Bihar beteko dira hiru urte Montse Puchek debuta egin zuela Bera Beraren aulkian. Ia aldi berean, 100 partida bete ditu Donostiako taldea zuzentzen. Igandean ailegatu zen zenbaki borobil horretara, eta modu ezin hobean ospatu zuen. Zuzentzen dituen jokalariek opari ederra egin zioten: Porriñori 33-21 irabazi, eta lider dira berriro Espainiako Ohorezko Mailan, Ro'Casarekin eta Guardesekin berdinduta. «Lider jartzea nire 100. partida ospatzeko modurik onena izan da. Taldeak oso ondo jokatu zuen, bereziki lehen zatian». Duela hiru urtetik «amets bat» betetzen ari dela dio, eta oso eskertuta dago klubak lehen egunetik eman dion konfiantzarengatik.
Ez da harritzekoa. Izan ere, 2015eko apiril hura ez zen garairik errazena Bera Berara etortzeko. Aitor Etxaburu kargutik kendu berri zuten, eta giroa nahasi xamarra zegoen. Kirol emaitzak onak izan arren, taldea «alaitasunik gabe eta bultzada baten beharrarekin» ikusten zuen zuzendaritzak, eta apustu handia egin zuen Pucheren alde. Neurri batean, arriskatua, entrenatzaile lanetan eskarmenturik izan gabe iritsi baitzen Bera Berara. Jokalari moduan izandako ibilbidea zen haren bermea. Ez nolanahikoa, dena den, Espainiako eta Europako txapelketa nagusiak irabazia baitzen.
Hiru urte hauetan ez du berme hori erabili behar izan. Zuzendutako 100 partidetatik 83 irabazi ditu, hamalau galdu eta hiru berdindu. Datuak ikusgarriak dira. Baina, hortik harago, Pucheren izaera lehiakorrak, zorrotzak eta langileak beste bultzada bat eman dio Bera Beraren proiektuari.
Horri esker, jokalari garaitik zuen zor bat kitatu ahal izan du. Izan ere, 2007-08ko denboraldian Bera Beran jokatu zuen. Izar moduan iritsi zen, baina ez zuen maila eman. «Pixkanaka joan naiz arantza hori kentzen. Baina gehiago eman nahi dut. Beti egongo naiz eskertuta klub honi, gutxi baitira lehen aukera halako klub handi batean dutenak».
Asko ikasi du denbora honetan: «Hau abentura handi bat da, eta egunero uzten dizkizun irakasgaiak barneratzea zirraragarria da. Izan ere, jokalari moduan duzun eskarmentuak zertxobait lagundu arren, ez du zerikusirik entrenatzaile izatearekin». Honela azaldu ditu desberdintasunak: «Entrenatzaile gisa ardura handiagoa da: planifikazioa, partiden prestaketa, multzoaren kudeaketa...». Urtero taldea eraberritu behar izatea da harentzat, halere, buruhausterik handiena: «Dena den, onena da taldeak oso garbi duela bere bidea eta filosofia, eta hori ezeren gainetik dago eguneroko lanean». Alde horretatik, klubak funtzionatzeko duen moduak asko lagundu dio. «Eredugarria da. Uste dut Ohorezko Maila ondoen funtzionatzen duen taldea dela. Dena ematen dizute». Beraz, datorren denboraldian bertan jarraitzea gustatuko litzaioke: «Oraindik ez dugu kontratua berritzeaz hitz egin, baina hori da nire nahia».
Denbora honetan gogorrena aurreko sasoi amaiera izan zen, azken unean Espainiako Ligak eta Kopak ihes egin baitzien. «Gogorra izan zen azken unean galdu genuelako eta zorte oso txarra izan genuelako lesioekin».
Beraz, sasoi amaiera honetarako gauza bakarra eskatu du: lesiorik ez izatea. Hala bada, aukerak ikusten ditu liga eta kopa irabazteko. «Taldea gaztea da, baina behetik gora dator, eta oso sartuta eta konprometituta ikusten dut». Dena den, Ro'Casa eta Guardes ere ondo ikusten ditu. «Kopan ikusiko dugu zein dagoen fisikoki hobeto. Alor hori erabakigarria izan daiteke».
Ligan, Aularen kontra etxean jokatu behar duten partida dirudi zailena. Baina Puche ez da fio. «Partida guztiak final baten parekoak dira. Banaka joan behar dugu, eta guztietan dena eman. Gainontzean, ezusteren bat izan dezakegu. Aurrekoan Ro'Casari Zuazoren kontra gertatutakoa ikustea besterik ez dago. Asteburuan Granollersen kontra jokatu behar dugun partida arreta handiz jokatu behar dugu. Aurkarientzat motibazio bat da gure kontra jokatu behar izatea». Onartu du, dena den, Ro'Casak egutegi gogorragoa duela. «Ikusi beharko da, halaber, nola eusten dion, Europan ere partida erabakigarriak jokatuko baititu».
Bi asteburu barru jokatuko dute Kopa:«Oso txapelketa polita da. Hasi gara horri begira gauza batzuk lantzen. Irabazteko ilusioarekin goaz, baina garbi izanda ez garela faboritoak. Gu baino indartsuagoak diren bi talde daude: Ro'Casa eta Guardes. Malagak ere, etxean jokatuta, ezustea eman dezake».
Montse Puche
Lider jarrita ospatu du
Ehun partida bete ditu Bera Bera zuzentzen. Eskarmenturik gabe iritsi zen donostiarren aulkira, baina, haren izaera lehiakorrari eta langileari esker, taldeak hazten segitu du: «Handizalea naiz, eta gehiago eman nahi diot talde honi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu