Lemazaina aldatu du

Baskoniak Dusko Ivanovic kendu du entrenatzaile kargutik, taldearen emaitza bolada eta irudi txarrarengatik. Neven Spahijak ordezkatuko du

Dusko Ivanovic, joan den ostiralean, Bartzelonaren aurkako partidan. E. F. / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Soka tenkatuz gero, beti hausten da mutur ahulenetik. Halaxe gertatu ohi da ere goi mailako kirolean. Talde baten egoera muturrekoa denean entrenatzaileak ordaindu ohi du, lanik gabe geratuta. Dusko Ivanovici gertatu zaio hori. Krisi larrian dago Bitci Baskonia, ACB ligan eta Euroligan jokatutako azken hamar partidetatik zortzi galdu baititu. Hori ikusita, Gasteizko klubak entrenatzaile montenegroarra kendu du kargutik. Atzo hartu zuen erabakia, «taldearen emaitza bolada txarra eta ematen ari den itxura eskasa» argudiatuta.

Hura kargugabetu eta gutxira jakinarazi zuen nork ordezkatuko duen: Neven Spahija kroaziarrak, Baskoniako entrenatzaile izandakoak. Gaur goizean aurkeztuko dute, eta gauean egingo du estreinakoa, Buesa Arenan, Izar Gorriaren aurka, Euroligako hamagarren jardunaldian (20:30, Dazn). Spahijak 2007-2008 sasoian entrenatu zuen Baskonia, eta, haren esanetara, taldeak bigarrenez irabazi zuen ACB liga, hirugarrenez Espainiako Superkopa, eta Euroligako eta Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen. Ordutik, Europan (Valentzia, Fenerbahce, Cibona eta Maccabi) eta Txinan (Shanghai Sharks) entrenatu du, eta entrenatzaile laguntzaile izan da NBAn, Atlanta Hawksen eta Memphis Grizzliesen.

Baskoniaren arabera, taldeak ez du eman «aurreikusten zaion maila, ezta klubak berezkoa duen izaera borrokalaria ere». Horregatik dio klubaren goi arduradunen egitekoa dela «lehenbailehen» erabakiak hartzea «norabidea zuzentzeko, berriro lehiakor izateko eta zaleengan berriz ilusioa pizteko»; izan ere, klubaren iritziz, zaleak jokalariekin «identifikatuta» sentitu behar dira.

Klubak «argi» du denboraldiaren ingurukoak ez direla errazak izan. «Batetik, jokalari berriak iritsi dira, eta horiek taldearen erreferente izan behar zuten; bestetik, jokalari garrantzitsuak lesionatu dira; eta azkenik, denbora gutxi izan du taldeak egokitzeko, Olinpiar Jokoen, Afrikako Txapelketaren, Euroligaren eta ACB ligaren egutegi betea dela eta. Hala ere, emaitzak ez dira izan espero zirenak, eta horren ondorioz hartu dugu erabaki zail hau».

Baskoniak «bihotzez» eskertu dio Ivanovici urte guztietan taldean egindako lana. «Harekin lortu dira kirol arrakasta gehienak. Haren lana erabakigarria izan zen taldeak duela urte eta erdi ACB liga irabaz zezan, baita haren eta klubaren artean maitasun harreman estua sor zedin ere. Hark lagundu egin du klub honen arrakastan». Horregatik, klubak dio «erabaki zaila» izan dela, baina «batasun handiagoa» lortu nahi dutela taldean, «jokalari guztien errendimendua hobea» izan dadin. «Funtsezkoa da Baskoniaren parte sentitzen garen guztiok, kluba, zaleak, teknikariak eta jokalariak batuta egon gaitezen eta onena eman dezagun ahaleginaren bidea berriro hartu eta Baskoniaren izaera berreskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.