Uste dut garaiz berreskuratu ditudala nire kroseko abiadura kolpeak». Joan den asteburuan, Mathieu Van der Poelek nagusitasunez irabazi zuen Munduko Kopako azken proba Hoogerheideko zirkuituan (Herbehereak). Zortzigarren garaipena du jarraian, nagusitasun handiz irabazia. «Garaiz», bihar munduko txapeldunaren ortzadar maillota berreskuratzeko. Hura da faborito argia, eta arerioek ere hala onartu diote. Van der Poelen garaipen bat ez den edozer gauza ziklo-kros denboraldiko ezusterik handienetakoa izanen da. Wout Van Aert bera zilarrezko dominarako lehiari begira hasia da. «[Denboraldi] Hasieran bazegoen itxaropenen bat, baina orain badirudi [Van der Poel] iaz bezala ari dela».
Gaur hasiko dira Suitzako Dubbendorf hirian Ziklo-Kroseko Munduko Txapelketak. Eliteko emakumeen proba gaur jokatuko dute (15:00, Eurosport 2 eta L'Equipe), eta bihar, berriz, gizonena (15:00, Eurosport 2 eta L'Equipe).
Van Aertek aste honetan egin dituen adierazpenetan aipatu duen «itxaropen» hori sortu zen Van der Poelek berandu hasi zuelako ziklo-kros denboraldia. Irailaren bukaeran errepideko Munduko Txapelketa korritu zuen, eta asfalto gaineko denboraldia luzatu behar izan zuen. Azaroan hasi zuen lohi artekoa. Lehenbiziko lasterketa haiek ere irabazi egin zituen Van der Poelek, baina ez aitzineko denboraldi bukaerako erraztasun erabatekoarekin. Hala ere, gutxi iraun zuten nederlandarraren garaipen zailago horiek.
Belgikako liderrak
Izan ere, 25 urte bete berritan, Van der Poel marka guztiak xehatzen ari da. Denboraldi honetan lehiatu dituen 24 probetatik 23 irabazi ditu. Ronseko Hotondkrosa (Belgika) da galdu duen bakarra —hirugarren izan zen, Toon Aerts eta Eli Iserbyt belgikarren gibeletik—. 2018ko azaroaren 1etik ez zen gertatua halakorik. 35 lehiaketa jarraian zituen irabazita. «Ezin diet beti irabazi denei», erran zuen lasterketa haren ondotik. Hala ere, ordutik korritu dituen hamalauak irabazi ditu.
Iaz bezala, aurten ere Belgikako selekzioko liderrak dira Van der Poelen elastiko laranjara ahal den gehien hurbiltzeko aukera dutenak. Denboraldi honetan irabazi diotenetako batek, Aertsek, baikor izan nahi du: «Ezin da amore eman bukatu baino lehen», erran zuen Hoogerheideko probaren ondoren. Bigarren izan zen han, Van der Poelengandik 38 segundotara. 26 urteko flandriarrak baditu kontent egoteko arrazoiak, Munduko Koparen garailea izan baita. Ez du kopako proba bakar bat ere irabazi, baina hark pilatu ditu puntu gehien.
Iserbyt, Laurens Sweeck eta Van Aert dira belgikarren bertze liderrak. Van Aertek erorketa larri bat izan zuen iazko Frantziako Tourrean, eta kosta egin zaio berreskuratzea. Abendu bukaerara arte ezin izan da lehiatu ziklo-krosean. Bortz proba baino ez ditu korritu, baina horietako batean, Kasteelcrossen (Belgikan, iragan larunbatean), bigarren izan zen, Van der Poelen gibeletik. Hain zuzen, uste du bihar postu horrek piztuko duela borroka. «Irudipena dut Mathieuren gibeletik anitz dagoela lehiatzeko lehenbiziko hamarretan». Van Aertek hiru aldiz irabazi du Munduko Txapelketa (2016tik 2018ra), eta, Van der Poelek aurten irabaziko balu, berdindu eginen luke marka hori.
Cant, nederlandarren aurka
Emakumezkoetan, berriz, pronostikoak aukera gehiago ditu. Sanne Cant belgikarrak irabazi ditu munduko azkeneko hiru txapelketak, baina denboraldi honetan herbeheretarren armada hura baino azkarrago ibili da. Annemarie Worstek Munduko Kopa irabazi zuen joan den asteburuan, Hoogerheideko probaren ondoren. Sailkapeneko lehenbiziko hamarretatik bortz herbeheretarrak izan dira. Ceylin del Carmen Alvarado bigarrena da horietako bat, bertze faborito handi bat gaurko. Lucinda Brand Hoogerheideko irabazlea eta Yara Kastelijn Europako txapelduna ere dominak lortzeko hautagai nagusietakoak dira. Canten eta nederlandarren nagusitasunari aurre egin diezaieketenen artean, bi beterano nabarmendu behar dira: Katie Compton estatubatuarra eta Katerina Nash txekiarra.
Euskal herritarrei dagokienez, aurten ez da ordezkaririk egonen eliteko proba bakar batean ere. Gainerakoetan, bortz ariko dira: Xabier Murias eta Paula Suarez 23 urtez azpikoetan, eta Aitzol Sasieta, Igor Arrieta eta Sergio Carrasco gazteen mailan.
Lehia, zilarrean
Ziklo-Kroseko Munduko Txapelketak hasiko dituzte gaur Suitzan. Mathieu Van der Poelek urrea ez irabaztea denboraldiko ezusterik handienetako bat izanen litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu