Garai historikoa da hau euskal pilotarentzat. Urte askoko borrokaren ostean, aspaldiko ametsa bete du: Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak kide gisa onartu du. Hori eginda, euskal selekzioak gero eta gertuago du ofizialki lehiatzea nazioarteko txapelketa garrantzitsuenetan. Espainiako Federazioak auzitara jo du jada erabaki hori bertan behera uzteko, baina lehen urratsa, zailena, egina dago. Espainiako Gobernuko Kirol Kontseilu Gorenak baiezkoa ematea falta da orain.
Jokaleku garrantzitsu horretan egingo dira Euskadiko Federazioaren presidentetzarako hauteskundeak. Gaur egingo dute bozketa, 11:00etan, federazioak Abadiñon (Bizkaia) duen egoitzan. Bi hautagai aurkeztu dira: bata, Joxe Mari Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1958), Pilota Zazpi Haizetara hautagaitzarena; bestea, berriz, Enaitz Olaeta (Bilbo, 1990), Euskal Pilota Mundura hautagaitzarena. Irabazleak Gotzon Enbil ordezkatuko du, hark zortzi urteko agintaldia bukatuta. Mitxelena eta Olaeta, biak aritu dira Enbilekin: Mitxelena federazioko diruzaina izan da, eta Olaeta, ordezkari, Bizkaiko Federazioko presidente gisa.
INKESTA
- Zergatik aurkeztu zarete?
- Zer helburu dituzue?
- Nola dago euskal pilota?
- Zer egin nahi duzue harrobian?
- Zer asmo duzue emakumezkoen pilotan?
- Zer harreman izan nahi duzue enpresa profesionalekin?
- Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskadikoa onartu berri du. Zer irizten diozue egoerari?
«Kluben kluba izan nahi dugu, eta euskara federazioaren esparru guztietan indartu»
1. «Pilotaren mesedetan zerbait egin dezakegula uste dugulako aurkeztu gara. Ideia berriak ditugu, eta horiek egiteko gogoa eta ilusioa; lan egiteko prest gaude. Lantaldeko hamalau pertsonetatik bederatzi gabiltza klubetako zuzendaritza batzordeetan; hau da, oinarritik sortutako mugimendu bat da gurea».
2. «Batetik, kluben kluba izan nahi dugu, eta klub baten gisan jardun. Asko hitz egiten da euskal selekzioaz eta pilota profesionalaz, baina klubik gabe hori guztia ez litzateke posible izango. Hori dela eta, klubak indartu, babestu eta lagundu nahi ditugu, eta haien kezkak entzun eta aurrera eraman. Bestetik, euskara indartu nahi dugu federazioaren esparru guztietan, guretzat pilota eta euskara bat direlako; kirol bakarra da gure herriaren hizkuntza eta izena daramatzana. Lan hori egiteko oso aproposak diren bi lagun ditugu lantaldean: bata, Asier Amondo hamar urtez Korrikako arduradun izandakoa, eta bestea, Oier Zearra pilotari ohia. Euskadiko Pilota Federazioak Bikain ziurtagiria du, baina horretatik haratago joan nahi dugu».
3. «Pixkanaka-pixkanaka, lizentzia kopurua behera egiten ari da. Horri buelta eman nahi diogu, pentsatzen baitugu oraindik egin daitezkeela gauzak edo egiten ari direnak hobetu daitezkeela joera horri buelta emateko. Nagusiki, gure txapelketak indartu nahi ditugu, Euskal Herrikoak. Ez dugu nahi gure pilotariek Espainiako Txapelketak jokatzea diru sariengatik edo mailagatik. Bote luzeak, adibidez, azpiegitura sendoa du, eta finkatuta dago. Hego eta Ipar Euskal Herriko pilotariek jokatzen dute. Horixe egin nahi dugu beste modalitateetan».
4. «Guretzat funtsezkoa da harrobia. Valentzian, Herbehereetan eta Belgikan ere behera egin zuen lizentzia kopuruak, baina hainbat egitasmo jarri dituzte abian, eta emaitza onak lortzen ari dira. 2016an, Valentziak 4.000 lizentzia inguru zituen, eta gaur egun, 15.000 inguru ditu. Guk ez dugu ezer asmatuko: beste tokietan ondo funtzionatu duena jarri nahi dugu martxan hemen».
5. «Garrantzi handia ematen diogu emakumezkoen pilotari, eta, hori dela eta, gure hautagaitzan hiru emakumezko daude. Bakoitza esparru batean aritzeko oso aproposa da: Alaitz Badiolak esperientzia handia du hastapenetako garaian; Itxaso Erasun, berriz, pilotaria da, eta ezin hobeto ezagutzen ditu haien kezkak, beharrak eta ilusioak; azkenik, Itsaso Zubizarreta espezialista da kluben kudeaketan».
6. «Guk atea beti izango dugu irekia enpresa profesionalentzat. Esku huskan, badirudi atea itxia dutela, baina tinbrea joko diegu, hitz egin, ditugun arazoak eta kezkak konpontzeko; badaude eta. Gu prest gaude ados jartzeko».
7. «2016tik Munduko Pilota Konfederazioko kide gara, eta hark antolatzen dituen txapelketa guztietan selekzio ofizial bezala aritzen da euskal selekzioa, bikain aritu ere. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa, berriz, guk sortu genuen, baina orain arte ezin izan dugu horretan parte hartu. Abenduaren 28tik, ordea, barruan gaude. Zain gaude Espainiako Gobernuko Kirol Kontseilu Gorenak zer dioen. Guk nahiko genuke Munduko Pilota Konfederazioan jaso dugun harrera eta tratu bikain bera izatea Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan. Guk oso tratu ona dugu federazio horretako zuzendaritzako kideekin. Itxaropentsu gara. Hala izan behar dugu. Espero dugu Espainiako Gobernuko Kirol Kontseilu Gorenak baiezkoa ematea».
«Hasitako lanei segida eman nahi diegu, eta abian jarritako proiektuak amaitu»
1. «Lau urte egin behar da atzera zergatik aurkeztu garen jakiteko. Duela lau urte pilotari talde bat elkartu ginen, zeinak uste genuen gauzak hobeto egin zitezkeela. Halaxe iritsi ginen Bizkaiko Federaziora. Ordutik, gauzak dezente aldatu ditugu, onerako, eta, orain, horren fruitua jasotzen ari gara. Gure iritziz, lurraldeko federazioan hasten diren lanei segida eman behar zaie Euskadikoan. Bestetik, Bizkaiko Federazioko presidente izanda, Euskadikoan ere aritu naiz gai askotan arduradun lanetan: adibidez, selekzioaren ofizialtasunean. Lan horri jarraipena eman nahi diot, eta abian jarritako proiektuak amaitu».
2. «Hiru helburu nagusi ditugu. Batetik, Nazioarteko Federazioan finkatu nahi dugu. Atea zabaldu digute, baina kontu asko daude zehazteko. Eta hori oso garrantzitsua da, lortu beharreko lehen gauza selekzioa baita; niretzat hori da garrantzitsuena. Bestetik, harremana izan edo hobetu behar dugu Espainiako Federazioarekin. 30 urte baino gehiago daramatzagu Julian Garcia Angulo sufritzen [presidente ohia]; ezin izan dugu ezer egin, eta, egun, Espainiako Federazioak min handia egiten dio Euskadikoari kirol arloan: haien txapelketek gureak baino maila handiagoa dute, gure pilotari onenek horietan jokatzen baitute. Javier Conde Espainiako Federazioko presidente berriarekin hitz egin dut, eta ados gaude interesgarria litzatekeela proiektu amankomun bat izatea; behintzat, egutegi bateratu bat adostea. Azkenik, eutsi egin nahi diogu geure federazioen arteko harreman onari. Duela zortzi urte, ia ez genuen elkarlanik, federazio bakoitza bere kasa zihoan, baina, azken lau urteetan, lortu dugu batera aritzea eta helburu berak lortzeko borrokatzea. Ezinbestekoa da hori».
3. «Duela lau urte baino hobeto dago. Adibidez, Bizkaian iaz inoiz baino fitxa gehiago izan genituen, baita inoiz baino emakumezko gehiago ere. Baina lanean jarraitu behar dugu. Gauza asko daude egiteko».
4. «Ez dakit nola egin daitekeen, baina niri gustatuko litzaidake Eusko Jaurlaritzak euskal pilotaren modalitate guztiak eskolaz kanpokoetan lantzea; gutxienez, hastapenetan».
5. «Federazio guztiek dugu helburu emakumezkoen kirola sustatzea. Gauzak erraztu behar ditugu: adibidez, ez jokatzea aldi berean txapelketa bat baino gehiago. Saiatu behar dugu emakumeek euren txapelketa propioak izaten, eta enpresa profesionalekin egutegi on bat adosten: Emakume Master Cupekin, Adosekin eta Eramanekin, besteak beste».
6. «Kirol federatuarentzat eta eskola kirolarentzat ezinbestekoa da erreferenteak izatea. Profesionalak ez badaude, edo telebistan irteten ez badira, fitxen kopuruak behera egiten du. Baina enpresa profesionalek ulertu behar dute gu barik haiek ez direla ezer; federazioen mundutik irteten dira profesionalak. Elkar ulertu eta elkarri lagundu behar diogu».
7. «Sekulako lorpena da Euskadiko Federazioa Nazioartekoan sartzea, baina aldaketa garaia dator, eta oso garrantzitsua da zein hautagai egongo den Euskadiko Federazioaren presidente karguan. Hurrengo lau urteetan finkatzen ditugun oinarriak landuko dira hurrengo hogei urteetan. Espainiako eta Nafarroako federazioetan aldaketa egon da, nazioartekoan sartu gara, selekzioa izango dugu... Hemen ondo antolatzen bagara eta gauzak ondo egiten hasten bagara, etorkizuna askoz hobea izango da. Itxaropentsu gaude, gu jada Nazioartekoaren kide baikara, eta lanean hasi behar dugu. Aurkeztu dituen helegiteek ez dute bide luzerik izango. Nik dakidala, gauzak ondo egin ditugu, legea eta estatutuak bete baititugu. Bagenekien Garcia Angulok ahalegin guztiak egingo zituela hau aurrera ez ateratzeko, baina gu jada barruan gaude. Hala ere, lehen esan dudan moduan, gauza asko daude lantzeko nazioartekoan, eta gauzak suabe-suabe eta ondo egin behar dira».