Leire Olaberria seigarren dago omniumean, lehen hiru probak jokatuta

Gaur amaituko da Pistako Munduko Txapelketa; omniumeko azken hiru probetan ariko da gipuzkoarra

Erredakzioa
Donostia
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Leire Olaberriak jota amaitu zituen Londresko Olinpiar Jokoak. Prestaketa lanek emaitzarik ez zutela eman ikusita, lur jota itzuli zen ikaztegietarra etxera. Baina, gorputza bere onera ekarrita, indarberrituta ekin dio lau urteko berriari. Herenegun, bederatzigarren izan zen gipuzkoarra pistako Munduko Txapelketan, Minsken, scratch-ean, eta atzo indarrean ekin zion omnium probari, abiadako irteerarekin. Behera egin zuen puntuazioan, eta gora, berriz ere, kanporaketan. Bosgarren postua eskuratu zuen estreinako proban, bederatzigarrena puntuazioan, eta bosgarrena azkenekoan. Lan erdiak eginda, seigarren amaitu zuen eguna.

Gaur amaituko da Munduko Txapelketa, eta Olaberria bera izango da euskaldun bakarra. Omniumeko azken hiru probei aurre egin beharko die gipuzkoarrak, sailkapenean gora egiteko helburuarekin. Jazarpen proba, scratch-a eta 500 metrokoa izango ditu gaur. Ikaztegietarrarekin batera, beste lau euskal herritar ere aritu ziren atzo lehian. Abiadura proban 37. postua eskuratu zuen Sergio Aliagak, 29.a Hodei Mazkiaranek, eta 10.a Juan Peraltak. Eta omniumean, azken hiru probak jokatuta, nahi baino makalxeago, 9. postuan amaitu zituen lanak Unai Elorriagak.

Paolinirentzat lehen klasikoa

Errepideko lehian, atzo jokatu zen denboraldiko lehen klasiko garrantzitsua, Belgikan, Omloop Het Nieuwsblad, eta Luca Paolini italiarra (Katuxa) izan zen indartsuena, Stijn Vandenberghi (Omega) esprintean aurrea hartuta. 199 kilometroko ibilbidean, Egoitz Garcia (Cofidis) izan zen euskal txirrindularirik onena, 10. postuan. Murtziako Itzulian, berriz, Dani Navarro espainiarra (Cofidis) izan zen azkarrena, Bauke Mollema (Blanco) eta Alejandro Valverderen (Movistar) aurretik. Seigarren postuan helmugaratu zen Igor Anton (Euskaltel). Almeriako klasikoa jokatuko da gaur, Espainian. Almeria eta Roquetas de Mar artean, 182,3 kilometrokoa da ibilbidea. Bertan izango dira Euskaltel-Euskadi eta Caja Rural.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.