Olinpismoa

Lehia zuritu zain

Ostiral honetan hasiko da Neguko Olinpiar Jokoen 23. ekitaldia, Pyeongchangen (Hego Korea). Inoizko handiena izanagatik, oharkabean iritsiko da ia. Errusiari ezarritako zigorra, bi Koreen artekoak... lehiaketaz kanpoko gaiek bereganatu dute arretarik handiena orain arte.

Pyeongchangeko eski gunearen kanpoaldea. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Inoizko Neguko Olinpiar Jokorik handienak». Halaxe aurkeztu ditu Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) ostiral honetan Pyeongchangen (Hego Korea) hasiko diren Neguko Olinpiar Jokoak. Hala dira datuei erreparatuz gero: inoiz baino kirolari gehiago ariko dira (ia 3.000), inoiz baino herrialde gehiagoordezkatuko dituzte (92), eta inoiz baino diziplina gehiagotan lehiatuko dira (102). Zenbaki itzel horiek nahikoa berme izan beharko lukete ikuskizun ederra izan dadin.

Ezer gutxi hitz egin da, ordea, lehiaketaz orain arte. Lehiarekin zerikusi txikia duten bi gaik bereganatu dute arreta osoa: bata, Errusia ez dela ariko herrialde moduan, NOBk zigortu egin baitu, dopinaren aurkako kontrolak «sistematikoki» manipulatu izana egotzita; bestea, Hego eta Ipar Koreako kirolariek elkarrekin egingo dutela desfilea, bandera berarekin, eta bi herrialde horietako hamabina jokalarik osatu dutela emakumezkoen izotz hockey taldea.

Historikoa da NOBk Errusiari ezarritako zigorra. Inoiz ez zion debekatu herrialde baten ordezkaritza osoari Neguko edo Udako Olinpiar Jokoetan lehiatzea. 2016an ere, Errusia Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratzear izan zen, oraingo arrazoi berberagatik. Orduko hartan, ordea, NOB ez zen ausartu Errusiako ordezkaritza osoa zigortzera. Zigortu, zigortu zuen, baina ez parte hartzeko debekua zenbait kiroletara mugatu zuen bakarrik. Hala, Errusiak aurkeztutako 389 kirolariren zerrendatik 118 utzi zituen kanpoan NOBk. Atletak ziren horietatik erdiak baino gehiago, ordurako Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) Errusiari zigorra ezarri ziolako, herrialde horrek dopinaren aurkako sistema bati bide eman ziola argudiatuta.

Zer pasatu da NOBk orain neurri zorrotzagoak har ditzan? Bada, froga gehiago daudela. Horixe dio, behintzat, NOBk. Thomas Bach buru duen erakundeak bi batzorde sortu zituen preseski gaia lantzeko, eta bi batzorde horiek berretsi egin zuten aurretik Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) agindutako beste txosten batek zioena, hots, Errusiak manipulatu egin zuela dopinaren aurkako sistema. «Rioren aurretik ez genuen denbora izan prozesu justu bat egiteko, erabakiren bat hartu aurretik alde guztiak entzunda eta xehetasun guztiak aztertuta. Orain baieztatu dezakegu Errusiak olinpiar egoitza bat manipulatu zuela, Sotxiko dopinaren aurkako laborategia, eta hori eginez olinpiar ideia usteldu zutela. Inoiz ez bezalako erasoa izan zen olinpiar osotasunaren aurka». Hala arrazoitu du Bachek Errusiari ezarritako zigorra.

Errusiak dena ukatu du, eta gogor egin du NOBen aurka. Vladimir Putin presidenteak «umiliagarritzat» jo du zigorra, eta zalantzan jarri du NOBk eratutako batzordeek esandakoa, Grigori Rodtxenkov Moskuko eta Sotxiko dopinaren aurkako laborategietako zuzendari izandakoak esandakoak aintzat hartu baitituzte. Rodtxenkov AEBetan bizi da duela bi urte, egindakoa aitortu zuenetik, hain zuzen. Rodtxenkovek berak Putin jo du guztiaren arduraduntzat. «Goitik zetorren dena, presidentearengandik». «Ergel baten burutazioak dira», esan du Putinek. Hain da handia haserrea Errusian, ezen hango parlamentuko hainbat politikarik Pyeongchangeko Jokoei boikota egitera deitu baitute. Ez da halakorik izango, eta Errusiako kirolariak lehiatu egingo dira, 170 inguru. Dopinarekin inoiz nahastu gabekoak izango dira. Hori bai, olinpiar banderapean, eta errusiarrak direla adieraz dezakeen bereizgarririk gabe ariko dira. Olinpiar Atleta Errusiarra izena izango dute, eta, irabaziz gero, olinpiar ereserkia joko diete. Putinek barkamena eskatu die kirolariei, ezin izan dituelako babestu.

Olinpiar su-etena

Ez da izan politika eta kirola nahastuta egon diren gai bakarra. Izan ere, Ipar Koreak eta Hego Koreak bandera berarekin desfilatuko dute inaugurazio ekitaldian. Bi herrialde horiek 1945ean banandu ziren, eta ordutik hiru aldiz desfilatu dute bandera berarekin Olinpiar Jokoetan: 2000n, Sydneyn (Australia); 2004an, Atenasen; eta 2006an, Turinen (Italia). Ipar Koreak eta Hego Koreak bi urte daramatzate elkarrekin hitz egin gabe, eta tarte horretan tentsio une asko izan dira. Hain zuzen, tentsio hori baretze aldera hartutako neurria da biak bandera berarekin desfilatzea. Horrez gain, Seulek eta Piongiangek adostu dute emakumezkoen izotz-hockey taldea elkarrekin osatzea: hamabi jokalari herrialde bakoitzeko. NOBk begi onez ikusi du ekinaldia, eta, hori saritzeko, Ipar Koreako zortzi kirolari gonbidatu ditu lehiatzera, nahiz eta ez zeuden sailkatuta —bik besterik ez zuten ziurtatu toki bat—. Ipar Koreak 22 kirolari eramango ditu Pyeonchangera. Hego Koreak, berriz, 144. Hala ere, ikusteko dago nola doan esperimentua, Olinpiar Jokoak hasi aurretik jada hainbat tirabira eta ika-mika izan baitituzte bi herrialdeek. Ez da harritzekoa ere, bi herrialdeetako biztanle gehienek ez baitute begi onez ikusi ekinaldia, «aurkariaren aurrean belaunikatzea» dela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.