Txilibitua eskuan, eta etorkizun oparoa parean. Olatz Riverak (Bilbo, 1996) 18 urterekin egin zuen epaile izateko aurreneko ikastaroa, eta, urratsez urrats, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioko epaile nagusi izendatu dute aurten. Nazioarteko partidetan epaile nagusi izango den lehen euskal emakumea da. Aitzindaria. Haren karismak eta urteetan egindako lanak ahalbidetu diote jauzia ematea, baina hazten jarraitu nahi du. Grina eta pasioa ditu lagun; eta bide luzea aurretik, mugarik jarri gabe.
Atzera egin, eta hastapenak gogoratu ditu. Futbolari estu lotuta egon da beti: Itugarpe, Bizkerre eta Arratia taldeetan jokatu zuen. Epaile lanetan, ordea, «kasualitatez» hasi zela dio: «Bizkerren jokatzen nuen orduan; Arantza Gallastegi taldekidearekin eta haren lagun batekin nengoen, eta komentatu zigun areto futboleko epaile izateko ikastaro bat egingo zuela. Bitxia iruditu zitzaidan, eta futboleko ikastaro batera apuntatzea erabakia nuen».
Gallastegi eta biak eman zuten izena; gaur arte: «Gustua hartu genion, eta jarraitu egin genuen. Inondik inora ez genuen espero honaino heltzea». Emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan epaile guztiak andreak izatearen ideiak ere apustu sendoagoa egitera «motibatu» zuela dio, eta gogoz ekin zion ibilbide berriari. Egun, emakumeak dira Lehen Mailako epaile eta laguntzaile denak.
Mailaz igotzen aritu da Rivera ordutik, «pausoz pauso eta urtez urte». Aurten bosgarren denboraldia du maila nagusian partidak epaitzen, eta sasoi horietan bildutako esperientzia sumatzen duela adierazi du herenegun arbitratu zuen azken partida: Teneriferen eta Atletico Madrilen arteko norgehiagoka; bana amaitu zen. «Lehiaren hasieran beti dituzu nerbio horiek, gauzak ondo egin nahi dituzulako. Baina orain konfiantza gehiago dut nigan, baita nire erabakietan ere. Uste dut hartzen ditudan erabakiak seguruagoak direla». Hori «eskarmentuak» ematen duela nabarmendu du; urteekin jokalariak ezagutzeak ere badu zerikusia. «Esperientzia da gakoa; dena ematen dizu».
Bidean egindako lan onari esker dastatu du loria Riverak: 2020an urteko epailerik onenaren Marca saria jaso zuen, eta FIFAko epaile nagusi izendatu dute aurten 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera arbitratu ahalko du. Ez da izango nazioarteko partidetan arituko den lehen aldia, duela bi urte egin zuelako debuta, laugarren epaile moduan; baina urrats garrantzitsua da, eta meritu galanta du maila igoerak. Horren erakusle da Euskal Batzordeko lehen epailea dela langa hori gainditzen.
Pozez hartu zuen albistea: «Dei bat jaso nuen, eta esan zidaten datorren urtean nazioarteko partidetarako aintzat hartuko nindutela. Ezustekoa izan zen niretzat».
Izendapen hori «amesten duzun» zerbait dela aitortu du. «Badakizu bizitzaren une batean gerta daitekeela, baina espero ez duzun gauza bat da. Ez zaude ziur. Epaile gehiago daude. Izugarrizko poza hartu nuen». Erronkari heltzeko gogotsu eta motibatuta dagoela dio.
Norgehiagokei dagokienez, epaile bizkaitarrak ez du lehentasun berezirik, eta azaldu du egokitzen zaion edozein neurketa izango dela «ongi etorria». «Esperientzia bizi ahal izateak bakarrik, balio dit».
Apurka, aurrera begira
«Partidaz partida» joateko asmoa du, eta hobetzen jarraitzea du xede. «Ahalik eta ondoena egin nahi dut. Denboraldi amaierari begira, hazten segitu nahiko nuke». Horretarako, nahiago du hurrengo lehian zentratu, urrutiegi begiratu gabe. «Partiden ondoren guztia analizatzen dugu, ondo eta gaizki egindakoak ikusteko. Horrela dakigu zertan hobetu dezakegun, zer egin dugun ondo, eta zer azpimarratu hurrengo lehiari begira». Apurka-apurka mailaz igotzen segitzea desio du.
Jarraitutasuna erakutsi duen epailea da, eta lanean jarraitzeko duen gogoak etorkizun oparoa aurreikusten dio. «Momentu onak eta txarrak daude, baina jarraitu behar da; ez ahuldu».
Informatika ingeniaria da Rivera, eta epaile lanak klaseak ematearekin uztartzen ditu. «Batzuetan ondo ematen dut, beste batzuetan, ez hain ondo. Oraingoz, ez dut arazorik izan arbitratzeko, beti eman didate horretarako aukera. Eskertzen diet lankideei nire egoera ulertzea». Gustatuko litzaioke ofizioz futbol epaile izan eta hortik bizi ahal izatea. «Horrela, esfortzu eta kontzentrazio osoa eskaini ahal diozu, eta laguntzen du zure onena eman ahal izateko».
Aipatu du egun, hasi zenean baino askoz emakume gehiago dabiltzala arbitratzen, eta gehiagori animatzeko deia ere egin die. «Mundu hau gustatzen bazaizu, aurrera. Zenbat eta gehiago izan, maila hobea izango da. Bidea ireki behar da».
Riverarekin batera, badaude beste euskal ordezkari batzuk ere Espainiako Lehen Mailan: Gallastegi bera eta Beatriz Arregi epaile bizkaitarra. Gainera, laguntzaile moduan ari dira Nahia Alonso, Iragartze Fernandez eta Haizea Castresana.
Halaber, epaile ibilbidea Riverarekin batera hasi zuen Gallastegi gizonezkoen Hirugarren Mailan ari den Euskal Batzordeko lehen emakumezkoa da; Ohorezko Mailan dabil Rivera. Kasualitatez hasi zuten bideari forma ematen ari dira biak, eta euskal epaileen artean aitzindari dira dagoeneko.
Olatz Rivera
Lehiaz lehia, hazten
Riverak 18 urterekin egin zuen epaile izateko aurreneko ikastaroa; aurten, FIFAko epaile nagusi izendatu dute. Partidaz partida hobetzen jarraitzeko asmoa du bizkaitarrak, eta, horretarako, lanean segituko duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu