ARRAUNA KONTXAKO BANDERA

Lehorretik ez baita modu berean bizitzen

Arraunlari ibilbidea amaituta, Eli Pescador eta Nadeth Agirre kanpotik bizitzen ari dira lehen aldiz Kontxako Bandera. Urduri erreparatzen ari zaizkio taldekide ohien jardunari.

Eli Pescador eta Nadeth Agirre, iazko Kontxako Banderan. FOKU
Eli Pescador eta Nadeth Agirre, iazko Kontxako Banderan. FOKU
pettan uralde
2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun

Kontxako Bandera hamaika aldiz barrutik bizi ondoren, agur esan zioten arraunari iaz Nadeth Agirre (Orio, Gipuzkoa, 1993) eta Eli Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) arraunlariek. Arraunlari sena izanda, urak erakarri egin ditu oraindik, baina kanpotik bizi behar izan dute arraunaren txapelketa handia lehen aldiz. Kontxako bost bandera dituzte bien artean, eta begirunez ikusi dute lehen jardunaldia. Bigarrenerako ere «gogoz» daudela berretsi dute. 

Agirrek gertutik erreparatu dio Orioren denboraldi osoari, eta Kontxa ez da salbuespena izan. «Sailkatze estropadan bertan izan nintzen, baita aurreko igandean ere. Orokorrean, denboraldiko ia estropada guztietan izan naiz. Liga lasai hasi nuen, baina estropada garrantzitsuak iritsi direnean oso urduri jarri naiz. Zer esanik ez Kontxa iritsi denean; sentipen oso bereziak eragin dizkit. Bihar ere bertan izango naiz».

«Kontxako igandeetan bizi ohi dena sekulakoa da, eta iruditzen zait pribilegio handia dela horren parte izatea. Barrura sartzeko gogoa ematen dit»

ELI PESCADORArraun Lagunak-eko arraunlari ohia

Pescadorrek ez dio hain estu erreparatu Arraun Lagunak-en denboraldiari, baina hark ere ez ditu galdu estropadak. «Sailkatze estropada etxetik ikusi behar izan nuen, eta lehen igandean Euskadi Irratian aritu nintzen esatari. Azken urteetan uretan bizi izan dudan hori orain beste modu batera bizi izan dut».

Biek lagun eta taldekide ohi ugari dituzte Kontxako Banderaren lehian. Agirrek, adibidez, asko hitz egiten du Orioko bere taldekide ohiekin. «Estropada baino lehenago hitz egiten dugu, eta taldean nengoenean esaten nizkien gauza berak esaten dizkiet orain. Helburua da entrenamenduetan egindako lana lehiara eramatea. Aurten oso ondo entrenatu dira, eta pixka bat kostatu da estropadetan lan hori guztia islatzea». Pescadorren ere ez du harreman hori galdu, eta inoiz ez galtzea espero duela esan du. «Haiekin hitz egin dut, eta estropada guztietan opa diet zortea. Inbidiaz bizi dut, eta batez ere gozatzeko gomendioa ematen diet beti».

Lehen urtea izanik kanpotik bizi dutela arrauna, normala da oraindik traineruarekiko lotura hori sentitzea. Pescadorrek aitortu du bekaiztu egiten dela. «Beste ikuspuntu batetik bizi dut arrauna orain, baina inbidia ematen didala aitortu behar dut. Kontxako igandeetan bizi ohi dena sekulakoa da, eta horren parte izatea pribilegio handia dela iruditzen zait. Barrura sartzeko gogoa ematen dit». Agirrek, berriz, espero zuen baino hutsune txikiagoa nabaritu du. «Pentsatzen nuen askoz ere inbidia handiagoa emango zidala, baina ez da horrela izan. Kanpotik ondo bizitzen da estropada, eta gustura pasatu dut denboraldia ere. Dena den, kanpotik urduriago bizitzen da dena».

«Orain, ordea, guraso eta lagunak ulertzen ditut, gaizki pasatzen baita kanpotik. Errazago ikusten da kanpotik, baina ez da ondo pasatzen»

 NADETH AGIRREOrioko patroi ohia

Beste modu bat

Hori bera gertatu zaio Pascaddorri. «Arraunean egiten nuenean, urduritasun puntu hori desberdina zen, baita momentua ere. Arraunean, lehenagokoak jartzen zaitu urduri, baina estropada hasterako dena ahaztu egiten da. Ikusle moduan, aldiz, irteera eman orduko pizten zait urduritasun guztia. Estropada jokatzen den bitartean pasatzen dut gaizki». Agirrek ere artega ikusten ditu estropadak, Kontxakoa batez ere. «Kontxakoaren bezpera oso egun bizia izaten da, etengabe estropadan pentsatzen egoten baitzara. Aurten ere horrela pasatu nuen lehen larunbata, lo ezin harturik. Igandean, goizetik taldekide ohiak elkartu ginen estropada ikusteko, eta bertan izan ginen. Guri arraunlari ginenean gustatzen zitzaigun hori egin genuen, eta taldearekin egon ginen portuko arrapalan, haiei babesa emateko. Gure gurasoek egiten zuten hori, eta aurten nik egin dut, nire taldekide ohiekin».

Kanpotik bizitzeak ez die ez onurarik eta ez kalterik eragiten. Bizitzeko «beste modu bat» besterik ez dela adierazi du Agirrek. «Arraunean aritzen nintzenean, aste guztia pasatzen nuen horri bueltaka, baina egunean bertan uretara atera eta ez zen gehiago pasatzen. Orain, ordea, guraso eta lagunak ulertzen ditut, gaizki pasatzen baita kanpotik. Errazago ikusten da kanpotik, baina ez da ondo pasatzen». Pescadorrek lasaiago hartzen du, orokorrean, Kontxako astea. «Astea beste modu batera pasatzen da. Arraunlari zarenean, ez daukazu beste gauzarik buruan. Kanpotik askoz ere errazago ikusten da, beste segurtasun batekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.