Mendeurreneko ospakizunetan errepideko lanei izkin egin ezinik ibili da Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa. 1892an ekin zion bideari Doyenne-ak [hala deitzen diote klasikoetan zaharrenari], eta 100. ekitaldia izango da biharkoa. 2008tik gogortasunari beste ukitu bat emanda zeukan ibilbideak, Saint Nicolas %8,6ko batez bestekoa daukan kilometro bateko paretaren aurretik Roche aux Faucons kilometro eta erdiko gogortasuna (%9,3) sartu baitzuten antolatzaileek orain bost urte. Baina aurten leundu egin behar izan dute azken zatia, Roche aux Faucons inguruan errepideko lanak egiten ari direlako. Colonster 2,4 kilometroko aldapak ordezkatuko du, baina, luzeagoa izan arren, askoz igoera leunagoa da azken hori; %6ko batez bestekoa dauka. Iaz baino lau kilometro gehiago izango ditu probak (261,5), baina leunagoa izango da.
Ondorioa? Azken hamar kilometroetara tropel handi-handia iristeko arriskua dagoela. Ondo bidean, garai bateko garrantzia berreskuratuko du La Redouteko igoerak. Lasterketa txikitu nahi duten taldeek bi kilometro horietan ekin beharko diote leherketari, Colonsterrek ez duelako min handirik eragingo. 38,5 kilometro geratuko dira, ordea, La Redouteko gainetik helmugara; talderen bat atzean antolatzeko nahiko tarte bada hori. Ordura arteko zalapartaren arabera, Saint Nicolasen gora mugitu beharko dute onenek, 5,5 kilometro besterik ez daudelako gainetik Anseko helmugara.
Begiratu batera leunxeagoa izan arren, ordea, ikuskizunak beste egun gogoangarri bat izango du gaur, bost monumentuetako laugarrenean —Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix eta Lombardiako Giroa dira beste laurak—. Eddy Merckx ageri da oraindik ere garaipen kopuru handienarekin. Bost aldiz irabazi zuen belgikarrak. Lau garaipenekin dago Moreno Argentin italiarra; eta, lehian ariko direnen artean, bi garaipen dauzka Alejandro Valverdek (Movistar), 2006koa eta 2008koa.
Anton eta Samuel Sanchez
Faborito bakoitzaren sasoi puntua nolakoa den ikusi beharko da, baina, Ardenetako lehen bi klasikoetan ikusitakoaren arabera —Trentinoko Girotik iritsiko dira beste batzuk—, aurreko lehian ibiliko da Valverde bera. Txirrindulari asko zaindu beharko ditu, ordea, espainiarrak: Philippe Gilbert (BMC), Joaquim Rodriguez (Katuxa), Sergio Luis Henao (Sky), Bauke Mollema (Blanco), Carlos Alberto Betancur (Ag2r), Michal Kwiatkowski (Omega), Daniel Martin (Garmin), Simon Gerrans (Greenedge), Jelle Vanendert (Lotto), Vincenzo Nibali (Astana)... Euskaltelek ere talde indartsua eramango du, Igor Anton eta Samuel Sanchez tartean direla. Hori bai, puntutxo bat falta zaio bizkaitarrari, eta Giroa besterik ez dauka buruan espainiarrak. 10:30ean abiatuko da tropela Liejatik, eta 17:00 aldera iritsiko da Ansera.
Leunduta datoz ospakizunak
1892an bideari ekin zionetik, 100. aldiz jokatuko da bihar Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa, zaharrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu