, talde barruan buruzagi sentitzea. Sepp Kussek seigarren etapan eskuratu zuen Vueltako maillot gorria, baina gogotik kosta zaio Jumbo Visma taldeko agintea lortzea. Izatez, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaardi laguntzea zegokion, baina errepideak taldeburuen pare ipini du. Haiek kolokan jarri dute Kussen lidergoa mendiko etapetan, erasoz eraso; atzo, ordea, men egin zioten lasterketako liderrari, Cruz de Linareseko igoeran bukatu zen etapan. Garaipena, berriz, Remco Evenepoelentzat (Soudal) izan zen, ihesean beste erakustaldi bat eginda.

Jakina zen Vuelta Jumbo taldeko txirrindulari batek irabaziko duela, eta, ziurrenik, Kuss izango da txirrindulari hori. Mendian suzko proba bakarra geratzen zaio, larunbatekoa, eta antza denez, Vingegaardek eta Roglicek ontzat eman dute lasterketa hark irabaztea. Izan ere, eraso baino, babestu egin zuten atzo. Batik bat Vingegaardek egin zituen babesle lanak, eta bederatzi segundo galdu zituen helmugan Kussekin. Hori horrela, hamazazpi segundorena da orain sailkapeneko aurreneko bien arteko aldea. Roglic, berriz, 1.08ra dago oraindik. Mikel Landak (Bahrain) laugarren postura igotzeko ahalegina egin zuen azken mendatean, baina ezin izan zuen Juan Ayuso (UAE) atzean utzi, eta hiru segundo galdu zituen esprintean. Espainiarra hemeretzi segundora du orain, eta lidergoa, 4.19ra.

Maillot gorriaren lehiatik kanpo dago Evenepoel, baina hiru etapa irabazi ditu dagoeneko, eta eskalatzaile onenaren elastikoarekin igoko da podiumera. Atzo eman zuen azken kolpea mendiko sailkapenean, beste behin ihesaldian sartu eta mendiz mendi puntuak zakuratuta. Harekin batera, beste hamahiru txirrindularik egin zuten hanka tropeletik. Evenepoeli itzal egiteko prest ziren Damiano Caruso (Bahrain), Egan Bernal (Ineos), Max Poole (DSM) eta Andreas Kron (Lotto), besteak beste. Imanol Erbiti (Movistar) ere abenturari lotu zitzaion, bere ibilbidearen azken txanpan emaitza on bat lortu nahian.

Bukatzerako, dena argi

Azkar osatu, eta berehala finkatu zen ihesaldia. Jumbo Vismak zorroa garaipenez betea du jada, eta, gainera, ez zitzaion komeni helmugako gainsarien lehiak liderren arteko sua hauspotzea. Hori horrela, tropela oso mantso gidatu zuen, eta tartea aise zabaltzen utzi zien lasterketa buruko txirrindulariei. Haiek elkarrekin igaro zituzten Estacas eta San Lorenzoko mendateak; tropela hamar minutu baino gehiagora izanik, ez zuten erritmoa bizitzeko beharrik izan. Tenebredon gora, baina, estutzen hasi zen Evenepoel, eta gurpilean eraman zituen beste hautagaiak. Erbitik, ordea, ezin izan zuen galbahea igaro.

Cruz de Linares birritan igo behar zuten bukaeran. Bada, igoera bakarra aski izan zitzaion Evenepoeli etaparen borroka erabakita uzteko. Eutsi egin zioten hasieran Carusok eta Poolek, baina bakarrik gelditu zen tontorretik lau kilometrora, malda pikoenetan abiada azkartu ondoren. Helmugarako 29 kilometro luze gelditzen ziren oraindik, baina etapak garailea zuen ordurako.

Tropelean, Bahrain taldeak txanda hartu zion Jumbori Cruz de Linareseko lehen igoeran. Aletu egin zen multzoa, baina hautagaiek azken igoerarako gorde zituzten erasoak. Mikel Landak (Bahrain) astindu zuen erlauntza lehenik, baina Jumboko hirukotea ez zen ziztaka hasi. Horren ordez, Vingegaardek jarritako erritmoari jarraitu zioten. Landak ekinean jarraitu zuen, eta Ayuso ere ez zen geldi egon. Kohesioari eutsi zioten, ordea, sailkapeneko lehen hirurek. Hori horrela, zirrara galdu zuen azken kilometroetako borrokak, eta Vuelta irabazteko urrats handia egin Kussek. Gaur arazorik gabe eutsi beharko lioke lidergoari, etapa laua jokatuko baita La Bañeza eta Iscar artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.