Konparazioak ez direla onak, baina gazte-gaztetatik eragin izan du ilusioa eta baikortasuna Ruben Pardok (Rincon del Soto, Espainia, 1992). Harrobitik lehen taldera jauzi egin orduko, Xabi Alonsorekin alderatu zuten askok, dohain antzekoak zituztela eta. Ordea, usteak erdia ustel. Realean bere burua ere aurkitu ezinik dabil 24 urteko erdilaria. Eusebio Sacristan Realera iritsi zenetik, apenas jokatzen duen, eta sasoi honetako zenbakiek adierazten dute guztia: 159 minutu besterik ez ditu jokatu. Bada, hori gutxi ez, eta deialdietatik kanpo egon beharko du puska batean, zuntz haustura baitu eskuin hankan.
Lehengoaz gain, egoera korapilatu egin zaio, beraz. Adierazpenetan bestelakorik esan izan badu ere, jakina da ez dela une gozoak bizitzen ari. Klubetik behin eta berriz jakinarazi izan diote lasaitasuna mantentzeko, uste dutelako pieza garrantzitsua izan daitekeela taldean, eta ezinbesteko euskarria etorkizunerako proiektuan. Besteak beste, Jokin Aperribai Realeko presidentearen jokalari gustukoenetako bat da. Baina ezegonkortasunak bere horretan jarraitzen du. Hitzak eta ekintzak ez datoz bat, eta jokalaria jarraitutasunik lortu ezinda dago luzaroan. Hasierako hamaikakoan bere tokia topatu ezinda. Ondorioz, kezka gero eta handiagoa da haren inguruan.
Realeko aulkian David Moyes zegoela, garai hobeak bizi izan zituen. Zehazki, duela bi urte pasatxo heldu zen Donostiara Eskoziako entrenatzailea, eta lehen unetik adierazi zion konfiantza Pardori. Ligaren bigarren zatian,ezinbesteko pieza bilakatu zen haren eskeman. Azken hogei jardunaldietan, hamasei aldiz hasieratik zelairatu zuen. Gainera, Moyesek berak adierazi izan zuen Real Madrilen bertan jokatzeko maila bazuela Pardok. Hala ere, iritzia aldatu zuen gero, aurreko sasoiaren hasieran gero eta gutxiago zelairatu baitzuen.
Moyesen agurrarekin bat heldu zen Eusebio Realaren aulkira, duela urtebete pasa, eta orduan hasi zen benetan jokalariaren gainbehera. Hasieran, pentsa daiteke Pardoren dohainak egokiak izan daitezkeela Eusebioren joko sistema praktikan jartzeko, baina berdeguneak ez du hala erakutsi. Zertzelada interesgarriak azaldu izan baditu ere, gehienetan itzalpean egotea egokitu izan zaio harrobikoari.
Hiruko argia zelai erdian
Hasieran bai, Eusebiok apustu egin zuen haren alde. Realak hiru partida jarraian irabazi zituen, hurrenez hurren, Betisen, Espanyolen eta Granadaren aurka, eta hiruretan dotore aritu zen Pardo. Espanyolen zelaian goleko hiru pase eman zituen. Halere, ez zuen lortu entrenatzailearen konfiantza osoa. Hain zuzen, San Mamesen jaso zuen iragan sasoiko kolpe gogorrenetakoa. Aurreko hiru lehiatan hasieratik aritu ondoren, derbia aulkitik bizi behar izan baitzuen. Liga amaitu bitarte antzeko jarraitu zuen kontuak.
Pardo hobetuz joan dela jokalari gisa azken urteetan. Baloia oinetan ez daukanean gehiago sufritzen badaki, baina oraindik ere tarte handia du hobetzeko. Banakako lehia guztietan gogorragoa izan beharra dauka. Ez da aski jaurtiketa ona izan eta baloia ezker eskuin mugitzen jakitearekin. Taktikak garrantzi izugarria duen garai honetan, biguna izatea bekatua da kasik. Gainera, gaur egun, erdilariak nortasun handikoak dira. Haiek dira taldeko hauspo, agintari, eta Pardok hobetu beharra du alde horretatik. Kastarik ezean, arrakasta nekez lor daiteke eta.
Jokalaria bera da egoera aldatu nahi duen lehenengoa, baina Realean garesti daude minutuak, batez ere zelai erdian. Azken hiru partidak jarraian irabazi dituzte txuri-urdinek, eta Eusebiok lerro bera zelairatu izan du beti: Illarramendi, Zurutuza eta Xabi Prieto. Ezin hobeto funtzionatzen ari zaio zelai erdia. Batez ere, Illarramendi eta Zurutuza bikain ari dira, eta, lesiorik ezean, zaila izango da haiei lekua kentzea. Inoiz ez bezalako segida edukitzen ari da Zurutuza. Xabi Prieto ere sasoiko dago. Hortaz, Pardok ez du erraza izango toki bat lortzea.
2018ra arte du kontratua
Gainera, garairik txarrenean hartu du min. Jon Gaztañaga eta Markel Bergara ere min hartuta direnez, eta Esteban Granerok apenas jokatuko duenez, pentsa zitekeen Pardok aukera izango zuela zelai erdian jokatzeko, baina zelaietatik kanpo egon beharko du gutxienez hiru astez. Aspalditik arazoak zituen eskuin hankako izterrean, eta aste honetan baieztatu da zuntz haustura duela. Hortaz, ez du jokatuko ligan Sportingen, Bartzelonaren eta Deportivoren aurka. Espainiako Kopako joaneko partida ere galduko du, Valladoliden aurka, abenduaren 1ean. Igor Zubeldia harrobiko gazteari ireki zaizkio ateak.
Oraingoz, ematen du Pardoren etorkizuna txuri-urdina izango dela, 2018ra arte baitu kontratua. Hori bai, egoera aldatu ezean, ezin jakin zer gerta daitekeen.
Lekua topatu ezinda
Etorkizun oparoa iragarri zioten arren, Ruben Pardo bere burua aurkitu ezinik dabil Realean. Sasoi honetan, 159 minutuan besterik ez du jokatu. Hori gutxi ez, eta min hartu du, eta gutxienez hiru astez geldirik egon beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu