Agurtzane Elorriaga. Bizkaia Durangoko zuzendaria

«Lehian hasita, txirrindulariek presioa kendu dute gainetik»

Herenegun bueltatu zen Elorriagaren taldea errepidera. Gaur, Durango-Durango klasikoan hartuko dute parte, etxeko lasterketan.

BIZKAIA DURANGO.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Bazuen gogoa Agurtzane Elorriaga Bizkaia Durangoko zuzendariak (Iurreta, Bizkaia, 1978) autora bueltatzeko. Koronabirusaren pandemiak hainbat aldaketa ekarri arren, funtsezkoena ez dela aldatu nabarmendu du: «Maskararekin eta distantziak gordeta izan arren, zaleak errepide bazterrean egon dira».

Herenegun korritu zenuten etenaren osteko lehen lasterketa: Nafarroako bigarren klasikoa. Zer moduz?

Ondo. Egia esan, lasterketa gogorra izan zen, eta gehien harritu ninduena izan zen nolako irteera egin zuten.Ez ziren orduko 50 kilometroko abiaduratik jaisten, eta hori izugarria da. Are gehiago kontuan hartuta zein eten luzea izan dugun eta zein gogorra eta teknikoa zen ibilbidea. Horrek erakusten dugogo handiz dagoela tropela. Taldea ondo aritu zen, eta uste dut bihar [gaur] oraindik eta hobeto arituko direla.

Zuk ondo ikusi zenituen. Baina haiek zer esaten zizuten?

Gogorra izan zela, baina oso pozik zeudela. Afarian bestelako giro bat zegoen: barrea, txantxak, poza... Lehian hastearen presioa kendu zuten gainetik, guztiontzat gogorrak izan baitira aurreko hilabeteak.

Herenegun ezin lehiatu izanaren arantza kendu zenuten,ezta? Egoera nahasgarria izan zen. Nola bizi izan zenuen?

Informazioa argi ez ematearen ondorioa izan zen. Izan ere, berez, UCI World Tourreko lasterketa ez izanda, hasieran ez zegoen PCRproba egiteko beharrik. Baina, hori aldatu, eta ez ziguten behar bezala eta garaiz abisatu. Jakin izan bagenu, aurretik egingo egingo genituen, eta ez genuen lehiatzeko arazorik izango.

Nolakoa da lasterketa bat egoera berri honetan?

Gauzak ez dira hainbeste aldatu. Zaleak, behintzat, nahiz eta maskararekin eta distantziak errespetatuz, errepide bazterrean zeuden, eta hori oso garrantzitsua da. Beharbada, aldaketarik handiena izan zen autoan maskararekin joan behar izatea. Baina araudiak hala agintzen du, eta errespetatu egin behar dugu.

Eta, gaur, etxeko lasterketa: Durango-Durango. Gogoz egongo zarete, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Etxean izanda, garaipena lortzera aterako gara, zaila izango den arren. World Tourreko zazpi talde bertan egongo dira, eta, beraz, maila handiko lasterketa ikusteko aukera izango dugu. Gainera, atzokoa [herenegungoa] ikusita, uste dut ohi baino tropel txikiagoa iritsiko dela lasterketako zatirik gogorrenera. Berak, nahi badu, Van Vleutenek irabaziko du.

Ibilbidea ondo ezagutzen duzue, urterokoa baita. Baina azken asteetan are gehiago aztertu duzue, itzulera aurreko egonaldia bera ere Durangon egin zenutelako. Nolatan?

Taldeko txirrindulari gehienak euskal herritarrak dira, eta, hasiera honetan egin behar ditugun lasterketak hemen ingurukoak direnez, leku aproposa iruditu zitzaigun sasoia berreskuratzeko.

Le Coursen parte hartzeko gonbidapena jaso duzue. Gustura?

Oso pozik gaude. Talde txiki honek azken urteetan egin duen lan handiaren sarietako bat da. Lan asko egiten duzunean, sarritan, emaitzak ere alde izaten dituzu.

Lasterketa horretan parte hartzeak zer ahalbidetuko dizue?

Taldearentzako eta gure babesleentzako ekarpen handia izatea ahalbidetuko digu. Ikusgaitasunari dagokionez ere, oihartzun handiagoa izango dugu. Alde guztietatik oso positiboa izango da.Harro sentitzen gara Euskal Herriaren izena munduko alde guztietara eramango dugulako.

Hirugarren aldiz hartuko duzue parte Tourrean. Aurrekoek zer oroitzapen ekartzen dizkizute?

Oroitzapen onak ditut guztiez. Baina Joanerekin [Somarriba] 2003an lortutako Tourra etortzen zait burura.

Aurten, ordea, zer helburuarekin zoazte?

Garbi dugu talde oso indartsuak izango ditugula alboan, eta zailaizango dela aurreko postuetan egotea. Beraz, ihesaldiren bat harrapatzen saiatuko gara.

Lasterketa nagusietara daukazun talderik onena eramaten saiatuko zara?

Egutegiko lasterketarik garrantzitsuenak La Course, Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia izango dira. Txirrindulariak gogoz daude, eta normala da lasterketa nagusietan denek korritu nahi izatea. Okerrik ezean, Lizzie Holden eta Alice Maria Arzuffi txirrindulariak La Coursen izango dira. Arzuffik, gainera, italiarra izanda, Giroa ere korrituko du. Halere, taldeko beste txirrindulariak ere ez ditugu ahaztu behar: Lucia [Gonzalez] eta Cristina [Martinez] ondo ikusten ditut. Eskarmentu handia dute, eta emaitza onak lortu dituzte azkenaldian.

Osasun krisiak nola eragin dizue arlo ekonomikoan?

Eragin txikiren bat edo beste izan dugu. Zaila izango bada ere, pixkanaka egonkortuko garen esperantza daukat. Zorionez, lasterketa oso garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izango dugu, eta, diru sarrera horiei esker, espero dut urte amaieran ez dugula galera handirik izango. Azken batean, lasterketa kopuruek dute giltza.

Laguntzak murriztu zaizkizue?

Oraingoz, laguntza pribatuetatik, babesleren bat edo beste joan zaigu. Baina, lehen esan bezala, denboraldiari berriro ekingo diogu, eta uste dut hasieran pentsa genezakeen baino galera txikiagoa izango dugula. Nahiz eta ikusiko dugun testek eta abarrek zenbateko kostua duten, UCIk argi utzi baitu guk ordaindu behar ditugula. Eskertzen diegu ahalegina babesleei.

Osasun krisia dela eta, UCIk egutegia estutu behar izan du. Zuzendari gisa, zer iritzi duzu?

Ez zegoen beste aukerarik. Gauden egoeran egonda, ahalik eta lasterketa gehien antolatzen saiatu dira.

Txirrindulariek tarte txikiagoa izango dute lasterketa batetik bestera atseden hartzeko. Errendimenduan eragingo diela uste duzu?

Egia da denboraldi oso trinkoa izango dugula, baina itxaropena daukat errendimendu ona izango dutela. Nahiz eta besteen erreferentzia gutxi ditugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.