Aritz Lasak (Urretxu, Gipuzkoa, 1983) nahi beste denbora izan du lau t'erdikoa prestatzeko. Sasoiko zegoen, baina bere izena Aspeko karteldegitik kanpo ikusi du ia uda osoan. Uda gogorra izan da enpresentzat, oro har jaialdi gutxi egon direlako. Irailekoa, dena den, etsigarria izan da Lasarentzat, bi partida bakarrik jokatu baititu. «Pixka bat amorratuta iritsi naiz lau t'erdikora, jokatzeko irrikan. Ondo nengoen, jokatzeko arazorik gabe, baina partidarik ez zegoen, Tira, dagoena da». Irailean bi jokatu ditu bakarrik, baina uda osoa izan da eskasa. Abuztuan lau partida jokatu zituen, eta uztailean beste lau, eta ekainean hiru.
Lasaren egoera ez da erraza. Pilota profesionalaren bilakaeraren biktima bat da. Egun, izarrak eta pilotari oso gazteak nahi dituzte enpresa zein udalek, eta toki gutxi dago tartekoentzat. Urretxukoak Frontisekin egin zuen debuta profesionaletan, eta 2009az geroztik dago Aspen. Ondo daki zein den bere lekua, eta zaila dela asko jokatzea; Lasa, baina, ez da gora begira egon. «Iraila berez hilabete ona izaten da, baina.... Txapelketara erritmo gutxirekin iristeak beldur ematen dit, baita aurkakoak ere, gogo handiegiarekin iristeak. Gutxienez ondo prestatu dut».
Etzi ekingo dio txapelketari, Zallan (Bizkaia), Danel Elezkanoren aurka. Lasa gogor entrenatu da —azken bi pilotaleku saioak Xalarekin egin zituen—, baina alferrikako lana izan zitekeen, atzo aitortu zuenez, azken unera arte ez zuelako garbi izan lau t'erdikoan sartuko zuten ala ez. Abel Barriolak txapelketari uko egin izanak bidea leundu zion. Partida eskasiak, baina, ez du atsekabetu, eta gogoz dago. «Moralki ondo nago, eta eskuak ondo ditut. Jokatzeko gogoz nago, lanak eginda. Hori bai, orain denetarik gerta daiteke: ondo jokatzea, gaizki...».
Lasari abenduan bukatzen zaio kontratua Asperekin. Badaki sintoma ona ez dela hain gutxi jokatzea, baina ez du gaiarekin itsutu nahi. «Inoiz ezin duzu jakin, nik lau urte daramatzat urteko kontratuak sinatzen. Garai hauek iristean kazetariek beti galdetzen didate gauza bera. Kontratua berritzen badidate, ondo, eta ez badidate berritzen, bada, aurrera». Lau t'erdiko on batek eskaintza ekar dezakeen ez du baloratu nahi, eta lehen partidari begiratzen dio bakarrik. Buruan beste zerbait badu, kostata irabaziko dio Elezkanori.
Bide luzerik ez
Frontisen aritu zenean, Aritz Lasa lau t'erdiko espezialista gisanabarmendu zen —Nafarroako txapelketa ofiziala irabazi egin zuen—, baina Aspera iritsi zenetik ez du inoiz bide luzerik egin txapelketan. Lau aldiz parte hartu du —2012an atarikoa galdu zuen Idoateren aurka, eta 2013an ez zuen jokatu—, eta inoiz ez da final-laurdenetara iritsi. Lauretan final-zortzirenetan kanporatu zuten: 2009an, Bengoetxea VI.ak (22-19); 2010ean, Ruizek (22-18); 2011n, Retegi Bik (22-16), eta iaz, Ezkurdiak (22-8).
Lehortearen biktima
Aritz Lasak oso gutxi jokatu du udan, eta «amorratuta» iritsi da lau t'erdikora. Abenduan bukatuko zaio kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu