Lehoia jatera dator

Aldaketa asko eta garrantzitsuak izanagatik, iaz hasitako bide bikainari eutsi dio Sevillak. Ligan bigarren da, Bartzelonak adina punturekin. Ez dirudi arerio aproposa Athletic goraka has dadin. Aitor Ocio, hala ere, baikor da.

haritz gallastegi
Bilbo
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athleticek eta Sevillak igande eguerdian San Mamesen jokatuko duten norgehiagokak ikusmina sortu du zaleen artean. Espainiako Ligako bi klasiko dira. Talde zuri-gorriak beti jokatu du Lehen Mailan, eta Sevillaren ibilbidea gorabeheratsuagoa izan arren, oso ona izan da. Hamahiru denboralditan baino ez da egon maila nagusitik kanpo. Gainera, denboraldiotan talde indartsuak izan ditu, eta behin baino gehiagotan izan da Athleticen aurkari zuzena helburu bera lortzearren.

Azkenetako bat, eta zeresan handia eman zuena, 2008-09ko denboraldiko Espainiako Kopako finalerdia izan zen. Athleticeko jarraitzaileek ez dute sekula ahaztuko Sevillaren presidente ohi Jose Maria Del Nidok egin zuen adierazpena: «Lehoia jan behar dugu. Burutik buztanera arte». Ilusioz gainezka zegoen Athleticeko zalea gehiago berotzeko balio izan zuen Del Nidok esandakoak. Jokalariek eta jarraitzaileek gutxitan bezala egin zuten bat finalerako sailkatzeko. Gau ahaztezina izan zen.

Aitor Ociok (Gasteiz, 1976) ere ez du sekula ahaztuko. Zelaian egon zen. Baina Sevillan egin zuen ibilbide arrakastatsua ere gogoan dauka. «Igandean bi talde handiren arteko lehia ikusiko dugu. Oso egoera ezberdinean daude, baina horrek ez du esan gura Sevilla denik faboritoa. Athleticek bolada txar luze bat amaitu zuenAlmerian, eta garaipenak ematen duen indarrarekin egingo dio aurre Sevillari. Garai aproposa izan daiteke gorako bideari ekiteko», aitortu dio BERRIAri bi taldeetan aritutako erdiko atzelariak.

Athleticek behar-beharrezkoak ditu puntuak. Talde zuri-gorria egoera gaitzean dago, eta bizpahiru emaitza on behar ditu desagertuta dauden taldeko izarrek euren jokorik onena eman ahal izateko. Hala ere, ez dirudi Sevilla denik aurkaririk aproposena autoestimua berreskuratzeko. Unai Emeryk entrenatutako taldeak asko eskatuko baitio. Maila ikusgarrian ari da. Eta orain arte ligan jokatutako bederatzi partidetan Atletico Madrilek bakarrik hartu du hura mendean hartzeko gai izan den bakarra. Jarduneko txapelduna, hain zuzen ere.

Talde sendoa

Talde sendoa da egungo Sevilla. Lerro guztietan ditu eskarmentu handiko eta maila oneko futbolariak. Hala ere, berez duen maila baino apur bat gorago ari dela dirudi. Ez baita Sevilla liga irabazteko osatutako taldea. Dena dela, Sevillaren lehen txanpa ikusgarriak baino gehiago harritu du Ocio Athleticen hasiera txarrak. «Sevillak egindakoak ez nau ezustean harrapatu. Ez dauka gaitasunik Bartzelona eta enparauekin lehiatzeko, baina sailkapenaren goiko postuetan egoteko osatutako taldea da. Athleticetik, berriz, askoz gehiago espero nuen. Ez nuen espero horren oker ariko zenik».

Sevillak eta Athleticek antzekotasun handiak dituzte. Hasieran, gaur egun dituzten helburuek ere bertsuak izan beharko lukete, baina une honetan ezin dira parekatu, ez lortu dituzten emaitzengatik, ezta taldea osatzean duten filosofiagatik ere. Athleticen ia ez da ezer aldatu. Ander Herrera joan zen, eta Borja Viguera fitxatu zuen klubak erasoko jokoa indartzeko. Gainerakoak aurreko sasoiko jokalari berak dira.

Sevilla, ordea, itxuraldatu egin dute. Europa Liga irabazteko gai izan zen taldeko hiru erreferentzia saldu ditu talde lehiakorra osatu ahal izateko: Ivan Rakitic eta Fazio taldeko izar nagusiak ziren Baccarekin batera. Alberto Moreno, berriz, ezker hegaleko atzelaria bikaina zen. Hirurak onak. Ordezkatzeko gaitzak. Baina hiru salmentengatik eskuratutako 40 milioi euroetatik erdia gastatuta aurreko sasoikoa baino talde sendoagoa egitea lortu du Ramon Rodriguez Monchi kirol zuzendariak, Sevilla taldeko estralurtarrak, alegia. Atzealderako Tremulinas fitxatu dute; zelai erdirako, Aleix Vidal, Banega eta Kritxoviak; eta erasorako, Denis Suarez, Deulofeu eta Iago Aspas. Hirurak utzita. Horrez gain, aurreko sasoian maila ikusgarria erakutsi zuten M'Bia, Nico Pareja eta Carriço fitxatu ditu. Finean, talde orekatua eta lehiakorra kudeatzeko aukera eman diote Emeryri. «Sevillaren ardura duen kirol zuzendaritza oso ona da. Oso jokalari onak fitxatu du hamaikagarrenez, eta talde bikaina egin dute». Lan horren isla da XXI. mendea hasi zenetik irabazi dituen bi Espainiako Kopa eta hiru Europa Liga.

Ur aparretan dago Sevilla, eta ez itotzeko borrokan dabil, berriz, Athletic. Ociok ez daki zein den Athletic sailkapenaren zulora eraman duen arrazoia. «Denok ari gara arrazoiak aurkitu guran. Kontua da futbolean ezinezkoa dela gauza batzuk azaltzea. Gauzak ez dira ateratzen, eta kito! Akaso, denboraldi honetan langa oso goian jarri dute, eta horrek eragina izan du taldean, baina Athleticek aurrera egingo du. Talde guztiek izaten dituzte bolada txarrak. Hasieran bada, gaizki egindakoak zuzentzeko aukera izaten da. Valverdek jokalari onak ditu bere aginduetara, eta talde gisa ondo funtziona dezaketela erakutsi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.