Harri Handien Txapelketa plazetara itzuliko da etzi, Asteasuko pilotalekuan (12:30). Iazko hutsunearen ondoren hiru harri-jasotzailek eman dute izena: Aimar Irigoien errezildarrak, Joseba Ostolaza zestoarrak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak. Irigoien da faborito handia, hark irabazi baititu azken bost txapelak.
Iaz ez zen txapelketa jokatu, eta albiste ona da berreskuratu izana. 2011n lau harri-jasotzailek eman zuten izena, baina arazo fisikoen erruz, Unai Bertizek eta Telleria II.ak uko egin behar izan zioten parte hartzeari, eta arautegiaren arabera, hiru lehiakide behar dira gutxienez txapelketa jokatzeko. Aurten ozta-ozta osatu dute gutxiengo kopurua. 2010ean lau parte hartzaile egon ziren, eta 2009an, bi: Ostolaza eta Irigoien.
Bi horiek dira azken urteetan txapelketako izenak. Irigoienentzat (26 urte) zortzigarren txapelketa da eta azken bost aldietan berak jantzi du txapela. 2008an txapelketako marka ondu zuen 9.650 kilo jasota. Ostolazarentzat (39 urte), berriz, hamazazpigarren parte hartzea da, eta lau aldiz irabazi du: 2002, 2003, 2004 eta 2005. Txapela jantzi zuen aurrenekoan lortu zuen markarik onena, 8.850 kilo jasota. 2010ean txapeldunorde izan zen, baina Irigoienen markarengandik urrun: 8.675 eta 7.250 kilo altxatu zituzten, hurrenez hurren. Eizmendi da txapelketako berritasuna (28 urte). Aurkariak baino gutxiago aritua da eta aurtengoa du lehen parte hartzea txapelketan. Erreferentzia gisa, aurten txapeldunorde izan da Gorostidi Igeldoko Harrien txapelketetan.
Lanei dagokienez, betikoak izango dira. Hiruna minutuko txandak egin beharko dituzte 125 kiloko bolarekin, 150 kiloko kubikoaren, 175 edo 200 kiloko zilindroarekin eta 175 edo 200 kiloko laukiluzearekin. Parte hartzaile bakoitzak hautatuko du zilindro eta laukiluzearen pisua, baina ezingo dira izan pisu berekoak.
Lehia astuna itzuli da
Iazko hutsunearen ondoren, etzi jokatuko da Harri Handien Txapelketa, Asteasun, eta Irigoien da faborito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu