Sarri errepikatzen da izen bat aizkolari txapelketetako garaileen zerrendatan: Nerea Arrutirena (Urnieta, Gipuzkoa, 1990). Plazako ibilbidea hasi orduko nabarmendu da aizkoran, proba konbinatuetan bezalaxe, eta haren bilakaerak ez du etenik. Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen herenegun, Elgoibarren (Gipuzkoa), eta bigarren aldiz lortu du txapelketa federatibo gorena irabaztea.
«Pozik nago. Oso polita da txapelak eskuratzea eta ikustea urtez urte gauzak hobetzen ari naizela» , esan du Arrutik. Plazarako urratsa egin orduko frogatu zituen bere dohainak, eta koska bat gorago dago orain. Lehiari neurria hartu dio, eta azken hilabeteetako emaitzek agerian utzi dute hori.
Arrutik aise irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa. Sekulako lanik mardulenak egin zituzten aizkolariek; 36, 45 eta 54 —kana-erdikoa— ontzako hiruna enbor moztuta. Irabazleak lehendabiziko egurretik hartu zuen aurrea, eta aldeak handitu egin zituen probak aurrera egin ahala. Azkenerako, hiru minutu eta 55 segundoren aldea atera zion Nerea Sorondo bigarrenari, eta zazpi minutu eta 11 segundorena Oihana Fernandez de Barrena hirugarrenari.
Arrutiren esanetan, espero gabeko aldea izan zen igandekoa: «Nire lanik onena egitera joan nintzen, baina ez nuen pentsatzen halako alde handia aterako nuenik. Hirugarren enborrera artean gainean ikusten nuen Sorondo; nik buelta hartzen nuen, eta hark ere bai. Oso gustura nago».
Arruti gero eta hobeto aritu zen Kalegoena plazako jaialdian, probak aurrera egin ahala sentipen hobeak izan baitzituen. Bi faktorek eragin zuten horretan; batetik, saio hasierako urduritasunak, eta, bestetik, enborren neurriak: «Agian, tentsioarengatik edo jendeak txapeldun bezala jartzeagatik-edo, okerrago hasi nintzen. Oso urduri hasi nintzen, eta lehen enborrean erori egin nintzen; 36 ontzako egurra agian txikiegia da niretzat, eta gehiago pentsatzen dut 'Nerea, ez erori', enborra moztean baino. Nik uste hirugarren enborretik aurrera erosoago moldatu nintzela, eta igarri egin zen. Neure buruarekin konfiantza hartzen hastean, aldea handitu egin zen, eta aizkoran hobeto egin nuen».
Arrutik 17 minutu eta 59 segundo behar izan zituen lanak osatzeko. Denborarekin «gustura» geratu zen kirolari gipuzkoarra, entrenamenduetan ez baitu saio luzerik egin: «Lan gogorrak egin ditut, baina horren luzerik ez. Gerora egin ez diren beste gauzak prestatzen aritu naiz [pentatloia], eta horrek kalte pixka bat egingo zidan agian. Harria altxatzea eta aizkoran aritzea guztiz kontrakoak dira, eta gorputzarentzat ez da onena. Hori bai, fisikoki asko lagundu dit horrek».
Arruti esne mamitan da azken hilabeteetan, jokatu ahala irabazi baitu kasik. Dena den, ez du konformatzeko asmorik, oraindik ere hobetzeko tartea duela uste duenez gero. «Nik uste asko dudala oraindik. Aizkoran teknikoki badut hobetzeko tartea; oraindik ez dute lortzen aizkorakada guztiak segidan ematea. Entrenamenduetan ezberdina da, baina plazan, urduritasunak eragiten du aizkorakada ez ematea eman behar den tokia, eta horrek segida mozten du. Gauza asko ditut hobetzeko, eta uste dut urteak igaro ahala hobetuko dudala. Lanak ondo egin behar dira gero plazan ondo egiteko».
Lana, egoeraren isla
Probaren iraupen luzeak zerikusi estua du inoizko probarik luzeenak egitearekin. Izan ere, emakumezkoen aizkora gorako bidean da. Kirolari kopurua handitzeak —txapelketak atariko kanporaketa izan du aurten— lehiakortasuna handitzea izan du ondorio, eta horri garrantzia ematearen aldeko da Arruti: «Hor gaudela esan nahi du, eta geroz eta lan politagoak egiten ari garela, eta horretarako gai garela esan nahi du».
Horrek guztiak jendearen arreta piztu du, eta horren isla da zaleek Elgoibarren emandako erantzuna ere. Kalegoena plaza jende mukuru egon zen igande eguerdian, eta hori eskertu egiten dute kirolariek. «Kristoren giroa egon zen. Halako lehia bat jokatzeko oso leku polita iruditu zitzaidan, eta oso pozik nago sortu zen giroarekin eta txapelketa egin zuten moduarekin».
Azken bi asteetan beste horrenbeste txapela jantzita —Gipuzkoakoa irabazi zuen aurrez—, Arrutik grinatsu segitzen du etorkizunera begira, eta jada ezarri ditu hurrengo helburu nagusiak. Datorren abenduaren 21ean hitzordu garrantzitsua izango dute Donostian, Urrezko Kopa jokatuta: «Horretarako prestatu beharko dugu, beste aizkolariak ere buru-belarri arituko baitira horri begira entrenatzen».
Nerea Arruti
Lehiari neurria hartuta, eta grinatsu
Nerea Arrutik bigarren urtez segidan irabazi du Euskal Herriko aizkolari txapelketa, eta garaipen bat gehiago zakuratu du bere ibilbide oparoan. Plazako ibiliari ekin orduko nabarmendu zen aizkoran, eta bide beretik segitzea du xede. Txapela kopurua handitzeak ilusioa pizten dio Urnietako herri kirolariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu