Galdakaoko erdialdean hitzordua egin, eta jende pila batek agurtu du. Denei egin die kasu, jatorra baita. Kafesnea eskatu, eta txokolatezko hostorea jarri diote, eta jan egin du. Akabo dieta, ala? «Jatuna naiz, eta zaindu beharko dut. Baina lehen ere egiten genituen halakoak. Castroviejo eta biok, oso noizean behin, Getxoko pasteldegi batera joaten ginen, eta txokolatezko palmera jaten genuen. Hori bai, gero beste ordu eta erdi entrenatu aurretik». Euskara «herdoildu samar» duela esan du; ez zaio nabaritzen.
Elkarrizketa honen buruan, zure izenaren alboan, 'txirrindulari ohia' jartzen du.
Hala naiz eta. Madrilen helmuga pasatu nuenean garbi nuen profesional ohia nintzela. Pozik nago nik aukeratu dudalako noiz eta non hartu erretiroa.
Zergatik orain?
Arrazoi asko daude. Egin beharreko ahalegin eta sakrifizio izugarriak erabat egin behar dira, eta beste urtebetez irautea ez da erraza. Itzuli handiak oso gogorrak dira, eta, segituz gero, nire egutegian itzuli handiak egon behar dira. Utzi behar nuenean utzi dut. Maila on batean utzi nahi nuen, eta World Tourrean. Ez dut iritsi izan nahi «mesedez, joan zaitez» esaten dizuten une horretara. Egunen batean, nabarituko dut txirrindularitzaren hutsunea, baina ez dut uste beste urtebete jarraitu izanaren nahia izango dudanik. Txirrindularitzan bizi beharreko guztia bizi izan dut; zaila izango zen zerbait berria bizitzea.
Jarraitzeko aukerarik ba al zenuen? Muriasen buka zenezakeela uste zuten askok.
Ez naiz saiatu ere egin. Baneukan uztea hurrengo urteko Euskal Herriko Itzulian. Dimension Datan nirekin pozik zeudela esan zidaten, gazteek batez ere. Murias aipatu duzu; proiektu interesgarria da, oso aberatsa, eta egon zen kontakturen bat aurreko urteetan. Hori ohorea izan zen niretzat. Baina nik bere garaian aukera izan nuen Euskaltelen, eta orain beste gazteei dagokie aukera hori: lekua utzi behar zaie.
Bestalde, jarraitzea ez da bakarrik kontratua sinatzea; sufritu beharrekoa ere gogorra da. Aurtengo Italiako Giroa, esaterako, oso gogorra izan da. Ez nuen joan nahi, eta ez nuen bukatu. Hesteetako arazoekin ibili nintzen... Giroan hondoa jo nuen, eta orduan pentsatu nuen: «Nola bukatuko dut denboraldia? Hau ez da bizimodua». Zorionez, sentipen txar hori gainetik kendu dut. Donostiako Klasikoan 14. izan nintzen, Burgosko Itzulian 4., eta Vueltan ere ondo. Koskatxo bat falta izan zait, gazteekin alderatuta indarberritzea ez delako berdina, eta, gorago ibili izan banintz, agian erabakia beste bat izango zen. Oizen emaniko maila hartuko dut gogoan.
Zer egingo duzu orain arte egin ezin zenezakeenik?
Bidaietan interesa dut: abenturaren bat bizi nahi nuke. Mendia izugarri gustatzen zait: Carlos Soria, Alex Txikon... horiek dira nire bizitza idoloak. Gero, alabaren logela apaindu ere egin nahi dut. Gustatzen zaizkit eskulanak: zuhaitzeko etxe batekin, gaztelu batekin edo halako zerbaitekin atondu. Ortu txiki bat ere badut, eta landatu nahi dut zerbait. Denbora pixka bat behar dut zer egin nahi dudan erabakitzeko. Amets bat dut, hori bai: emaztearekin eta alabarekin furgoneta bidaia luze bat egitea Europan barrena.
Ikasketarik ba al duzu?
Bai, goi mailako mekanikari modulua egin nuen. Gustatzen zait. Citroen 2CV furgoneta zahar bat dut, doscaballos-a, eta nire eskuekin konpondu izan dut.
Txirrindularitzak lanetik atera al zaitu? Lan egin beharko duzu?
Lasai egoteko denbora badut. Txirrindularitzak ekonomikoki eman didana, zorionez, pozik egoteko modukoa da. Hanka sartzea litzateke zerbaitekin arinegi egitea. Pentsatu egin behar dut. Lotuko ez nauen zerbait nahi dut. Nire kirolari esperientzia kontatu nahiko nuke, hitzaldietan-eta.
Diru kontuetan hasita, oroitzen al duzu zer egin zenuen lehen txirrindulari soldatarekin?
Gorde egin nuen. Orduan ez nekien hurrengo urtean kontratua izango nuen. Aldiz, bigarren urteko diru batekin Mini Cooper zahar bat erosi nuen. 2006an izan zen, Vueltan etapa bat irabazi eta gero. Nire lehen autoa izan zen.
Zure ibilbidearen zer balantze egiten duzu?
Balantzea beti izan daiteke hobea, baina, Alberto Contadorri galdetuko bazenio ere, hark gauza bera esango lizuke. Dena den, nik elkarrizketa hau debutatu nuenean irakurri banu, «hau ez da egia» pentsatuko nuen. Bizitako uneak, garaipenak, ezaguturiko jendea... Balantzea? Oso-oso ona. Oso pozik noa. Lehen urtean gaizki pasatu nuen; «ni ez nago honetarako egina», pentsatu nuen. Baina jarraitzen duzu, ikasiz, jendeari kasu eginez... Lehen urte hartan, lortu dudanaren erdia lortzea sinatuko nukeen.
Euskaltelen morroi hasi zinen, eta lider bukatu zenuen.
Aldaketa oso arin iritsi zen. Lehen urtean zertzelada batzuk izan nituen, oso txikiak: eraso bat... Niretzat txikikeriak ziren. Baina bigarren urtean aldaketa nabaritu nuen. Giroa lehen itzuli handia izan zen, eta nabaritu nuen fisikoki eta mentalki jauzia egin nuela. Vueltan etapa bat irabazi nuen [Calar Altoko gainean], Urkiolan hirugarren izan nintzen... Pauso handia izan zen. Eta 2007tik aurrera lider izan nintzen urte askoan, horrek zekarren presioarekin.
Presio hori zama handia al zen?
Presio hori nabaritzen duzu, hor dago, baina ni presio horrekin nenbilen urteetan aritu nintzen ondoena. Gero, luzera, presio hori ordaindu egiten duzu; lider izatea gogorra da. Urte asko izan ziren.
Beti egotzi izan zaizu animoz oso ez zinela gogorra.
Badakit, baina hori diotenei esango nieke hamalau urte eta 21 itzuli handi egiteko bizikleta gainean. Ni lehiatzera nindoanean, itzuli handi batera esaterako, joan aurretik pasatzen nuen okerren. Gero, behin han, zentratu egiten nintzen. Adibidez, 2011ko Vuelta asko okertu zitzaidan, baina ez nintzen amildu, eta gero Bilboko etapa irabazi nuen. Lider moduan une gogor asko pasatu nituen, baina une horietan batzuk hazi egingo ziren, eta beste batzuk kikildu. Ni presioarekin bizi izan nintzen; ez zen erraza, baina eramaten asmatu nuen. Txirrindulari batzuk zeharo lotzen ditu presioak; beste batzuek, aldiz, ez dute sumatzen. Rigo Uran da eredurik garbiena.
Laguntzarik eskatu izan al duzu arlo psikologikoa lantzeko?
Bai. Esaterako, oroitzen naiz Koikili Athleticeko jokalari ohiarekin egin genuela egonaldi bat. Trebatzaile lanetan ibiltzen da. Nieve eta biok egon ginen, 2011ko Girora joan aurretik. Nik Zoncolanen irabazi zuen, eta berak, Gardezian. Eskola onena, baina, esperientzia da. Dena den, nik nahiago dut jendeak pentsatzea psikologikoki ahula nintzela, kabroi bat nintzela pentsatzea baino. Gogoratzen dut une askotan gauza asko lortu ditudala nire mentalitateari esker.Nik dena tentsio handiz bizi nuen. Antsietate hori izan dut barruan: lan asko egin duzu, ikusmina dago... Buruak urduritasun hori elikatzen du. Nik ondo nengoela sentitu beharra neukan, baina, behin lehian hasita, nire onena ematen nuen.
Askotan pentsatu al duzu 2010eko Vueltako erorikoan? Lider zinen, astebete falta zen...
Gogoratzea ez da txarra. Jendeak uste du nire unerik txarrena izan dela, baina ez da hala. Une txarra izan zen; Vuelta eskuetan nuen, eta galdu egin nuen, baina ni baino gehiago oroitzen da jendea. Nire ibilbidea dena da, gauza onak eta txarrak. Irabazi izan banu, kontratu hobea lortuko nuen agian, baina ez dut uste beste ezer aldatuko zenik. Bi etapa irabazi nituen, lider nintzen... Eta nik galdu nuen Vuelta hura.
Erori izan ez bazina, Vuelta hura irabaziko zenukeen?
Sasoi oso onean nengoen. Irabazi ez dakit, baina podiuma, ziur.
Zein izan da unerik txarrena?
Osasunez ondo ez egon arren lasterketa batera joan behar izan dudanean. Lau aldiz egon naiz ospitalean, berrindartzen... Eta egunerokoa ere bai. Hemen eguraldi txarra egon, gogor entrenatu nahi, eta egunean bertan autoa hartu eta Pancorbora jaistea erabakitzen duzu. Orain liberazio moduko bat sentitu dut.
2011n Zoncolanen eta Bilbon irabazi zenuen, eta 2012tik aurrera, ia ezer ez. Zer pasatu zen?
Oso erraza da azaltzen: txirrindularitzan, ez baduzu irabazten, badirudi porrot egin duzula. Irabazten ez baduzu, badirudi ez zarela ari zure maila ematen, edo gaizki zaudela, eta ez da horrela. Irabazteko, zortea ere izan behar da, eta hori pasatu zitzaidan niri. Gero, talde aldaketak iritsi ziren, eta haiekin, nire rol aldaketa.
Talde aldaketa aipatu duzu. Bost urte dira Euskaltel desagertu zela. Zein oroitzapen duzu?
Azken urtearen hasieran, pentsatzen genuen egitasmoak jarraitukozuela. Oroitzen naiz une batean Fernando Alonso 1 Formulako gidaria agertu zela... eta urrian ia botata gelditu ginen. Une gogorra izan zen; txirrindulari eta langile asko (mekanikariak, masajistak...) langabezian gelditu ziren. Azken Vueltan, taldekako sailkapena irabazi genuen; horri eman nahi diot garrantzia. Bost urte pasatu dira, baina badirudi antzinako zerbait dela.
Orain antzeko egitasmoak daude: Murias, Euskadi Fundazioa... antza ikusten al diezu?
Bai, noski. Begira, bestela, zer Vuelta handia egin duen Muriasek. Dena den, uste dut beste bultzada bat behar dutela, finkatuz joateko. Babesle on bat gauza handia litzateke, edo, agian, alor politikoaren interes handiagoa. Zaleak hori eskatzen du. Bi proiektuak gustatzen zaizkit. Badakit ez dela erraza, baina, nire ustez, bien arteko akordioa gauza handia litzateke. Ni Fundaziotik irten nintzen, eta bihotz zati bat dut han, baina ikusi dut nolako lana egin duen Odriozolak.
Gero Movistarrera joan zinen.
Aldaketa handia izan zen, beste talde filosofia batera. Valverde eta Quintana zeuden. Quintana irabazitako Giroa hartuko dut batez ere gogoan, talde hartan bainengoen. Ez zen erraza nire lekua aurkitzea. Baina posible izan nuen berriz irabaztea, eta nire amaren oroigarri irabazi nuen Asturiasko Itzulia 2015ean. Eredu bat izan zen niretzat bizitza osoan.
Eta, gero, Dimension Data.
Talde berezia da: Hegoafrikakoa, mundu guztiko txirrindulariak, Cavendish... Interesgarriena Qhubeka egitasmoa zen, umeei bizikletak oparitzearen hori. Taldekide eritrearrak izan ditut, Ruandako bat... Zer erakutsiko diot nik berari, berak bere herriko genozidioa ezagutu bazuen? Konfiantza egin genuen, eta haren ahotik bere testigantza entzutea aberasgarria izan zen. Gauza asko eman dizkidate hiru urte hauek.
Zure ibilbidearen urteetan, dopin kontuak bolo-bolo ibili dira. Arlo horretan, txirrindularitzak hobera egin al du?
Bai, noski. Egoera aldatuz joan da; orain, kontrolak zorrotzagoak dira, eskandalu handiak egon direlako. Ni harrituta nengoen; halakoak entzun, eta nola jarrai nezakeen hemen? Orain hobeto gaude. Baina entrenamenduak ere hobetu dira; gaztetatik sakrifizio handiak egin behar dira, eta jendeak ez daki hori. Jendeak uste du ezin dela itzuli handi bat egin ezer hartu gabe, baina horretarako daude lan saio gogorrak, atsedena, masajea, ezin duzu ezer egin entrenamendutik kanpo...Nik 35 urte ditut, eta niregorputzak barneratu egiten ditu ahalegin handiak. Gorputza makina harrigarria da. Eta zuk bidezidor bat hartzen baduzu, badakizu lehenago edo geroago harrapatuko zaituztela, eta arazo handia izango duzula. Ez du merezi.
Zuri egokituko zitzaizun gertukoren batek positibo ematea.
Bai, ezusteko txarra da beti. Izoztuta gelditzen zara; hil dela dirudi. Amaitu da haren ibilbidea. Horrelakoak badaude. Tira, hil dela dirudiela esan dut, baina ez, ez da hala, okerrena da lagun batek istripua duenean. Gogoratzen ditut Victor Cabedo, gurekin Euskaltelen zegoena, Iñaki Lejarreta... Hori da alderik txarrena.
Eta maila? 2018ko txirrindularitza 2004koa baino hobea da?
Bai. Hala ere, beterano batzuk mantentzen dira, klase handikoak. Garai hartan beste modu batera bizi zen txirrindularitza, orain beste aurrerapen batzuk daude: aplikazioak, telefonoa, entrenamenduko datuak... Dena kontrolatzen da gehiago. Entrenamendua, pisua, zein lan egin duzun, zer potentzia... Xehe-xehe kontrolatzen da guztia, baina horrek erre egiten zaitu epe luzera.
Igor Anton. Txirrindulari ohia
«Liberazio moduko bat sentitu dut orain»
Hamalau urteko eta 21 itzuli handiko ibilbidearen higadurak eraman du erretiroa hartzera. Anton gustura dago eginikoarekin: «Erdia lortzea ere sinatuko nuen debutatu nuenean». Orain, gustuko dituen beste gauzekin hasteko irrikan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu