Arrauna

Lehiaren uzta berria jasotzen

Euskotren ligan egin diren aldaketak jasan ditu ETE ligak, eta, indargabetu egingo zen susmoa bazen ere, ez da hala izan. Ainhoa Escobalek eta Eneritz Diezek balorazioa egin dute.

Ondarroako arraunlariak. ONDARROA ARRAUN ELKARTEA.
pettan uralde
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Jakina zen Euskotren liga zortzi trainerura zabaltzeak hainbat ondorio izango zituela. Batetik, maila goreneko ligak lehia handituko zuela, eta, zergatik ez esan, entretenigarriagoa bilakatuko zela. Baina, bestetik, baziren kezka batzuk. Hala nola traineruen arteko errendimendu diferentzia, edota ETE liga bera zein egoeratan geratuko zen. Askoren kezka zen azkeneko hori. Izan ere, ETEko bi trainerurik indartsuenak lehen mailara igo ziren, eta, haien tokian, lehendik lehiatu gabeko bi traineru sartuko ziren. Apustu ausarta Euskotren ligarentzat, baina arriskatua ETE ligarentzat.

Edonola ere, ekainaren 17an hasi zen ETe liga, eta bertan izan ziren Ainhoa Escobal (Sestao, Bizkaia, 2003) eta Eneritz Diez (Donostia, 2001). Lehena, Kaikurekin, eta bigarrena, Ondarroarekin. Bata zein bestea, egoera guztiz desberdinetan. Ligaren formatu berriak irekitako aukera sortak etxera itzultzeko aukera eman dio Escobali. 2019an ETEn azkenekoz aritu ostean, Kaikuk trainerua atera du, eta ez zuen bitan pentsatu. Diezek ere beste traineru batean hasi du denboraldia: Ondarroan. Aurreko denboraldian Castron aritu ostean, Antiguako Aman aritzeko fitxatu du.

Ligako lehen zortzi jardunaldiak jokatu dituzte, eta, nahiz eta egur asko geratzen den ebakitzeko, dagoeneko taldeek erakutsi dituzte beren kartak. Kaiku lehen postuan dago, eta emaitzekin «harrituta» daudela dio Escobalek: «Ikusita lehen estropadak nola joan diren eta sailkapeneko goiko postuetan gaudela, argi dago besteekin lehiatzeko garaian gaudela». Ondarroa ez dabil hain ondo, baina taldearen egoerara egokitu dira emaitzak, Diezen ustetan: «Gutxi gorabehera espero genuen tokian hasi dugu liga, agian postu bat edo bi beherago. Baina taldea ia berria da, gazte askorekin, eta normala da».

Ligaren lehiakortasuna azpimarratu nahi izan dute bi arraunlariek. Escobalek esan du «estropada guztietan» dagoela lehia, eta aurre egiten dieten traineruak daudela asteburuero. Diezek ere ildo beretik jo du. Haren ustez,nahiz eta Hondarribia eta Hibaika igo egin diren, lehia «handitu» egin da. «Kaiku eta Zumaia maila bat gorago daude, eta Astillero eta Zarautz ere gainetik dauzkagu. Baina ez dut ezer ezinezko ikusten. Haiei irabaztea lortu dugu egun batzuetan».

Era onean eta emaitza onekin hastea garrantzitsua da, batez ere gazteenentzat eta traineru batean hasten ari direnentzat. Horixe gertatu zaio Kaikuri. «Ez genekien non egongo ginen, eta, denboraldiaurrea ona izan zen arren, zaila zen jakitea. Liga hasierarekin, badakigu zein den gure benetako maila, baina oraindik denbora asko geratzen da. Lidergoa mantentzea izan daiteke helburua, baina, lehen urtea denez, dagoeneko postu horietan egotea oso positiboa da». Bizkaitarraren proiektuak itxura ona izan du hasieratik, baina Escobalek dio ez zuela espero «hain ondo» aterako zenik. «Arraunlari onak elkartu ditugu, eta ideia huts bat zen proiektua aurrera ateratzea lortu dugu. Oraingoz ondo atera da, eta denok pozik gaude».

Ondarroarena, aldiz, ez da proiektu berria. Ospea du ETE ligan, eta talde borrokalaria eta xumea da. Aurten «gehiago» ari zaie kostatzen, Diezen ustetan. «Lehengo urtean ez nintzen Ondarroan izan, baina esango nuke urtea gogorragoa izaten ari dela. Azkenean, arraunlari batzuk Euskotren ligako taldeetara joan dira, eta beste batzuek utzi egin dute. Baina taldea oso elkartuta dago, giro ederra dugu, eta horrek indartsu egoten laguntzen digu».

Zuloa handitu egin da

ETE liga indartu egin bada ere, Euskotren ligarekin alderatuta zuloa handitu egin den susmoa du Escobalek. Diferentzia dago bi ligen artean, nabarmen. Hala ere, lehia mantendu egin da bai Euskotren ligan, eta baita ETE ligan ere. Liga bakoitzean desberdintasunak ikusten ari gara bi txanden artean, eta agian zulo handia dago bi ligen artean». Igoera fasean ere desberdintasunak izan dira. Izan ere, ETE ligako txapeldunak kanporaketa jokatu beharko du Euskotrenera igotzeko, eta, Galiziako taldeek salbazioa bermatuta daukatenez, oso zail geratzen da igoera. Escobalek dio«gauza handia dela» lehen bi postuetan egotea, eta horrekin geratzen da. Diezek ere hitz egin du bi ligen arteko desberdintasunaz, baina bera positiboarekin geratzen da: «Txanda batetik bira pasatzea, Galiziako taldeak sartzea... Esango nuke emakumeen arrauna indartu egin dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.