Letaginak, zorrotz

Tony Gallopin gailendu da Espainiako Vueltako zazpigarren etapako amaiera urdurian. Alex Aranburuk eguneko ihesaldia harrapatu du

Letaginak, zorrotz.
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Adinaren poderioz, pedal kolpea kamusten zaie txirrindulariei. Etapa ehiztariek, ordea, ez dute sena galtzen. Espainiako Vueltako zazpigarren etaparen azken kilometroetako eraso festan hortzak ondo zorroztuak zituen Tony Gallopinek (Ag2r). 30 urteko frantziarrak zirt edo zart erasoa jo zuen amaieratik bizpahiru kilometrora, eta bakarrik ailegatu zen Almadengo (Espainia) helmugara. Ag2r-ren garaipenarekin, zazpi taldek irabazi dute aurtengo Vueltan.

Helmugatik hamabost kilometro ingurura zegoen hirugarren mailako mendateak piztu zuen lehia. Movistarrek hartu zuen tropeleko ardura, eta erritmoa nabarmen bizitu zuen. Ondorioz, esprinter bizkorrenek hanka altxatu behar izan zuten; hala nola Elia Vivianik (Quick Step), Giacomo Nizzolok (Trek) eta Nacer Bouhannik (Cofidis).

Batez ere, jaitsieran eta jarraian zeuden muinoetan hautsi zen lasterketa. Tropelean zegoen kontrolik eza baliatuta, erasoa jo zuen aurreneko txirrindularia Lluis Mas (Caja Rural) izan zen. Zuloa zabaldu zuen, baina ez zuen irauterik lortu. Multzo nagusian eraso festa hasita zegoen jada. Gainera, Michal Kwiatkowski (Sky) sailkapen nagusian atzo artean bigarren sailkatuak erorikoa izan zuen. Inor ez zegoen, beraz, zain egoteko. Jesus Herradak (Cofidis) egin zuen hurrengo ahalegin serioa. Buruan zela, ordea, ziztu bizian pasatu zuen Tony Gallopinek, helmugatik bi kilometrora. Atzera begiratu gabe egin zuen aurrera.

Bora zuloa ixten ahalegindu bazen ere, berandu zebilen. Peter Sagan (Bora) eta Alejandro Valverde (Movistar) izan ziren bigarren eta hirugarren. Laugarren izan zen Euskadi-Muriaseko Eduard Prades. Azkenean, Kwiatkowskik 30 segundo galdu zituen. Ondorioz, nagusian lau postu egin du atzera. Rudy Molardek (FDJ) jarraituko du lider.

Arrakastarik gabe, baina eguneko ihesaldia zazpi kidek osatu zuten. Tartean zeuden bi euskal herritar: Alex Aranburu (Caja Rural) eta Oscar Rodriguez (Murias). Aranburuk lortu zuen eguneko saiatuenaren saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.