Aitor Etxaburu. Anaitasunako entrenatzailea

«Lehiakorrak izatea da helburua, eta lortzen ari gara»

Iruñeko Anaitasunak bigarren denboraldia du oraingoa Asobal Ligan. Bere jokalariek erakutsiriko konpromisoa nabarmendu eta txalotu du taldeko entrenatzaileak

edurne elizondo
Iruñea
2012ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Asobal Ligaren lehen itzulia amaituta, atseden hartzeko aukera du orain Anaitasunak. Aitor Etxaburuk (Eibar, Gipuzkoa, 1966)eskertu du etenaldia, eta on eginen diela uste du. Kontent da jokalariek egindako lanarekin, baina bigarren itzulia «gogorragoa» izanen dela argi du.

Zer moduz dago taldea? On eginen dizue etenaldiak?

Egindako lanarekin hagitz kontent nago. Taldearen sasoiari dagokionez, atseden hartzeko beharra daukate jokalariek. Abendua hagitz gogorra izan dugu, eta badugu indarberritzeko beharra.

Helburua beteta amaitu duzue lehen itzulia?

Bai. Hori lortzeko lan handia egin behar izan dugun irudipena ere badut. Gogorra izan da. Jokalariek dena eman behar izan dute pistan, konpromiso handia erakutsi dute.

Seigarren postuan zaudete, zazpigarrenak dituen puntu kopuru berarekin, 15 punturekin, alegia.

Bai. Egoera horrek ematen digu aukera bigarren itzuliari lasaitasun pixka bat gehiagorekin ekin ahal izateko. Jakinda, gainera, bigarren itzuliaren hasiera hagitz gogorra izanen dela. Ezin dug0u punturik galdu, baina orain sailkapenean dugun tokiak ematen digu haize pixka bat.

Liga ez zenuten ongi hasi. Arerioek baldintzatu zuten zuen lana. Zaila izan da egoera horri buelta ematea?

Bagenekien hasiera zaila izanen zela. Bartzelonaren, edo Atletico Madrilen aurka galtzea aurreikusten genuen, nolabait. Hala ere, lehendabiziko bost partidak galtzea ez da erraza izan. Antsietatez bizi izan genuen egoera hori, eta hori ez da ona. Horrek markatu du lehen fasea. Zalantzak izan ditugu, konfiantza eza. Etxetik at lasaiago aritu gara, etxean baino. Kosta egin zaigu aurrera egitea.

Lortu duzue, dena den.

Bai. Seigarren jardunalditik aurrera partida bakar bat galdu dugu, Cangasen aurkakoa, etxetik kanpo. Azken txanpa hau ona izan da, zalantzarik gabe.

Espero baino lan psikologiko handiagoa egitea egokitu zaizu?

Meritua, nirea baino gehiago, jokalariena izan da. Konpromiso handia dute taldearekin, eta dena ematen dute pistan. Haiek izan dira gai egindako hutsak zuzentzeko, eta gora egiteko. Gogoz ziren, gauzak ongi egiteko gogoz, eta, azkenean, horrek eman du bere emaitza. Orain ongi gaude, baina argi izan behar dugu halakoak berriz gertatuko direla, izanen ditugula bertzelako krisiak.

Zein izan da, pistan, susperraldiaren gako nagusia?

Hagitz garrantzitsua izan da jokalariek sufritzeko erakutsi duten gaitasuna. Defentsan erakutsi dute hori, batez ere. Erasoan arazoak izan ditugu. Golak sartzeko zailtasunak izan ditugu, batez ere. Horregatik, nik uste, balio handiagoa ematen diogu defentsako lanari. Eta arlo horretan jokalariek erakutsi duten jarrera txalogarria da. Bigarren faserako, noski, erasoan hobera egin beharko dugu. Trantsizioetan egin beharko dugu hobera, eta erasoa sendotu. Ahaztu gabe, noski, gure arma nagusia defentsako lana dela.

Bigarren itzuliari begira, mailari eustea izanen da xedea, edo bertzelako helburuak dituzue mahai gainean?

Seigarren gara, baina zazpigarrenarekin berdinduta. Eta azpitik, puntu gutxira dauden hainbat talde daude. Orain, mailari eustea da helburua. Bertzelako helburuak izanen ditugunik ez dut baztertu nahi, hala ere. Baina hori bigarren itzuliko lehen partidak jokatu eta gero ikusiko dugu, Bartzelona, Atletico Madril, Leon eta Logroño izanen baititugu aurkari. Edozer gauza gerta daiteke.

Ez duzu presaz jokatu nahi?

Ez, ez baita ona guretzat. Urratsez urrats egin behar dugu aurrera. Taldeak beti egin du horrela, eta hori da, hain zuzen, azken urteotako emaitzen gako nagusia. Oinarri sendoa behar du talde batek, azpiegitura egokia. Horri eusteko, pixkanaka egin behar dugu aurrera, lor daitezkeen helburuak jarrita mahai gainean.

Bigarren denboraldia duzue Asobal Ligan. Ezberdina izaten ari al da?

Bai, hagitz ezberdina. Aurreko sasoian espero gabe ailegatu ginen Asobalera, eta ilusioz ekin genion lanari, deus galtzeko ez baikenuen. Inolako presiorik ez genuen. Oraingoan gauzak bertzelakoak dira. Iaz barkatzen ahal ziren gauzak, aurten, jada, ezin dira barkatu. Taldeak berak ezartzen dio presioa bere buruari. Gauzak ongi egin nahi dira, gehiago eman, eta ez da erraza izan. Egunerokoan, eta lan egiteko moduan, hor alde handirik ez dago. Betiko gogoz eta ilusioz ari gara. Beti lehiakorrak izatea da helburua, eta lortzen ari garela uste dut.

San Antonio gabe, gizonezkoen artean zuek zarete talde bakarra. Zuentzat, nolakoa da egoera hori?

San Antoniok Asobal utzi behar izatea tristea izan da. Bakarrik gelditu gara, eta egoera horren presioa sumatzen dugu, baina presio ona da. Pribilegio bat da Asobalen aritzeko aukera izatea.

Eskubaloiarekin gozatzen jarraitzen al duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Bigarren itzulia zaila izanen dela argi dut. Partida gehiago izanen ditugu etxetik at, eta aurkari gogorrak izanen ditugu hasieran. Baina lanean jarraitzeko gogoz gara, gozatzen jarraitzeko gogoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.