Arrauna

Lehiak ez dauka etenik

32 urteren ostean, Euskal Herrian jokatuko dute Espainiako Traineru Txapelketa, asteburuan, Donostian. Hamahiru ontzik hartuko dute parte, eta horietatik bederatzi Euskal Herrikoak dira.

Hondarribia eta Urdaibai, joan den igandean, Donostian, Euskadiko Txapelketan. Berriro lehiatuko dira. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hondarribia eta Urdaibai, joan den igandean, Donostian, Euskadiko Txapelketan. Berriro lehiatuko dira. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
Donostia
2024ko ekainaren 14a
17:00
Entzun

Traineruek abiada hartu dute jada. Oraindik ez dira ari liga nagusietan, baina asteak daramatzate txapelketetan lehiatzen. Duela bi aste, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatu zituzten, eta, duela astebete, Euskadikoa. Asteburu honetan, berriz, Espainiakoa jokatuko dute. Euskadikoa egin zen toki berean izango da, Donostian, Kontxako badian.

Duela 32 urte jokatu zen azkenekoz Espainiako Txapelketa Euskal Herrian, eta orduko hartan ere Donostian lehiatu ziren traineruak. Aurtengoak ere badu berritasunik, hiru urteren ostean berriro ariko baitira Euskal Herriko ontziak. Badu azalpena: abuztu hasieran jokatzen zen txapelketa, eta garai horretan euskal traineruak bete-betean ari ziren euren ligetan. Duela hiru urte, KAE1 ligako Getaria, Kaiku eta Arkote aritu ziren, liga nagusietakoek estropadak zituztelako asteburu berean. Getariak irabazi zuen. Aurten, ordea, aurreratu egin dute txapelketa, eta euskal ordezkariak parte hartzeko moduan dira. Imanol Garmendia Euskadiko Arraun Federazioko presidentearen hitzetan, hori izan da hautagaitza aurkezteko arrazoi nagusia. «Ulertzen genuen bultzada bat eman behar zitzaiola txapelketa honi, eta data aldatuta bakarrik lortu genezake ziurtatzea maila altueneko traineruek parte hartuko zutela». 

«Bultzada bat eman behar zitzaion, eta datak aldatuta bakarrik lortu genezake maila altueneko traineruak aritzea». IMANOL GARMENDIAEuskadiko Arraun Federazioko presidentea

Hala, Euskal Herrikoak izango dira traineru gehienak: hamahirutik bederatzi. Emakumezkoetan bost ontzi ariko dira: Arraun Lagunak, Donostiarra, Hondarribia, Orio Euskal Herrikoak, eta Astillero, Espainiakoa; gizonezkoetan, berriz, zortzi traineruk hartuko dute parte: Hondarribia, San Juan, Urdaibai, Zierbena eta Isuntza, Euskal Herrikoak; Camargo eta Pedreña, Espainiakoak; eta Chapela, Galiziakoa.

Proba lau luzera jokatuko da (5.556 metro), eta ez bira, Euskotren eta ETE ligetako estropadetan traineruek egiten duten moduan. Joan den igandean ere, agertoki berean egindako Euskadiko Txapelketan, emakumezkoen traineruek 2.778 metro egin zituzten bi luze eta ziaboga bateko ibilbidean. Gizonezko traineruen metro berdinak egingo dituzte, eta emakumezkoen ontziek distantzia horretan lehen aldiz lehiatzeko aukera izango dute. Garmendiaren ustez, «erronka polita» izango da haientzat, eta egiteko gai direna erakusteko balio izango du.

Igandeko finalaren aurretik, bihar jokatuko da sailkatze estropada. Arratsaldeko lauretatik aurrera izango da, eta finalean zein zortzi ontzi arituko diren erabakiko da. Bost ontzi bakarrik izan arren, emakumezkoetan bi txandatan aterako dira. Gizonezkoetan, berriz, lau kaleko bi txandatan jokatuko dute sailkatze estropada. Txandak goizeko 12:00etan zozkatuko dituzte, Donostiako Aquariumeko instalazioetan. Igandean lau ontzi izango dira gizonezkoen finalean; emakumezkoetan, ordea, ez dute zehaztu bosgarren ontzia kaleratua izango den edo finalean parte hartzeko aukera izango duen.

Estropada «garrantzitsua»

Iñaki Gabarain Donostiako kirol zinegotziarentzat, estropada «garrantzitsua» da asteburu honetan Donostiak jasoko duena, eta euskal arraunak bizi duen «momentu paregabea» azpimarratuko du. «Euskadiko Traineru Txapelketaz gozatu genuen bezala egingo dugu txapelketa honetan, eta interesa pizten duten hainbat ezaugarri daude arraunzaleentzat: distantzia desberdina emakumezkoetan, Espainiako eta Galiziako traineruak Euskal Herrikoekin aurrez aurre... oso itxura ona dauka».

Aurreko asteburuan itsaso zakarra egon zen Euskadiko Txapelketan, baina, asteburu honetan, aurreikuspenen arabera, ez da halakorik izango. Itxuraz, estropada lasaiagoak izango dira.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.