Bart Jon Plazaolaren TutumPlatz! monologoa entzun ahal izan zuten Basauriko Social Antzokian (Bizkaia). Bada, gaur, SD Worx Itzulian gauzatzen ari den bakarrizketaren lekuko izan da antzeztoki bera. Eraikin horren aurrean jaso ditu besoak Mischa Bredewold (SD Worx) Europako txapeldunak, atzoko garaile berak. Gaurkoarekin, SD Worx Itzuliko menderaezina da oraindik ere. Lehiatu diren hiru edizioetako etapa guztiak irabazi dituzte gaur-gaurkoz.
Atzo tropeleko esprintean azkarrena izan zen; gaur, hiruko taldean gailendu da Bredewold. Helmugarako hamabi kilometro falta zirenean egin du eraso Juliette Labousek (DSM). Eta haren atzetik irten dira Mavi Garcia (Liv AlUla) eta Itzuliko liderra. Hirurak ondo konpondu dira, eta, tarte txikiarekin izan bada ere, Basauriko helmugara talde nagusiaren aurretik iristea lortu dute. Bredewold izan da azkarrena, bigarren tokian iritsi da Garcia eta hirugarren, Labous. Lau segundo geroago heldu dira Olivia Baril (Movistar), Demi Vollering (SD Worx) eta Elise Chabbey (Canyon SRAM). Eta bederatzi segundo galdu ditu talde nagusiak. Bertan helmugaratu da Ane Santesteban (Laboral Kutxa) lehen euskalduna, hamargarren tokian.
Pelotoian iritsi da parte hartzen ari den beste euskalduna ere, Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), 30. postuan. Itzulian bizitzen ari denaz eta emakumeen txirrindularitza izaten ari den gorakadaz mintzatu da etapa amaitu ostean: «Zirraragarria da hainbeste ume gu animatzen ikustea, sinadurak eta argazkiak eskatzen. Neska txiki pila bat gerturatzen da gugana; ikusten da nolabait eredu ari garela bihurtzen».
«Neska txiki pila bat gerturatzen da gugana; ikusten da nolabait eredu ari garela bihurtzen».
USOA OSTOLAZALaboral Kutxa taldeko txirrindularia
Goizeko hamaikak jo aurretik ekin diote txirrindulariek Itzuliko bigarren etapari. Basauriko Social Antzokia izan da irteera zein helmuga, eta Bizkaiatik irten gabe osatu dituzte gaurko ehun kilometroak. Abiatu eta gutxira igaro dute eguneko lehen mendate puntuagarria, Sarasola Gaina (2,9 kilometro eta %3,5eko pendiza). Igoera etzanaren gailurretik mendiko sailkapeneko liderra bera, Valentina Cavallar (Arkea) igaro da lehen tokian. Sarasolatik, Arratiara jaitsi dira txirrindulariak, eta, handik, Igorre eta Lemoan barrena, Txorierrira. Lehen zati horretan, ez da ihesaldi nabarmenik egon.
Larrabetzutik igarota, eguneko mendaterik luzeenean gora egin dute, Aretxabalgane (4,1 kilometro eta %5,7ko pendiza). Berriz ere, Cavalarrek aurrea hartu dio talde nagusiari, eta beste zenbait puntu baliotsu eskuratu ditu mendiko sailkapenerako. Bigarren mendatea jaitsita, aurrena Gamiz-Fikako zuzenbide gorabeheratsuak pasatu dituzte, eta, jarraian, eguneko mendate gogorrenari ekin diote. Bi kilometrora iristen ez den arren, %12tik gorako pendiza du Urruztigainak.
Urruztigaina, helmugatik urruti
Hirugarren eta azken mendate horretan lasterka hautsi du SD Worx taldeak: Niamh Fisher-Black igotzaileak erritmo indartsua jarri du, eta Demi Vollering taldeburuak eman dio errematea gainera iritsi aurretik erasoa jota. Volleringek tartea ireki du, baina jaitsieran eta osteko ordeka zatian zazpi txirrindulari batu zaizkio. Mendatetik helmugara iristeko 40 kilometro falta ziren.
Buruan zenbait kilometro egin dituzte Urruztigainan indartsuenak izan diren zortzi txirrindulariek. Vollering eta Reusserrez (SD Worx) gainera, talde horretan batu dira Labous, Garcia, Chabbey zein Ricarda Bauerfeind (Canyon SRAM), Evita Muzic (FDJ) eta Pauliena Rooijakkers (Fenix). Iheslariak, baina, ez dira ondo konpondu. Tropelean, gainera, zenbait talde lanean aritu dira, batez ere Movistar, eta lasterketa buruko taldetxoa harrapatu dute helmugarako hamasei kilometro falta zirenean.
Galdakao igarota, Bilboko Bolueta auzotik, Basaurira joan dira txirrindulariak; handik Arrigorriagan zehar itzuli bat eman dute Basauriko helmugara itzuli aurretik. Azken tarte horretan egin du ihes helmugara heldu den hirukoteak. Movistarren lana ez da nahikoa izan tropelak garaipena jokatu ahal izateko. Horrela, Bredewold are eta liderrago da Itzuliko sailkapen nagusian. Etapako garaileak dituen denbora sariei esker, SD Worxekoak hamalau segundoren aldea ateratzen dio Labousi, eta hamabostena, Garciari.
Azken festa, Donostian
Bihar argituko da nor izango den aurtengo Itzuliaren irabazlea. Donostiatik abiatu eta amaituko da azken etapa, ibilbide guztia Gipuzkoatik irten gabe egin ostean. Iaz ere ibilbide berbera osatu zuten, eta, orduan gertatu bezala, txirrindulariren batek sailkapen nagusia iraul dezake bihar ere.
Vollering, hautagai nagusia, bere taldekidearengandik hemeretzi segundora dago sailkapen nagusian; eta Reusser, iazko irabazlea, 27ra. Labous, Chabbey, Baril eta Muzic ere kontuan hartzekoak izango dira. Guztiak daude liderrarengandik 30 segundora baino gutxiagora.
Talde estrategiek garrantzi handia hartuko dute biharkoan. Ia 115 kilometroko ibilbidean, lasterkariek Jaizkibel mendatea igaro beharko dute lehenik. Gero, Gurutzeko muinoa pasatu eta, Donostian barrena, Mendizorrotz igoera pikoari ekingo diote. Handik, 25 kilometro izango dituzte ordekan helmugara iritsi aurretik. Tarte horretan erabaki zen iazko itzulia —Reusserrek alde egin zuen, eta, ateratako aldeari esker, Vollering taldekideari elastiko horia ebatsi zion—, eta aurtengoan ere talde jokorako aukera izango dute.