Lemoak jauzi handia eman du BERRIA Txapelketan, iragan larunbatean maila bakoitzeko final-laurdenetako partida irabazita. Lemoaz gain, Zazpi Iturriko bikote bat, Hernaniko bat eta Oberenako bat sartu dira finalerdietan.
Zestoako (Gipuzkoa) jaialdian, Lemoak bi kanporaketa irabazi zituen Iparralderen aurka, eta bestea Irurtzunen kontra. Kadeteetan, Aurrekoetxeak eta Martitegik (Lemoa) 22-3 irabazi zieten Etxegarai eta Azarateri (Iparralde). Aurrekoetxeak sakez min handia egin zion Martitegi atzelariari, eta zazpi tanto egin zituen guztira. Gazte mailan, Gisasolak eta Etxebarriak (Lemoa) emaitza berdinarekin irabazi zuten Alkasena eta Luroren (Iparralde) aurka. Nagusietan, berriz, Arresek eta Galarzak (Lemoa) 22-18 irabazi zieten Ongai eta Tabarri (Irurtzun). Partida hasiera orekatuaren ondoren (11-11), bigarren zatian gailendu ziren bizkaitarrak.
Asteburuko beste jaialdia igandean jokatu zen, Hernanin (Gipuzkoa), eta partida orekatuagoak izan ziren. Kadeteetan, Zubizarretak eta Alberdik (Zazpi Iturri) 22-20 irabazi zieten Garcia eta Cordoni (Oberena). Gazte mailan, Labakak eta Erasunek (Hernani) irabazi zuten Arrizabalaga eta Zubikarairen (Markina) aurka (22-7). Markinako aurrelariak min hartu zuen, eta bertan behera gelditu zen partida 15- 7koan. Nagusi mailakoan, azkenik, Lopezek eta Larraiak (Oberena) 22-18 kanporatu zituzten Malax eta Kastillo (Markina). Partida iluna izan zen. Asteburu honetan beste bi jaialdi jokatuko dira.
Lemoak sendo jarraitzen du
Bizkaiko taldea indartsu dabil BERRIA Txapelketan, eta hiru bikoteak sartu ditu finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu