Leihotik begira hazitakoak

Donostiako Atletiko taldeko kapitaina da Peio Azkoaga, eta Realekoa Maite Azkoaga. Futbolean sartu-irtena eginda, belar hockeya aukeratu zuten biek, zelaia etxe ondoan zeukatela baliatuta. Pasioz bizi dute oihartzun urria duen kirola, eta gorputza estutzen jarraitzeko desiratzen daude.

Peio eta Maite Azkoaga, Donostiako Atletikoko eta Realeko kapitainak, Aiete auzoan dagoen belar hockeyko zelaian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Futbolak ez ditu erakartzen neska-mutiko guztiak. «Bai, tira, futbolean hasi ginen gu ere», onartu dute Maite Azkoagak (Donostia, 1983) eta Peio Azkoagak (Donostia, 1981). «Baina zelaia etxe ondoan geneukalako edo bertan sortzen zen giroagatik, ez dakit ziur zergatik, baina belar hockeyan hastea erabaki nuen nik». Anaiak zer egin, arreba gazteak ere huraxe nahi, noski. «Futboleko atezain postua utzi, eta, lagunekin batera, belar hockeyari heldu nion nik ere». Santo Tomas Lizeoan sartu zitzaien harra, artean ume-umeak zirela, eta, maila nagusian, Donostiako Atletikoko eta Realeko kapitainak dira egun. «Hamasei-hamazazpi urte» daramatzate biek lehen taldeetan.

Ez diru hotsik, ez lorpenen oihartzunik, ez izarrik... «Gustatzen zaigulako jokatzen dugu belar hockeyan; inor ez dago behartuta. Familia baten gisakoa da talde hau, eta gauza asko ematen dizkit; oso berezia da». Peiok argi utzi du belar hockeya ez dela aberasteko biderik aproposena. «Gure lanbidea daukagu guk, eta pasioz bizi dugun zaletasuna da belar hockeya». Komertzial lanean ibiltzen da Peio. «Andoaingo Ganboa enpresan». Eta Anoetan (Gipuzkoa) lan egiten du Maitek. «Jamai enpresan, kontabilitate kontuetan». Realeko jokalariaren hitzetan, egunerokoak ez dauka sekretu handirik. «Lan egin, entrenatu eta atseden hartu. Eta asteburuetan, partidak, etxean edo kanpoan».

Gurasoen epelean, Azkoagatarrek «elkarrekin egoteko» baliatzen dituzte eguerdiak, Donostiako Aiete auzoan. Belar hockeyko kontuak alboratuta, noski? «Ez, ez; etxean asko hitz egiten dugu belar hockeyari buruz», erantzun du Maitek. «Gurasoak partida guztietara etortzen dira; kanpokoetara ere bai». Peiok ondotik zehaztu du Realaren partidak ikustera joaten direla gehiago. Buruarekin baiezko keinua egin du arrebak. «Guraso taldea osatu dute gure kasuan, eta Europako eta Kopako partidetara etortzen dira, batez ere».

Bestela ezin eta, ondokoaren deskribapen zehatza egin dute biek. «Lasaitasuna da Maiteren ezaugarri nagusia», hasi da Peio. «Atzean jokatzen du, eta, agian, ez da onena ez teknikoki eta ez fisikoki. Baina Maite hor atzean dagoela jakiteak lasaitasun handia ematen dio taldeari. Bikain kontrolatzen du taldea». Defentsako lanean, berriz, «artista handia» dela argitu du anaiak. «Beti esaten diot ez dakidala nola egiten duen, baina pilota asko eta asko lapurtzen dituela partida bakoitzean. Teknikoki ez dauzka keinurik garbienak, baina oso eraginkorra da».

Anaiaren esanak entzunda, ezin, bada, isilik geratu Maite. «Peiori asko gustatzen zaio momentu zailetan ardura hartzea, eta hori oso garrantzitsua da taldearentzat. Fisikoki, berriz, oso indartsua da». Gazte garaira joanda, orduan, «agian», teknikoki ez zela «taldekide asko bezain ona» argitu du. «Baina lan askori eta jarraitutasunari esker, oso gora iritsi da». 2012an etsitzeko zorian egon zen Atletikoko jokalaria. «Moto istripu larria izan nuen, eta zalantza asko izan zuen jendeak». Baina nortasun gogorrekoa da donostiarra. «Momentu batean uste dut nik bakarrik egiten nuela apustu itzuliko nintzela». Eta itzuli zen. «Izugarrizko lana egin nuen, eta hasierako urteetako ilusioa berreskuratzen lagundu zidan lesio hark. Joan nintzenean baino indartsuago itzuli nintzela uste dut».

Atletiko, jaitsieratik kanpo

Kirol arloari helduta, «lasaitu handia» hartu du Atletikok asteburuan Taburienteri 2-1 irabazita. «Azken urteotan bezala, mailari eustea da gure erronka». Eta donostiarrek hiru aurkari zuzen dauzkate borroka horretan: Taburiente bera, Tenis eta Pozuelo. «Tenisen zelaian 3-2 galdu genuen, eta Pozuelori (5-4) eta Taburienteri irabazi egin diegu etxean». Bederatzi puntu dauzka Tenisek, sei Realak, lau Taburientek, eta bi Pozuelok. «Jaitsiera postuetatik kanpo amaituko dugu lehen itzulia, eta oso garrantzitsua da hori».

Donostiarrek gorriak ikusi zituzten, herenegun, Taburiente mendean hartzeko. «Lehen zati guztian kontrolpean izan genuen partida, baina bigarren zatian, lehen aukeran, gola sartu ziguten». Momenturik zailenean lasaitasunari eusteko gai izan zirela goratu du kapitainak. «Eta emaitza iraultzea lortu genuen». Peiok berak sartu zuen 1-1ekoa, penalti kornerrean, eta Maxik 2-1ekoa. Etxean jokatuko dute igande honetan ere, 12:30ean, Junior seigarren sailkatuaren aurka. «Gurea baino talde hobea da eurena, indartsuagoa, baina joan den denboraldian berdindu egin genuen euren aurka, bai ligan eta bai kopan. Ez da ezinezkoa, beraz, punturen bat lortzea».

Realak, berriz, «gorabehera askorekin» ekin zion ligari. «Hutsune asko eta garrantzitsuak izan genituen joan den denboraldian, eta aldaketa dezente izan dugu sasoi honetan ere. Jokoa aldatzen ari gara pixkanaka, eta partida batzuetan ez dugu asmatu». Lehen bederatzi jardunaldiak jokatuta, laugarren postuan daude txuri-urdinak, hamasei punturekin. Aurretik dauzkate Club de Campo, Junior eta Complutense. «Baina bigarren itzulian gauzak hobeto egingo ditugula uste dut; gauzak sendotuz joango gara, eta hiru onenengana gerturatzeko aukera izango dugu». Liga lehen lauren artean amaitzea da erronka. «Eta titulurako kanporaketak jokatzea, tituluen borrokan ibiltzea, nahiz eta azken urteotan ez dakidan zer gertatzen ari zaigun Kopan; bost final galdu ditugu jarraian». Realak Tenis azken sailkatuaren zelaian jokatuko du datorren larunbatean, 16:00etan.

Hori bai, sailkapenarekin erotu gabe, «gazteekin lan egitea» ere bada bi taldeen erronka. «Hori delako etorkizunerako oinarria», zehaztu du Peiok. «Lan horri esker lortuko dugu etorkizunean harrobiko gazte horiek lehen taldean egotea. Hori da klubaren filosofia». Atletikoko jokalariak ez du hitz egin ere egin nahi izan jaistearen arriskuari buruz. «Baina, kasu horretan, babesleak lortzea litzateke lanik zailena. Oso oihartzun urria izaten du gure kirolak, eta asko kostatzen da babesleak lortzea». Kirolgiren eta erakundeen babesa eskertu eta klubaren ahalegina goratu du Atletikoko kapitainak.

Anaiari erreleboa emanda, Realaren egituraren barruan egoteko «zortea» daukatela azpimarratu du Maitek. «Eta, horrez gain, eskertzekoa da Kirolgik, BAT Basque Teamek eta S21sec enpresak ematen diguten babesa. S21sec Gipuzkoako enpresak apustu handia egin du emakumezkoen kirolaren alde —futbolean, Realeko emakumezkoen taldearen babeslea ere bada—».

Abizenaren pisurik ez

Kapitain lana «ondorioa» dela uste dute biek. «Urteen joanean iristen den eginkizuna». Peiok onartu du, gainera, «ohorea» dela taldeko kapitaina izatea. «Egia da une garrantzitsuetan ardura hartu beharra dagoela, baina horixe da gehien gustatzen zaidan gauzetako bat; adrenalina igotzen dit eta piztu egiten nau». Realeko kapitainaren hitzetan, taldea dinamika onean sartuta dagoenean, ez da izaten arazorik. «Eta gurearen gisako taldeetan hain zaila ere ez da izaten egoera okertzen denean neurriak hartzea».

Biek ala biek aukera izan zuten Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatzeko, baina ez zuten debutik egin maila nagusian. Maitek ez dio eman garrantzi handirik. «Baina onartu behar da niri arantza sartuta geratu zaidala», gaineratu du Peiok. «Zenbaitetan zurrumurruak egon izan dira, baina inoiz ez da iritsi aukera. Hemen bizita eta Atletikoren gisako talde apal batean jokatuta, zailagoa da Espainiako selekziora joatea». Azkoaga anai-arrebek badakite gero eta gertuago dagoela erretiroaren ordua. «Baina urtez urte aztertzen dut nik zer moduz nagoen, eta oraingoz, behintzat, jarraitzeko gogotsu nago». Arrebaren antzera, Peiok ere ez dauka amore emateko asmorik. «Nik ez dut ezer esango, hiru urte daramatzadalako erretiratuz. Aurreko denboraldian inoiz baino hobeto nengoen fisikoki, eta sasoi honetan ere oso-oso indartsu sentitzen dut neure burua».

Donostia inguruko neska-mutiko askok Azkoaga anai-arrebak dauzkate ikur gisa. «Baina ni ez naiz izan idolo zalea», argitu du Maitek. «Hain gertuko kirola izanda, inoiz ez diot begiratu izan jokalari jakin bati». Onartu du asko ikasi zuela Maider Telleria, Nagore Gabellanes edo Begoña Larzabalen gisako jokalariak ondoan izanda. «Baina idolorik...». Peiok, berriz, indarra kendu dio idolo hitzari. «Futbolari jakin bat idolo? Futbolean jokatzen duelako? Gehiegizkoa iruditzen zait».

Eskaera argia egin dute biek: «Gabezia handia daukagu azpiegiturei dagokienez, eta beste zelai bat behar dugu. Lehenbailehen, gainera. Gainerakoan, ezinezkoa izango da etorkizunean hazten jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.