Lehiaketen bidea sendotzen

Euskal Herria Kirola 2009az geroztik ari da lanean Euskal Herriko kirol egituren alde. Aurten beste pauso bat eman du futboleko Euskal Herriko Txapelketarekin.

Athletic eta Realeko jokalariak. Euskal Herriako Kopako finala jokatu ondoren. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2017ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herria Kirola egitasmoa 2009an sortu zen. 7.000 pertsona bildu ziren Anoeta belodromoan Kirol Haerria festa erraldoirako, eta han hasi zen loratzen kimua. «Elkarte xumea gara, baina lan egiteko borondate guztiarekin. Euskal Herri mailako kirol egitura, selekzio eta ekintzak bultzatzea da helburua, eta aurtengo gizonezkoen Euskal Herriko Futbol Txapelketa beste pauso bat izan da», azaldu du Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolaren ordezkariak. Txapelketaren finala bihar jokatuko dute Alavesek eta Athleticek, Barakaldon (Bizkaia, 19:30, ETB1). Sarrerak salgai daude jada Ehkirola.eus webgunean, Kutxabanken sarrerak saltzeko zerbitzuan, Iraultza 1921 Alavesen zale taldearen eta Athleticen bitartez, eta Lasesarreko leihatiletan, partida hasi aurretik.

Azken zortzi urteetan, Euskal Herria Kirolak bide luzea egin du futboleko Euskal Herria kopa antolatzen, eta parte hartzaile kopurua handituz joan da. Aurtengo finala Realak eta Athleticek jokatuko dute, hilaren 27an, Elgoibarren. «Zazpigarren aldia da aurtengoa, eta emakumezko taldeek oso serio hartzen dute euren egutegietan. Gero eta talde gehiagok hartzen dute parte, finkatu egin da haien egutegian, eta, orain, gizonezkoetan antzeko bidea egitea da asmoa», argitu du Zurutuzak.

Txapelketa sistema, halere, ezberdina izan da gizonezkoetan. «Osasuna eta Alaves Lehen Mailara igo zirenean, aukera ikusi genuen. Ligako euskal taldeen arteko partidekin sailkapena osatu, eta lehen biek finala joka zezatela abuztuan: Euskal Herriko finala». Euskal talde guztiekin harremantean jarri ziren iragan sasoian, eta bostek begi onez ikusi zuten txapelketa, eta finalaren antolaketa. Antolatzaileek, baina, udako lagunarteko baten itxuratik aldendu nahi dute. «Hau txapelketa bat da, urteko lehen titulua. Historiarako geldituko da zein izan zen lehen txapelduna». Taldeek, bestalde, kirol baldintza batzuk onartu dituzte. Besteak beste, gutxienez lehen taldeko zazpi jokalari egon beharko dira une oro zelaian, eta hiru aldaketa egin ahal izango dituzte guztira.

Finalaren ondoren, Juan Martinez de Irujo pilotari ohiak txapela jarriko die irabazleei. «Txapeldun handi batek beste batzuei emango die garaikurra. Txapelaren sinbolismoa garrantzitsua da guretzat, euskal ikurra Euskal Herriko txapelketaren erdian», nabarmendu du Euskal Herria Kirolako kideak. Finalaren ondoren etorriko da balantzea egiteko garaia, eta etorkizunari begiratzekoa, baina antolatzaileen asmoa aurtengoari segida ematea da.

Lehiaketa giroa nahi dute zelaian, eta baita harmailetan ere. Partidaren aurretik, eta 18:00etan hasita, zaleek kalejira egingo dute estadiora. Iraultza 1921 Alavesen zale taldeak eta Iñigo Cabacas Herri harmailak dinamizatuko dute, eta euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko dute. Izan ere, hori da Euskal Herria Kirolaren beste helburua handia: ofizialtasuna.

Selekzioaren auzia

Euskal selekzioen ofizialtasuna agenda politikotik erori da, etaazken urteetan aldarria hoztu egin da gizartean. Egoera horretan, etaZurutuzaren ustez, «hankasartze handia» litzateke desagertzen uztea. Hori, baina, «landu» egin behar da, dioenez. «Jende askok bihotzean sentitzen duen aldarrikapen bat da, sentsibilitate askotako jendea biltzen duena, baina elikatu egin behar da. Kontzientziazio estrategia bat behar da, eta pausoak eman».

Euskal Herria Kirolak 2012an Euskal Herriko eta Eslovakiako emakumezkoen futbol selekzioek Donostian jokaturiko lagunarteko partida antolatu zuen, eta, iaz,antolatzeko zorian egon zen gizonezkoen bat, Iruñean. Lagunartekoen dinamika Nafarroara ere zabaltzea zen asmoa. Orain, baina, Zurutuzaren ustez, partidena bainoago, «estrategia zehatzen» garaia da. «Baditugu ideiak, baina beste eragileekin bildu beharra dago, gaiari buruz hitz egin. Jaurlaritza, kirol federazioak... eta gu beste eragile bat gehiago izan. Adostasunik gabe, halere, ez du zentzurik ideia horien berri emateak, papera baino ez dira».

Azken urteetan, Jaurlaritzak EAEko kirol federazioen bidea urratu du, ofizialtasuna eskatzea haiei dagokiela argudiatuz. Futbolekoaren batzarrean, baina, ez zen bozkatu ere egin, Bizkaiko eta Arabako federazioetako presidenteek ez zutelako eskaera babestu. «Klubetatik irten behar da hori, behean erakutsi behar zaie proiektu egingarria dela», nabarmendu du Zurutuzak. Estrategia bideratzeko gizarte zizbiletik irtendako ekinaldiak behar dira, bere garaian ESAITek eta Jauziak egin bezala. Euskal Herria Kirola izan daiteke hutsune hori betetzen duena? «Guk mezu positiboak ditugu, beste eragileak behar dira. Ez dago oztopo gaindiezinik, ez juridikoki ezta politikoki ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.