Carlos Gurpegi

Lehoia baino gogorragoa

Athleticeko kapitainak iragarri du erretiroa hartuko duela denboraldi hau amaitutakoan, talde zuri-gorrian hemezortzi urtez aritu ondoren. Josu Urrutia klubeko presidenteak klubean jarraitzeko eskaintza egin dio.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Carlos Gurpegik nahikoa dela esan du. Athleticeko kapitainak larunbatean utziko du futbola, Sevillaren kontra bosgarren postua jokoan dela. Atzera egiteko garaia da. Bada, bi berbatan laburbildu behar bada Athleticeko azken kapitainaren ibilbidea, bata bestearen ondoan gutxitan agertzen diren bi hitz aukeratu beharko lirateke: ametsa eta gurutze bidea. Bietatik asko izan du Andosillako futbolariaren ibilbideak.

Ametsa izan da, gazte askok umetatik gura dutena egia bihurtzeko aukera izan duelako. Lehen Mailako futbolari izatea oso gaitza baita. Beraz, hamabost urtez afizioa eta ofizioa uztartu dituenak badu pozik egoteko arrazoirik. Gurpegik elastiko zuri-gorriarekin 393 norgehiagoka jokatuta esango dio agur futbolari. Bada zerbait. Baina, era berean, arantzaz jositako bidea izan da. Lesio larriak izateaz gain —belaunak txikitu ditu, eta sudurra ere hautsi zuen, Sportingen kontra 3-0 irabazten joan eta azken minutuan korner batean itsu-itsuan errematatzera joanda—, dopinagatik bete behar izan zuen bi urteko zigorra eta haren ondoren futbol zelai guztietan entzun behar izan dituen irainak gurutze bide bihurtu dute behin baino gehiagotan haren egunerokoa.

Bilbotik kanpora ez diote sekula barkatu. Kirolari gutxi izango dira positibo bat horren garesti ordaindu dutenak. «Oraindik ez dakit zergatik agertu zen nire gorputzean 19-norandrosterona», esan zuen atzo, agurrean. Giharretan eta hezurretan marka asko utzi dizkio futbolak. Baina, batez ere, bihotzean eman diote min. Eta, hala ere, beti egin du aurrera. «Zoriontsu izan naiz. Irribarre batekin gogora nazatela gura dut. Jende askok nik pasatu ditudanak baino gauza askoz larriagoak bizi behar izan ditu. Une gaitzak irri eginez gainditzen dira». Ez du ezerk gainditu. Lehoia baino gogorragoa delako.

Gurpegiri ez diote estimu handirik erakutsi Athletic familiatik kanpo, baina haren ingurukoek ez dute alboratu —ezagutu dutenen artean gaitza da aurkitzea haren gainean txarto berba egiten duen inor—. Atzoko Lezamako prentsa aretoko argazkiak argi eta garbi erakutsi zuen zer den Gurpegi Athleticen: taldekide guztiek erakutsi zioten babesa; Lezamako langileak ere han zeuden; jokalari ohiak ere gerturatu ziren lan saioara —Pablo Orbaiz eta Mari Lacruz—, eta baita klubeko agintariak ere: Jose Angel Iribar eta Josu Urrutia buru zuten ordezkaritza zen. «Taldekideak izan ginen. Berak hartu zuen nire lekukoa. Pozik eta harro gaude ordutik gaurdaino egin duen bidearekin. Sarri, klubaren interesak bere interesen gainetik jarri ditu. Guk horrelako jokalariak gura ditugu Athleticen. Eredua da», adierazi zuen Urrutiak. Klub zuri-gorrian aintzat hartzen diren balioak ditu Gurpegik, eta, horregatik, klubean segitzea eskaini dio zuzendaritzak.

Gurpegiren erabakia ez da egun batetik bestera hartutakoa izan. Ez baita erraza azken bi hamarkadetan egindakoa kolpetik lagatzea. Kapitainak duela hemezortzi urte utzi zuen Andosilla, klub zuri-gorriak Derion (Bizkaia) zuen egoitzan leku bat betetzeko. Ordutik, zelaietan eta bizitzan pausoak emanez joan da. Athleticeko mailetan behetik gorako bidea egiten zuen abiadura bertsuan egin zuen atzera soropilean bete beharreko lekuak. Izan ere, erdiko aurrelari gisa fitxatu zuten, eta erdiko atzelari moduan jokatzen esango du agur. Bistan da entrenatzaileek ez zizkiotela ikusten egoitza utzi eta Mungian (Bizkaia) etxe batean bizilagun izan zuen Aritz Adurizek area barruan dituen dohainak. Baina aldaketei ondo egin die aurre. Jokatu duen leku guztietan ondo aritu baita. Hala ere, ezer ez da betiko. «Aurreko sasoian, zalantza handiak izan nituen. Denboraldi honetan, ordea, nahiko argi nuen utzi egingo nuela, baina Gabonen bueltan hartu nuen azken erabakia. Ez da erraza uzteko erabakia hartzea. Lesio askoren ostean, niretzat garrantzitsua da futbolari sentituz erretiratzea. Une aproposa dela uste dut».

Arlo pertsonala aztertuz gero, bistan da Gurpegirena ez dela ohiko ibilbidea izan. Taldearena, berriz, normalagoa izan da. Sasoi onekin eta latzekin. Biak ditu gogoan. «Athleticek ligak irabazi zituenetik oraingoa da kluba bizitzen ari den unerik gozoena. Superkopa altxatzea ederra izan da. Halaber, gogoan daukat Levanteren kontra azken jardunaldian salbatu ginen eguna». Baina arantza bat badauka: «Gabarra ateratzea falta izan zait».

Azken hamabost urteotan izan dituen entrenatzaileen ekarpena aipatzeko orduan, taldearen ibilbidearekin lotura zuzena izan zuen erabaki batek jota utzi zuela onartu du. «Teknikariek beti hartu naute aintzat, zelai barruan eta kanpoan. Hala ere, Mendilibar egotzi zuten eguna mugarria izan zen niretzat. Lehen aldia izan zen nik jokatzen nuen talde batean entrenatzailea botatzen zutena. Bestalde, Valverderekin egonaldia ederra izan da. Bielsaren sasoia ere berezia izan zen. Munduan ez da hura bezalakorik».

Atzera luze eta zabal begiratu ostean, datorrenari arreta jartzeko unea ere egon zen. Gurpegik ez du omenaldi berezirik gura. Zarata handirik atera gabe ailegatu zen gorengo mailara, eta, bide beretik, apal utzi gura du kluba. Agurrean ere klubaren interesak jarri gura ditu aurretik. «Garrantzitsuena irabaztea da. Hala, nire taldekideek ez dute atarikorik jokatuko. Andoni Iraolari egin zioten agurra egokia izan zen». Bada, une latzetan babestu dutenek bete egingo dute haren gogoa. Merezi duelako. Lehoia baino gogorragoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.