«Lehiakorragoa da taldea»

Denboraldi batez arrauna utzita egon dira «atsedena» behar zutelako, baina orain San Juanen ari dira berriz Oihana Cereijo, Inder Paredes eta Josune Ugarte.

Oihana Cereijo, Josune Ugarte eta Inder Paredes, San Juaneko arraunlariak, atzo, Pasai Donibanen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
P. Donibane
2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
San Juanek aurreneko aldiz Kontxako Bandera irabazi zuenean, 2014an, traineru barruan ziren Inder Paredes patroia (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1991), eta Oihana Cereijo (Pasai Donibane, 1990) eta Josune Ugarte (Pasai Donibane, 1990) arraunlariak. Historia egin zuten, eta, garaipen gogoangarri haren ondoren, denboraldi batez egon ziren hirurak arraunik ukitu gabe. «Urtebeteko atsedena behar genuen, eta aurretik geneukan pentsatuta hala egitea. Baita aurten itzultzea ere», kontatu dute hiru batelariek.

Urte asko zeramatzaten udan arraunlari izanez, «eta uda beste modu batera bizitzeko gogoz ginen», gehitu du Cereijok. Ez hori bakarrik, Ugartek esandakoaren arabera: «Ikasketak bukatzeari lehentasuna eman nion nik, denera ezin iritsita nenbilelako, eta utzi nuenean baino indar handiagoarekin itzuli naiz. Garaiz uztea ona da, gero indartsu itzultzeko». Paredesi bizkarreko lesio batek erasan zion: «Garbi neukan urtebetez utzi egin behar nuela arrauna, behar bezala osatzeko. Orain, lesioa hobeto daukat, eta hemen naiz berriz ere».

Ohikoa izaten da arraunlarientzat udazken garaian klubetakoen erreguak entzutea, itzultzeko edo arraunean hasteko; baita beste talde batera joateko ere. San Juaneko hiruren kasuan, erregurik ez zen behar izan, aurrez pentsatua zutelako, baina Cereijok adierazi du herritarrek animoak ere eman zizkietela itzultzeko: «Herrian asko animatu gaituzte berriz hasteko, eta babes handia sentitu dugu». Ugartek umore puntua jarri dio gaiari: «Herritar batzuk konturatu ere ez ziren egin iaz ez geundela taldean, gu zoriontzen segitzen zuten eta». Barre egin dute hirurek anekdota horrekin.

Erabakitakoa gauzatu baino ez zuten egin hirurek aurreko udazkenean. Talde garailea utzi zuten, eta San Juanek irabazle segitu zuen aurreko sasoian ere, hirurak ez zeudenean taldean. Bigarren aldiz Kontxako Bandera ere irabazi zuten taldekideek iaz, Euskotren ligarekin batera. Itzuli zirenean izan ote zuten zalantzaren bat maila emango zuten edo ez? «Kezka bagenuen fisikoki gai izango ote ginen edo ez taldearen erritmoari jarraitzeko. Izan ere, orain beste modu batera entrenatzen da hemen; gogorragoa da lehengo aldean, eta mailak gora egin du». Ugartek ondorengo hau gehitu dio: «Itzulitakoan banekien topera itzuli beharko nuela taldean lekua egiteko».

Bistan da ondo moldatu direla taldearen martxara, eta horrek ikaragarrizko poza eta lasaitasuna emango zizkion Juan Mari Etxabe entrenatzaileari, taldean lehiakortasuna sortuko zelako postua lortzeko, eta, ondorioz, San Juanen mailak gora egingo zuelako. Hala izan da, eta onartzen du Cereijok: «Aldaketak egiten ditugunean, ez da antzematen, eta esango nuke talde guztietan ari dela gertatzen gauza bera. Etxabek esaten digu kanpoan geratzen diren arraunlarien mailak egiten duela talde bat handi».

«Helduagoak gara orain»

Handienetako bat da San Juan emakumezkoen arteko lehian,handiena ez bada. Aurtengo emaitzak hor daude, esandakoa berresteko: Gipuzkoako ligako bi estropada irabazi ditu, eta Euskotren ligan oraingoz jokatu diren lauretan izan da azkarrena. Nabarmena da taldea duela, baina lan handia dago emaitza on horien atzean. Horren berri eman dute hirurek: «Negua oso gogorra izan da. Prestakuntzako garaia da, gero udan ondo egoteko, eta lan gogorra eginarazi digute entrenatzaileek. Gero, lehian, beste heldutasun bat daukagu, eta egoera zailei hobeto egiten diegu aurre».

Lehengo aldean beste era bateko entrenamenduak egin dituztela kontatu du Ugartek: «Lehen, uretan gehiago ibiltzen ginen, taldea egite aldera, baina, aurtengo neguan, gimnasioan ordu gehiago egin ditugu, eta uretan, gutxiago». Datu harrigarri samarra izan daitekeenaren berri eman du gero Cereijok: «Duela hilabete eta erdi arte ezin izan genuen talde osoa elkartu egunero uretara ateratzeko. Lana dela, ikasketak direla, ezin».

Baina neguan egindako lan isilak eta gogorrak emaitzak eman ditu, eta aurrerantzean ere ematea nahi dute, jakina. «Euskotren ligako zortzi estropadak irabazi nahi ditugu», esan du Paredesek. Eta, gero, konturatzerako, iraila helduko da: Kontxako Bandera. «Handia litzateke hirugarrena jarraian irabaztea», esan dute hirurek. Emango lioke indarra taldeko lanaren esanahiari: duela bi urte, arraunlari batzuekin irabazi; iaz, batzuk gabe; eta, orain, berriz ere ia denek elkarrekin irabaziko lukete, zenbait berrirekin batera. Ez dute alferrik nabarmendu Cereijok, Paredesek eta Ugartek taldea direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.