Txapeldunen Liga jokatu ahal izatea oparia zen Realarentzat eta ingurukoentzat. Suerta zitekeen oparirik onena. Horretan ez zuen inork zalantzarik egiten Donostian. Emaitzak ikusirik, ordea, bada taldearengandik gehixeago espero zuenik. Atariko kanporaketan Olympique Lyon hankapean ibili ostean, susto bat baino gehiago emateko gai ikusten zuten askok eta askok Reala ligaxkan. Taldea, baina, ezinean aritu da hasi eta buka. Zenbakiek ez diote gezurrik: puntu bakarrarekin eta gol bakarra sartuta amaitu du ligaxka, eta bai Xakhtar Donetsk, bai Bayer Leverkusen eta bai Manchester United dezente gehiago izan dira. Koska bat edo bi gorago daudela erakutsi dute. Sei partidatik ez dute alerik irabazi txuri-urdinek; hori bai, bere txarrean, esperientzia hartzeko eta lezioa ikasteko balio izan die. Horixe nabarmendu dute, hain zuzen ere, Realeko hainbat jokalari ohik.
JUANAN LARRAÑAGA Realeko jokalari ohia
«Txapeldunen Liga jokatzea aurrerapausoa izan da. Orain, ikasitakotik edan behar dute»
Txapeldunen Ligak denetik izan du Realarentzat. «Minutu onak jokatu dituzte, baina, orokorrean, aurkariak gehiago izan dira. Bloke gisara funtzionatzea falta izan zaie txuri-urdinei, gehiegitan aritu dira zatituta, eta garesti ordaindu dute». Emaitzek guztia begi bistan jartzen dutela dio azpeitiarrak. «Puntu bat soilik lortzea ez da kasualitatea. Askok esaten dute gehiago merezi izan duela, eta akaso hala da, baina Europa Europa da, eta kito». Denen gainetik, Manchester United egon dela dio. «Horretan ez dago zalantzarik, baina Bayer Leverkusen eta Xakhtar Donetsk ere Reala baino hobeak izan dira. Antolaketa ona duten bi talde dira, eta horixe falta izan zaio Realari». Dena den, onenen artean egotea esperientzia bikaina izan dela iritzi dio, batez ere, etorkizunari begira. «Txapeldunen Liga jokatzea aurrerapausoa izan da, jendeak hala uste ez arren. Orain ikasitako horretatik edan behar dute, eta ligan baliatu. Gabonak Europako postuetan igarotzea oso garrantzitsua da».
JOSE MARI BAKERO Realeko jokalari ohia
«Liga da garrantzitsuena, baina Europak urteroko kontua izan behar du Realarentzat»
Sailkapen fasean Reala ezinean aritu izanak ez du harritu Bakero. «Talde gaztea dauka Realak, eta Txapeldunen Ligan inork uste baino gehiago balio du esperientziak. Ezeren gainetik, hori falta izan zaie». Gogoan du, esaterako, Leverkusenen luzapenean galdutako partida. «Zorte txarra ere izan zuen, baina guztia ez da hori. Partida osoan kontzentratuta jokatzen jakin behar da». Europa ahaztuta, orain ligari begiratu behar zaiola argi du. «Dudarik gabe, liga da garrantzitsuena. Ligak ematen du datorren denboraldian Europan aritzeko aukera. Eta Europak urteroko kontua izan behar du Realarentzat, kalitate handia baitauka lerro guztietan».
LUIS FERNANDO DADIE Realeko jokalari ohia
«Hiru egunetik behin lehiatzea gogorra egin zaie; etsigarria izan da emaitza guztiontzat»
Realarengandik gehiago espero zuen Dadiek. «Emaitza etsigarria izan da denontzat. Uste baino lehenago geratu ziren aukerarik gabe. Hiru egunetik behin lehiatzea gogorra egin zaie, eta lesioek ere ez dute lagundu». Denboraldi-aurrean egindako lan fisikoak ondorioak izan dituela uste du. «Taldea nahiko nekatuta ikusi dut, aurreko partidetatik erabat osatu gabe. Txapeldunen Ligan jokatzeko bikain egon behar da fisikoki eta psikologikoki». Jagoba Arrasatek zailtasun handiak izan dituela aitortu du. «Lesioen ondorioz, ez du gustukoen duen hamaikakorik ateratzea lortu. Lehiakorrak izan dira, baina Europan hori baino gehiago behar da». Esperientziatik ikasi beste aukerarik ez dagoela dio. «Ordea, zaila izango da berriz ere Txapeldunen Ligara sailkatzea, eta, are zailagoa, jokalari onei eustea».
PERIKO ALONSO Realeko jokalari ohia
«Multzorik zailenetakoa izaki, zaila zen aurrera egitea, baina ez dugu Realik onena ikusi»
Multzoen zozketaren berri izan zuenean, Realak aurrera egiteko zail zuela igarri zuen Alonsok. «Txapeldunen Ligako multzorik onenetakoa izan du Realak, onerako eta txarrerako. Txarrerako, aurrera egitea zaila zelako, eta, onerako, ikasteko balio izan duelako». Europa zer den ikasi arren, gehiago egin ezaren pena geratu zaio tolosarrari. «Guztiok espero genuen iragan sasoiko Reala ikustea, eta ez da hala izan. Ez Txapeldunen Ligan ez ligan, ez dugu Realik onena ikusi. Onena ikusi bagenu zer gertatuko zen? Ez dakit, baina nik pena hori daukat». Orain, aurrera begiratu behar dela dio. «Europa zer den ezagutu dute, ongi ezagutu ere. Taldea gaztea da, eta iritsiko da zerbait ospatzeko eguna».
AGUSTIN ARANZABAL Realeko jokalari ohia
«Lesioek, gol faltak... Faktore askok egin dute bat, baina lanean segitu besterik ez dago»
Dadiek bezalaxe, Aranzabalek ere uste du hiru egunetik behin jokatzea gogorregia egin zaiola Realari. «Guk ere izan genuen hori orain dela hamar urte, eta, egia esan, emaitzek laguntzen ez dutenean pisutsua gertatzen da». Lesioek eta gol faltak Txapeldunen Ligan puntu bakar bat lortu izanarekin lotura zuzena dutela uste du. «Realeko jokalari dezente joaten dira euren selekzioekin jokatzera, eta horrek ez du laguntzen lan saioak prestatzeko. Horrez gain, lesioek ez dute lagundu. Bi aurrelariak ere antzu samar dabiltza. Gehiago lagundu izan balute...». Orain, lanean jarraitu beharra dagoela dio. «Ez da ezer gertatzen Europatik at geratuta. Ligan bikain ari dira, eta horri eutsi behar zaio».
Lezioa ikasteko balio izan du
Txapeldunen Ligako atarikoa aise gaindituta, gehienek uste baino maila apalagoa eman du Realak ligaxkan. Hainbat jokalari ohi bat datoz horretan, eta uste dute orain ligari eutsi behar zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu