Lemari helduta

Ezusterik izan ezean, Realeko akziodunek babestu egingo dute bihar Jokin Aperribai, beste lau urtez presidente izan dadin. Egoera oso nahasian iritsi zen orain bederatzi urte, eta, hura agintean dela, sendotu egin da Reala. Anoeta berria du begi artean.

Jokin Aperribai Realeko presidentea, Zubietan, taldeak egindako entrenamendu saio batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Realaren historian luzaroan iraungo duten irudiak utzi zituen 2008ko abenduaren 21ak. Akziodunen batzar nagusia ospatzen zen Anoetako belodromoan, eta Iñaki Badiola Realeko presidente ohiari lekukoa hartzen zion Jokin Aperribaik. Tentsioz jositako batzarra izan zen, eta, amaieran, Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen, kargua hartu eta egun berean Aperribairen aurka eraso egin baitzuten akziodun batzuk. Zailtasun eta urduritasun handiko garaiak bizi zituen klubak, baina inor gutxik pentsatu bezalako kudeaketa eraman du aurrera bederatzi urteotan Aperribairen lantaldeak, goitik behera sendotu baitu Reala. Kluba desagertzeko zorian hartu zuen, eta inoizko aurrekontu handienak aurkeztuko ditu bihar. Ondo bidean, akziodunek babes osoa emango diote beste lau urtez Realeko presidente izan dadin.

APERRIBAI, MUGARRIA

Realaren zuzendaritzara Aperribai iritsi izana mugarri izan zen klubarentzat. Duela bederatzi urte kargua hartu zuenean, Bigarren Mailan ziharduen talde txuri-urdinak, eta arlo ekonomikoa are kezkagarriagoa zen. Besteak beste, 41 milioi euroko zuloa baitzegoen. Hartzekodunen konkurtsoan sarturik zegoen kluba—2008ko martxoan sartu zen—, eta kaos hartatik ateratzeko lana gogor egingo zuela hitzeman zuen Aperribaik. Akziodun nagusien eta instituzioen begiradapean lan eginik, proiektua zuzentzeko konpromiso irmoari eutsi zion luzaroan, eta 2013ko urtarrilaren 15ean jaso zituen fruituak, orduan egin baitzuen hartzekodunen konkurtsoko azken ordainketa. Zorrak atzean utzirik, sinesgarri eginarazi zuen klubaren bideragarritasuna, soilik bost urtean egonkortasuna eman baitzion Realari. Hala, erabateko babesa jaso zuen orain bost urteko batzar nagusian: %97,41ekoa. Historikoa izan zen.

Denbora gutxian Reala beltzetik zurira eramateko gaitasuna azaldu zuen Aperribaik. Ez soilik ekonomikoki, baita kirol arloan ere. 2009-2010eko denboraldian igo zen taldea Lehen Mailara Martin Lasarteren eskutik, eta ordutik Europara ere sailkatu da behin baino gehiagotan. Bide onean egonagatik, Aperribaik ez dio inoiz utzi lan egiteari, anbizio eta proiektu faltarik ez baitu izan. Batez ere telebista kontratuetatik lortutako diruari esker, gero eta aurrekontu handiagoak aurkeztu ditu batzar orokorretan, eta, gaur-gaurkoz, inoizko zenbaki handienetan dago kluba, ehun milioi euroko aurrekontuarekin. Estratega eta enpresari izaerak onurak eman dizkio presidenteari, eta inbertsio interesgarriak egin ditu urteotan: Anoeta berria, Zubietako lanak, maila oneko jokalariak fitxatzea, harrobiko izarren kontratu berritzeak...

AURREKONTUA: 100 MILIOI

Ezbairik gabe, etengabe hazizjoan da Reala Aperribaik zuzendari kargua hartu zuenetik. Gero eta zenbaki oparoagoak aurkeztu izan ditu, eta, datorren sasoiari begira, ehun milioi eurorenak izango dira diru sarrerak. Gastuak 85 milioi eurora igoko direnez, hamabost milioi eurotan geratuko dira irabaziak. Aperribairen hitzetan, Europan ari diren eta gastu gutxien duen ligako taldea da Reala, hogei milioi euroren diferentziarekin. Realaren gastuen %51 jokalarien ordainketetara bideratuta dago (43,9 milioi euro), eta %13,45 amortizazioetara (11,4 milioi euro).

Bederatzi urteotan garbi utzi nahi izan du Aperribaik bide bati jarraikiz hazi behar duela Realak, eta egiten duen gastu orok klubaren identitatearekin lotuta izan behar duela. Ez da dirua alferrik bota zalea izan. Gainera, denboraldi honetan ez da egongo bazkideen kuotetan igoerarik ez eta klubaren egun erdirik ere. Aurrekontutik kanpo daude gai horiek. Kluba inbertsio garaian bete-betean sarturik badago ere, Realeko presidenteak beti garbi izan du Gipuzkoako nortasunarekin bat hazi behar duela klubak. Jokalariak ez ezik, zaleak ere gertu behar direla uste izan du, nahiz eta aurrekontuan eragin.

Haren esanetan, halere, diru sarrerak aldakorrak diren heinean, jokalarien kontratuak ere aldakorrak izan daitezke, batez ere Realak Europan jokatuko duen edo ez aintzat hartu beharrekoa baita. Telebista kontratuengatik jasotzen den diru kopuruaren erdia finkoa da, baina beste erdia hainbat aldagairen arabera egon daiteke: sailkapena, leihatiletan biltzen den dirua, estadiora joaten den jende kopurua, audientzia...Horregatik, klubak sinatu dituen azken lan hitzarmenetan gai hori aipatzen da. Jokalari batek Europako lehiaketan parte hartzen badu, gehiago irabaziko du; gainerakoan, ez.

ANOETA BERRIA, AMETSA

Hain zuzen, hauteskundeak urtebete aurreratu izanaren arrazoia Anoeta berriaren eraberritzea da. Lanak martxan zeuden bitartean kluba hauteskunde prozesuan murgildurik egotea ez zuen bideragarri ikusten Aperribaik, eta,«Realaren egonkortasunagatik», bihar bilduko dira akziodunak Kursaalean. Nahi bezalako egoera topatuko du presidenteak. Ezusterik ezean, Anoeta berriaren gaiak bereganatuko du arretagune nagusia, eta ezin erosoago sentituko da agintari nagusia. Presidente kargua hartu zuenetik buruan izan duen ametsa da estadio berriarena, eta obrak martxan egonik, laster bilakatuko du ametsa egia.

Aperribairen esanetan, Anoeta berria klubaren fitxaketarik onena izango da. Bazkideek erosotasuna eta ikusgarritasuna irabaziko dute, taldeari mesede egingo dio jarraitzaileak hain gertu edukitzeak, eta, batez ere, telebistatik diru sarrera gehiago lortuko ditu Realak. «Ezin genuen jarraitu begiak itxita».

Halere, estadioa betetzeko gaiarekin erronka latza dauka Realak, Lehen Mailara igo zenetik behera egin baitu Anoetara joaten den jende kopuruak. Hots, estadio berria beharrezkotzat jo du beti Aperribaik, eta ez du uste atzerapausoa izango denik, nahiz eta 40.000 eserlekuak betetzeko aukeratik oso urrun egon gaur egun. Besteak beste, presidenteak baditu planak buruan. «Jendea erakartzeko proiektuak baditugu buruan. Esaterako, askori dohainik atera dakieke bazkide txartela».

KIROL ARLOAN, OPARO

Jarraitzaileak erakartzeko erarikonenetako bat taldeak kirol maila oparoa ematea litzateke, eta Aperribairen agintaldiari ezin jar dakioke inolako aitzakiarik. Kluba Bigarren Mailan hartu ondotik, Lehen Mailako onenen artera eraman du, eta Europan ere izan du ibilia. Txapeldunen Ligan jokatu zuen Realak Jagoba Arrasateren gidaritzapean 2013-2014ko denboraldian, eta Europa ligan ari da orain. Griezmannen, Bravoren, Yuriren eta Illarramendiren salmentekin diru kopuru ugariak lortu izan ditu klubak, baina lehiakortasuna eta ahalik eta kalitate gutxiena galduta, betiere. Jokalari batzuk saldu arren, etxeko izarrei eustea lortu du: Iñigo Martinezi, Odriozolari, Oiartzabali... Beste klub handien deiak erreparoz hartu ditu, eta Athletici bidea itxi dio guztiz. Hori bai, hanka sartzeak ere izan ditu presidenteak urteotan. David Moyes entrenatzailearen fitxaketak zez zion fruiturik eman, eta estrategian kale egin zuen nabarmen.

Etorkizunari begira, eguneroko lana du oinarri Aperribaik. Eusebio Sacristanen aroa krisi larrian sartuta dago, baina haren alde jarraituko du presidenteak. Ikusi beharko da proiektuak jarraipen oparorik baduen ala ez. Jokalariei dagokienez, bestalde, klub handiek ate joka segiko dute, eta zaila izango da ezusterik ez izatea. Bartzelonak Iñigo Martinezengatik galde dezake berriro, eta Real Madrilek Odriozolagatik. Presidentearen negoziatzeko gaitasuna proban jarriko da. Inor joaten bada, halere, harrobian sinesten jarraituko du klubak, emaitza bikainak ematen ari baitzaio.

Onerako eta txarrerako, kanpoan hotz baina barruan bero izaten jarraituko du Aperribaik. Epaileak kritikatu behar izan dituenean ez du birritan pentsatu, eta jokalariei ere kargu hartu izan die aldagelaraino jaitsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.