Athleticeko jarraitzaile guztien ahotan dabil Oihan Sanceten izena (Iruñea, 2000). Cadizi hiru gol sartu, eta taldea garaipenaren bidera bueltatzeak dakarren ondorioetako bat da. Hala ere, ez da kontu berria futbolariarentzat. Nerabe zenetik asko hitz egin da haren inguruan. Azken hamarkadan Lezamak eman dituen harribitxi distiratsuenetako bat da. Beti egon da komunikabideen fokuan. Eta jakinekoa da futbolean zerbait falta bada pazientzia falta dela. Ez dago, beste barik. Hortaz, lehen talderako urratsa egin zuenetik asko eskatu diote. Eman zezakeena baino gehiago. Futbolari bakoitzak bere denbora behar duelako barruan duen guztia erakusteko.
«Oihan ez da ezerezetik agertu. Urteak daramatza aurrerapausoak ematen. Sasoi honetan gehiago ari da jokatzen, eta, ondorioz, garrantzi handiagoa dauka taldean. Inoiz baino gol gehiago ari da sartzen, baina ez da ezustekoa izan. Urtetik urtera hazten ari da, baina oraindik hobetu egingo du. Oso jokalari ona da», dio Jon Perez Bolok, Athleticeko jokalari izandakoak eta egun futbol entrenatzaile denak.
Sancetek dohain handiak dituela jakinekoa da, baina gai hori taldearen mesedetan jartzea kosta egin zaio. Besteak beste, Athleticen zuzendu dioten entrenatzaileei kosta egin zaielako jokalariak berea emateko behar duen lekua aurkitzea. Teknikari batzuek erdiko aurrelariaren atzean jarri dute; beste batzuek, berriz, euskarrian. Ernesto Valverdek bietan erabili du, baina, batez ere, euskarriaren inguruan zelairatu du. «Entrenatzaileontzat oso garrantzitsua da postu batean baino gehiagotan joka dezaketen futbolariak izatea. Partidak eskatzen duenaren arabera postu batean edo bestean koka daitekeen futbolaria da Oihan. Kalitate handia dauka, eta golerako sen aparta. Beraz, aurrelariaren atzetik jokatuta asko eman diezaioke taldeari. Baina apur bat atzerago zelairatuz gero, ondo aritu daiteke ere bai».
Postu batean zein bestean, baina egunetik egunera garrantzigehiago dauka taldean. Aurreko sasoian, Marcelino Garcia Toralek haren alde egin zuen apustuari jarraipena eman dio Valverdek. Espainiako Ligako partida guztiak jokatu ditu, eta, bitan izan ezik, beti aritu da hasieratik. Baina kosta egiten zaio partidak osorik jokatzea. Entrenatzaile guztiekin gertatu zaio. Ia beti neurketa amaitu aurretik aldatu dute. Arrazoi bat baino gehiago egongo da estatistika horren atzean, baina euretako bat jokalariak izaten dituen gorabeherak izan daitezke: agertu eta desagertu egiten da; jarraitutasuna falta zaiola aurpegiratu diote. Ez, ordea, Bolok. «Ezinezkoa da beti nabarmentzea. Denboraldiak luzeak dira, eta futbolari guztiek izaten dituzte une gozoak eta ez horren onak. Nire iritziz, ez du txakalaldi handirik izan».
Sancetek erakutsi dituen gabeziak asko nabarmentzen dira, baina inork ez du zalantzan jartzen berezia dela. Besteak beste, golerako sena dauka. Eta ate aurrean zuloa aurkitzeko erraztasuna izatea da futbolean gaitzena. Areara une egokian iritsi, eta erremate zehatzak egiteko bertutea dauka: eskuinez, ezkerrez zein buruz ondo moldatzen da. Horri esker, zazpi gol sartu ditu ligaren lehen erdia baino bete ez denean. Kopurua handia da aurrelaria ez den futbolari batentzat. Eta zer esanik ez Athleticen. Taldeko golegilerik onena da. Hala ere, haren ekarpena ez da nahikoa izango talde zuri-gorria goiko postuetara eramateko. «Horretan lagundu dezaketen futbolari asko ditu Athleticek: Williams anaiek, Berenguerrek, Muniainek... guztien ardura da golak sartzen laguntzea. Futbolari bati ezin zaio golak egiteko zama guztia jarri. Helburuak lortu ahal izateko, ezinbestekoa da jokalari askoren ekarpena».
Sancetek 22 urte baino ez ditu; gaztea da, eta, ondo bidean, luzaroan ariko da gorengo mailan. Eta horregatik da garrantzitsua Ibaiganek lehenbailehen lotzea. Nico Williams eta Sancet dira zuri-gorrien etorkizuneko bi zutabe nagusiak, eta biei datorren denboraldi amaieran amaituko zaie klubarekin duten lotura. Jon Uriarteren zuzendaritzari mugitzea komeni zaio beranduegi izan aurretik.
Gaur, Valentzian
Bien bitartean, Athletic Valentzia mendean hartzen ahaleginduko da gaur Mestallan (21:00, Dazn). Europako lehian jarraitzeko partida garrantzitsua da. Zuri-gorriek Mestallara egin zuten azken bisita zorionekoa izan zen, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu baitziren. Baina, ordutik, gauzak aldatu egin dira Peter Lim buru duen klubean. Gennaro Gattuso entrenatzaileak taldea utzi zuen, eta Vorok hartu du haren lekukoa. Oraingoz, aldaketak ez dio mesederik egin: amildegira gerturatu da. Baina futbolari onak ditu, eta edozein unetan esna daitezke. Iñaki Williams jokatzeko prest dago, azkeneko bi partidetan min hartuta egon ostean. Yuri Berchichek, berriz, partida bateko zigorra bete behar du.
Lekukoa hartzeko gertu dago
Oihan Sancet su txikian ari da egiten futbolari. Erdilari nafarrak laugarren denboraldia du Athleticen lehen taldean, eta urtez urte handitzen ari da haren ekarpena; taldeko golegile nagusia da sasoi honetan: zazpi gol. Okerrik ezean, zutabe nagusietako bat izango da hurrengo hamarkadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu