Saskibaloi munduak Pablo Prigioniri (Ciudad de Río Tercero, Argentina, 1977) buruz duen iritzia hitz batek laburbiltzen badu, hori lehiakorra da. Eta joko antolatzaile argentinarrak horregatik erabaki du ezustean jardun profesionala uztea: «Sufritzen ari nintzen sasoi betean ezin nintzela egon ikusita», laburbildu zuen atzo, Prigionik berak erabakia emateko Buesa Arenan Josean Kerejeta Baskoniako presidentearekin batera eginiko agerpenean.
Antolatzaile beteranoa zintzotasun handiz mintzatu zen. «Motibazioa aurkitzeko puntu horretara ez naiz iritsi, lehiakor izateko desirara, maila horretan lehiatzeko egunero egin behar den ahaleginera. Mentalki hauskor ikusi dut neure burua, aurretik inoiz ez bezala, eta horrek eraman nau erabaki hau hartzera».
Prigionik argitu zuenez, Baskoniara etorri aurretik hasi zen erabakia hausnartzen. Houston Rockets NBAko taldeak urrian kontratua eten zionean ez zuen argi jokatzen jarraitu nahi zuen edo ez. Argi zuen gauza bakarra, jokatzekotan, Baskonian bakarrik izan zitekeela, eta horregatik egin zuela saiakera. «Hemen bakarrik izan zitekeen; non hemen baino hobeto? Iritsi nintzen egunetiksaiatu naiz, baina burua ez zegoen, eta ez zuen honen inguruko ezer jakin nahi nik asko bultza eginda ere».
Baskoniak igaro duen azken hilabete honetan ez du askorik jokatu, Unics Kazanen aurkako Euroligako azken partidan izan ezik. Ordurako, baina, erabakia hartua zuen. «Duela bi astetik nuen argi erabakia. Egiten ari nintzen horrekin ez nuen gozatzen, eta hori funtsezkoa da. Norberak egiten duenarekin gozatzen ez badu, ez du zentzurik egoera behartzen jarraitzeak».
Agurrean, hitz onak baino ez zituen izan; bereziki, Baskoniarentzat eta Gasteizko hiriarentzat: «Betiko egongo natzaie eskertua ni eta nire familia tratatu duten moduarengatik» Prigionik 21 urteko profesional ibilbidea egin du, eta denboraldi horietako zazpi Gasteizen igaro ditu, hiru aro ezberdinetan —Baskoniaz gain, Fuenlabradan, Alacanten, Real Madrilen eta NBAko hiru taldetan jokatu zuen—. 2008ko liga ere irabazi zuen Baskoniarekin, eta zaleek gehien maitatu duten jokalarietako bat izan da.
Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak ere nabarmendu zuen Prigioni jokalari «ezberdina» izan dela: «Arrasto handia utzi du, gure taldearekiko konpromiso maila oso altua izan duelako». Presidenteak esan zuen erabakia ulertzen duela, baina hala ere Prigioni konbentzitzen saiatu zela erretiroa har ez zezan.
Antolatzaileak argi utzi zuenez, zaleen sentimendu hori bi norabidetakoa izan da, Baskonia baita bere talde kutuna, «mugarri bat» bere ibilbidean. «Baskoniaren elastikoa beste behin jarri ahal izatea gauza handia izan da. Gehien sentitu izan dudan taldea da askogatik. Baskoniaren elastikoa janztean sentitzen nuena Argentinakoarena janztean sentitzen nuen gauza bera da». Izandako entrenatzaileei buruz hitz egitean, berriz, Dusko Ivanovic goratu zuen. «Berak erakutsi zidan antolatzaile postuan jokatzen». Kerejetak aurreratu zuenez, Prigioni, etorkizunean, «modu batera edo bestera», Baskoniako kide izango da.
Lehiatu ezinda «sufritzen» ari zelako
Pablo Prigionik motibazio faltagatik hartu du erretiroa. Baskoniari eta Gasteizko hiriari eskerrak eman dizkie bere agurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu